Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Maria Fernanda Di Giacobbek irabazi du Basque Culinary World Prize

2016.eko uztailak 11
  • Venezuelako txokolatearen sustatzaile ospetsua da, eta landa-komunitateetan kakao kreolearen inguruan egituraturiko hezkuntza, trebakuntza, ekintzailetza, ikerkuntza eta garapen sareagatik nabarmendu da. Kakao kreolea, hain zuzen, nortasun, kultura eta aberastasun iturri da komunitate horientzat.

 

  • Irabazleak 100 € jasoko ditu, bere aukerako proiektu bati emateko, kontuan hartuta proiektu horrek sukaldaritzaren botere eraldatzailea adierazi behar duela.

 

  • Sukaldetik harago gastronomiak gizartean duen eragina ondoen adierazi duen pertsona aukeratu du epaimahaiak. Munduan eraginik handiena duten chefak egon dira epaimahaian, baita beste jakintza-arlo batzuetako nazioarteko adituak ere.

Maria Fernanda Di Giacobbe izendatu dute gaur Basque Culinary World Prize sariaren irabazle. Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako sari horrek ekimen eraldatzaileak bultzatzen dituzten chefak aitortzen ditu, Euskadi Basque Country estrategiaren esparruan.

Mariaren lanak era nabarmenean jartzen du agerian gastronomiak izan duen bilakaera, chef belaunaldi batek bere lanbidearen dimentsioa biderkatu eta, sukaldaritzaz harago, gizartea garatzen laguntzeko aukera zuela ulertu ondoren.

Di Giacobbe Venezuelako txokolatearen sustatzaile ospetsua izanik, Kakao eta Cacao de Origen bezalako proiektuengatik aukeratu dute saridun. Proiektu horien bidez, hezkuntza, trebakuntza, ekintzailetza, ikerkuntza eta garapena sustatzen dituen sarea sortu du kakao kreolea ekoizten duten komunitateetan, horixe baita haien nortasunaren, kulturaren eta aberastasun ekonomikoaren iturria.  Venezuelako egoera politikoa zaila bada ere, egoera ekonomiko ahulean dauden emakumeei aukerak eskaintzen saiatzen da; hala, emakume horiek trebatu eta txokolatearen mikroenpresari bihurtzen ditu. 

Horrenbestez, 100.000 € jasoko ditu, berak aukeratzen duen proiektu bati emateko, kontuan hartuta proiektu horrek sukaldaritzaren botere eraldatzailea adierazi behar duela

Erabakia gaur jakinarazi dute Balentziaga Museoan, Getarian, joan den igandean, uztailaren 10ean, munduko chefik garrantzitsuenetako batzuek eta elikagaien alorrari lotutako adituek osatutako epaimahaia bildu eta gero. Celler de Can Rocako (Espainia) Joan Rocaren lehendakaritzapean, epaimahaiak ospe handiko hainbat chef bildu ditu: Ferran Adrià (Espainia), Dominique Crenn (Estatu Batuak), Heston Blumenthal (Erresuma Batua), Massimo Bottura (Italia), Michel Bras (Frantzia), Yoshihiro Narisawa (Japonia) eta Enrique Olvera (Mexiko). Horietaz gain, baina, elikagaien alorreko nazioarteko adituak ere izan dira epaimahaian, hala nola Harold McGee idazle eta ikertzaile estatu batuarra eta Massimo Montari elikaduraren historiako aditua. Eta, gainera, Laura Esquivel idazle mexikarra, Como Agua para chocolate liburu ospetsuaren egilea eta Cristina Franchini, Nazioarteko Legean eta Ekintza Humanitarioan aditua eta ACNUR  Iheslarientzako Nazio Batuen goi komisarioa.

Basque Culinary World Prize saria 2016ko otsailean jarri zen abian, gastronomia indar eraldatzailea bihur daitekeela frogatzen dituzten adibideak aitortu eta bikaintasun-bokazioa duten ekintzaileen lana azpimarratzeko helburuarekin: jende berritzaile eta sortzailea, ekinekoa, joera nagusiez at ibiltzen eta arriskuak hartzen ere badakiena; baina, batez ere, gizartearekin konprometitutako pertsonak. Izan ere, aitzindariek jorratutako bidea ospatzeko ere sortu zen: besteak beste, Alice Waters eta Dan Barber Estatu Batuetan, Claus Mayer eta René Redzepi Danimarkan, Jamie Oliver eta Heston Blumenthal Erresuma Batuan, Gastón Acurio Perun eta Massimo Bottura Italian.

“Irabazleak agerian jarri du sukaldaritzak urratsa eman dezakeela zientziatik kontzientziara. Kakaoa bezalako sinbolo gastronomiko baten inguruan ahaleginak egituratzen ditu, eta horiek eragin positiboa dute txokolatearen produkzio-kate osoan. Testuingurua zaila bada ere, gastronomiak izan dezakeen boterea islatzen duen adibide eredugarria da. Izan ere, chefek eragin handia izan dezakete”, adierazi du Joan Rocak, epaimahaiko lehendakariak.

Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuorde Bittor Orozek esan duenez, “Euskadiko gastronomiaren ezaugarriek argi erakusten dute munduan zer izan nahi dugun eta Euskadi Basque Country gisa zer proiektatu nahi dugun. Hain zuzen ere, nortasuna, berrikuntza, ekintzailetza, tradizioa, egiten jakitea eta, nola ez, kalitateko produktuak bereizgarri dituen herrialdea”.

Bestalde, Joxe Mari Aizegaren, Basque Culinary Centerreko zuzendariaren, arabera, “Ekitaldi honen bidez gastronomiak gizartea garatzen lagun dezakeela erakusten diguten lekukotasun inspiratzaileak eskaini nahi genituen. Izan ere, irabazlea horren adibide argia da, gaur egun sukaldari izateak ekar dezakeen arduraren eta zentzuaren eredua. Munduan dauden sari ugarien artean, Basque Culinary World Prizek ekintza zehatz eta eraldatzaileak saritzen ditu, chefaren maila edo ospea kontuan izan gabe. Horregatik izan da hain zirraragarria”.

Otsaila eta apirila bitartean, 30 herrialde inguruko 110 hautagaitik gora izendatu dituzte Basque Culinary World Prizerako, sariketaren webgunearen bidez. Ondoren, Arzak jatetxeko Elena Arzak chefak zuzendu eta hainbat unibertsitateko adituek osatutako batzorde teknikoak 20 finalista izendatu zituen, epaimahaiak horien artean aukera zezan sariduna:

Alberto Crisci (Erresuma Batua), Alicia Gironella (Mexiko), Ángel León (Espainia), Ann Cooper (Estatu Batuak), Carlos Zamora (Espainia), Daniel Boulud (Frantzia/Estatu Batuak), David Hertz (Brasil), Gabriel Garza (Mexiko), Jessamyn Rodriguez (Kanada / Estatu Batuak), José Andrés (Espainia/Estatu Batuak), Joshna Maharaj (Hegoafrika/Kanada), Leonor Espinosa (Kolonbia), Manoela Buffara (Brasil), Margot Janse (Holanda), Maria Fernanda Di Giacobbe (Venezuela), Massimiliano Alajmo (Italia), Nani Moré (Espainia), Rodolfo Guzmán, (Txile), Teresa Corçao (Brasil). Eta, azkenik, Kamilla Seidler (Danimarka) eta Michelangelo Cestari (Venezuela) hautagaitza bakarrean), elkarrekin Bolivian egindako lanagatik.

Editoreentzako oharra:

  • Hezkuntza, trebakuntza, ekintzailetza, ikerkuntza eta garapena sustatzen dituen sarea sortu du Di Giacobbek kakao kreolea ekoizten duten komunitateetan, horixe baita euren nortasunaren, kulturaren eta aberastasun ekonomikoaren iturria. Venezuelako egoera politikoa zaila bada ere, egoera ekonomiko ahulean dauden emakumeei aukerak eskaintzen saiatzen da; hala, emakume horiek trebatu eta txokolatearen mikroenpresari bihurtzen ditu (700 emakume inguru ari dira kakaoaren inguruko mikronegozioetan). Gozogintza-lantegien bidez, 8.500 bat pertsonari eman die prestakuntza. Era berean, Simón Bolivar Unibertsitatea sortu ondoren, hari esker 1.500 lagunek lortu dute “Kakao Industriaren Kudeaketa” diploma (ikasleen % 94 emakumezkoa da).  18 komunitate eta 60 ekoizle atxiki zaizkio Cacao de Origen proiektuari. Horren bidez, kakaoa ekoitzi, ondu eta merkaturatzeko prozesuak hobetu dituzte, jatorri-deiturarekin esportatzeko Bean to bar mugimenduarekin bat egin duten mundu zabaleko maisu txokolategileei.
  • Saria Basque Culinary Centerrek (BCC) eta Eusko Jaurlaritzak antolatu dute Euskadi-Basque Country Estrategiaren esparruan. Herrialde-marka horrek EAEko erakundeen babesa eta partaidetza du eta Euskadi sustatzea du helburu, berezkoak dituen balioetan oinarrituta: ahaleginaren kultura, konpromisoa, gainditzeko gaitasuna, eraldaketarako bokazioa eta emakume eta gizonen arteko aukera-berdintasuna.
  • Finalistei eta sariei buruzko informazio gehiago lortzeko
Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Transparent_Red
    2016.eko uztailak 11

    Comentario de Twitter:
    [SARIA] Maria Fernanda Di Giacobbek irabazi du Basque Culinary World Prize https://t.co/lT62RfRzju ... https://t.co/xgEm4My4kY @Irekia

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)