Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Gobernu Kontseiluak Donostiako Eremu Funtzionaleko (Donostialdea-Bidasoa Behera) Lurralde Plan Partziala onartu du (Gobernu Bilera 2016-07-27)

2016.eko uztailak 27

Gobernu Kontseiluak behin betiko onarpena eman dio Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Behera) Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partzialari. Horrek, biztanleria handiagoa, garraiobide gehiago eta kokapen estrategiko bikaina dituen Gipuzkoa baten lurralde antolakuntza egokia ahalbidetuko du.

 

Ana Oregi sailburuaren esanetan, “onartutako dekretuak Gipuzkoa osoan dentsitate demografikorik handiena duen eremu funtzionaleko antolakuntza jorratzen du. Aipatu eremuak berebiziko garrantzi estrategikoa eta logistikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan eta bere inguruan, penintsularen eta beste Europa guztiaren eta Atlantikoko korridore guztiaren arteko lotura baita”.

 

Dekretuak dagoeneko eraikia dagoen hiriaren eraberritzea lehenesten du hiria handitzearen aurrean eta etxebizitza-kopuruaren inguruan orain arte egin diren hazkunde-aurreikuspen guztiak behetik berrikusi ditu; hori guztia, hiriaren hazkundeak naturan izan dezakeen eragina murrizteko eta lurraldearen antolamendu jasangarria bermatzeko. Halaber, ingurune fisikorako, parke periurbano ezberdinak egitea proposatzen du LPPk.

 

“Beren natura-balioengatik babes berezia merezi duten espazioek duten lurralde-garrantzia nabarmentzen du Lurralde Plan Partzialak, landa-habitatak sendotzeko funtsezkotzat hartzen diren zenbait arlo sartuz aipatuetan, eta antolamendu-figura berri bat barne hartuz eremu funtzionalean dauden izaera estrategikoko nekazaritza eta abeltzaintzako eremuak seinalatzeko, erreserba agrologikoen lurralde-estrategia baten ezarpena sustatuz honela”, azaldu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik.

 

Lurralde Plan Partzialak arlo estrategiko ezberdinak zehaztu ditu, datozen urteotan aktiboenak izango diren eremuak seinalatuz. Erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa da aipatuen garapenerako eta, ondorioz, eremu funtzionalean ematen diren arloko behar ezberdinak barne hartuko dituen udalerriz gaindiko hirigintza-instrumentu bat garatzeko beharra ezartzen da. Eremu funtzionalak barne hartzen dituen arlo estrategikoak ondokoak dira: Txingudi, Pasaiako Badia, Lezo-Gaintxurizketa Korridorea, Lasarte-Oria, Zubieta eta Arrizetako gainak eta Urumearen Ibai-korridorea

 

Hiri-baldintzez eta baldintza fisikoez gain, populazio-dentsitate handia duen eremu funtzionalak eremu funtzional osoaren komunikazio-azpiegitura guztiak eta Atlantikoko korridoreko komunikazioak osatzen dituzten azpiegiturak hartzen dituen korridorea da ere. LPPk, honela, arloko beharrak barne hartzen ditu eta, mugikortasunari dagokionean, honako gai hauei inguruko proposamenak egiten ditu: oinezkoentzako eta txirrindularien mugikortasuna, bide-azpiegiturak, ADIF, NRFV eta Euskotreneko trenbide-azpiegiturak, Pasaiako Portuko itsasoko komunikazioak eta Hondarribiko aireportu bera.

 

Garapen jasangarria

Lurraldea antolatzeko dokumentu hau ezinbestekoa da eremu funtzionalaren garapen jasangarria bermatzeko datozen bi hamarkadetan. Halaber, udal antolamendu planak eta beste lurraldearen arloko plan guztiak eremu funtzional osorako finkaturiko estrategian oinarrituta egitea ahalbidetuko du.

 

Donostiako Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partzialak aipatu eremua osatzen duten 13 udalerrien lurralde-planifikazioa oinarrituko duten arauak xedatzen ditu. Ondokoak dira udalerriak: Andoain, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbil. Dokumentuak antolatzen duen eremuak 376 km²-ko azalera dauka, 400.000 lagun pasatxo bizi direlarik bertan.

 

Lurralde Plan Partzialaren idazketa 1992. urtean hasi zen, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko ekimen baten bidez, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoari dagozkion beste bost Lurralde Plan Partzialak ere hartzen zituen prozesu bateratu baten baitan. Lurralde Plan Partzial Berria Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari Buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluak dioenari jarraiki gauzatu den formulazio- eta izapidetze-prozesu luze baten ondorio da.

 

Lurralde Plan Partzialak lurralde-eredu bat zehazten du eta eredu hori osatzen duten arloko osagai ezberdinen arteko antolakuntza- eta koordinazio-arau eta printzipioen bidez, datozen hamasei urteotan Eremu Funtzionalaren lurralde-garapen orekatua eta jasangarria bermatuko duen erreferentziazko markoa finkatzen du.

 

Ingurune fisikoaren antolakuntzaren bidezko natur gunearen babesa eta balioan jartzea Planean zehazturiko lurralde-ereduaren oinarrietako bat da. Ekipamendu eta espazio libreei dagokienean, Planak egun dagoen sarea sendotu eta finkatu nahi du, hiri-gunean egun dauden dotazioen bultzatzea ahalbidetuz, biziberritze edo birmoldaketa prozesuak bizi dituzten inguruetan bereziki; ingurune fisikoari loturiko horiek, antolakuntza-figuren bidez (parke periurbanoena esaterako); edo izaera estrategikoko inguruetarako ekipamendu berriei zuzenduriko erreserbak.

 

Mugikortasun jasangarriaren aginduei jarraiki, garraiobide ezberdinak (oinezkoek eta bizikletak, trenbide-sarea, portu- eta aireportu-azpiegiturak) era integratuan barne hartzen dituen planteamendu bakarra egiten du, arloko administrazioak hiri- eta lurralde-garapenarekin koordinatzeko proposamena eginaz.

 

Etxebizitzari dagokionean, Planak egungo hiri-ehunen probetxamendua lehenesten du, hirigintza arloko biziberritze- eta birmoldaketa-prozesuak sustatuz lurzoru berriak okupatu beharrean.

 

Jarduera ekonomikoei dagokienean, Jarduera Ekonomikoetarako eta Merkataritza-ekipamenduetarako Lurzorua Sortzeko Lurraldearen Arloko Planak udalerri ezberdinetarako zehaztu zuen kategorizazioa bere egiten du Planak; biziberritzea funtsezko garapen-erreminta izango dituzten inguruak eta jarduera ekonomiko edo logistikoetarako estrategia-polo berriak garatu ahal izateko lehentasunezko kokapen direnak xedatzen ditu ere. 

 

“Izaera estrategikoa duten Inguruak” zehazten ditu Planak: etorkizun hurbilean azpiegitura-eraldatze eta hiri-berrantolaketa prozesu handienak hartuko dituzten hiri-eszenatokiak izatea da beren arteko ezaugarri komuna.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)