Berriak Segurtasuna
Eu

1.778.776 boto-emailek erabili ahal izango dute botoa emateko eskubidea irailaren 25eko hauteskundeetan

2016.eko abuztuak 02

Erabilgarri dago www.hauteskundeak.eus web-gunea, hauteskunde-prozesuari buruzko informazio guztia duen web-gunea

1.778.776 euskal herritarrei hauteskundeetara deitu diete datorren irailaren 25ean. Eusko Legebiltzarraren hurrengo legegintzaldirako legebiltzarkideak hautatzeko aukera izango dute. 115 pertsonek osatuko dituzte Hauteskunde Batzordeak (zentrala, autonomia-erkidegokoa, lurralde historikokoa eta eskualdekoa), eta pertsona horiek arduratuko dira gaur, asteartea, abian jartzen den prozesuaren funtzionamendu ona gainbegiratzeaz. Gaur EHAAn hauteskunde-deialdia argitaratzearekin hasten den prozesuari, segur aski, azaroaren erdialdean emango zaio amaiera, Legebiltzar berria osatzearekin. Segurtasun Saileko Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzak gaur jarri du abian www.hauteskundeak.eus web-gunea. Prozesu osoaren informazioa biltzen da webgune horretan.

www.hauteskundeak.eus

Gaurtik, asteartetik, erabilgarri dago www.hauteskundeak.eus web-gunea eta, hartara, herritarrek eskuragarri dute irailaren 25eko hauteskunde-deialdiari buruzko informazio guztia. Atari horretan kontsultatu ahal izango da Eusko Legebiltzarra berritzeko gaur abian jartzen den prozesuaren hainbat alderditako askotariko informazioa.

Web-gunearen  atalik adierazgarrienak dira prozesuaren egutegia, bozkatzeko eta postaz bozkatzeko prozedurak, hauteskunde-gida, mahaikideentzako gida eta inprimaki elektronikoak. Barnean hartzen dira, halaber, bozkatzeko garaian sor daitezkeen prozedurari buruzko zalantzak modu atseginean eta grafikoan argitzeko aukera emango duten urratsez urratseko gidak, baita Galderak eta Erantzunak atala ere, boto-emaileei sortzen zaizkien zalantza nagusiei erantzuteko.

Halaber, web-guneak Twitter kontuarekin (@hauteskundeak) lotzeko aukera ematen du. Izatez, kontu horretan ia denbora errealean emango dira hauteskunde-prozesuari buruzko albisteak eta datu interesgarriak. Herritarrek 012 telefonoa ere erabili ahal izango dute, bertan kontsulta pertsonalizatuak egiteko. 

Hautesle-errolda

Hurrengo irailaren 25ean, Euskal Autonomia Erkidegoko 1.778.776 gizonek eta emakumek hautatu ahal izango dituzte hurrengo legegintzaldian legebiltzarrean haien ordezkari izango diren 75 pertsonak.

2012ko Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetako erroldarekin alderatuta, erroldan dauden pertsonen kopurua zertxobait handiagoa da oraingoan, 2012an 1.775.750 balizko boto-emaile ziren-eta. Edonola ere, erroldaren bilakaera desberdina izan da hiru Lurralde Historikoetan: Bizkaian lau mila boto-emaile gutxiago dira (949.704tik 945.179ra), eta Araban eta Gipuzkoan antzeko proportzioan gehitu da boto-emaileen kopurua (Araban 250.708tik 254.013ra gehitu dira eta Gipuzkoan 575.338tik 579.584ra).

Era berean, atzerrian bizi diren eta bozkatzeko eskubidea duten pertsonen kopurua nabarmen gehitu da, 56.140tik 68.878ra.

Iraileko hauteskundeetan parte hartuko duten hautagai-zerrendetako datuak hurrengo asteetan zehaztuko dira, baina jada zehaztuta daude prozesu osoak ondo funtzionatzen duela zaintzeaz arduratuko diren Hauteskunde Batzordeak.  

Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordea da erakunde arduradun gorena, eta hiru Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeetan eta beste hamar Eskualdeko Hauteskunde Batzordeetan oinarrituko da. Legelariek eta epaileek osatuko dituzte, funtsean, batzorde horiek.

Bozkatzeko zentroak

Orain abian jartzen den prozesurako aintzat hartzen diren kopuruak Eusko Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetako esperientzian oinarritzen dira, eta ez da horietatik oso urrun egongo. 2012an, guztira 758 lokaletan eman ahal izan zuten botoa boto-emaileek (106 Araban, 343 Bizkaian eta 309 Gipuzkoan), eta guztira 2.778 mahaia izan ziren. 8.334 herritarrek osatu zituzten hauteskunde-mahaiak, eta horiei beste 16.668 ordezko gehitu behar zaizkie. Herritar horiek arduratu ziren guztia behar bezala bideratzeaz. Hauteskunde-administrazioak betebeharren eta egitekoen funtsezko alderdiak zehatz-mehatz azaltzen dituzten 34.000 eskuliburu banatu zituen.

Bestalde, bozkatzeko zentroen irisgarritasunari dagokionez, botere publikoek arreta berezia jarriko diote desgaitasunak dituzten pertsonek gainerako herritarren baldintza beretan botoa eman ahal izateari. Ildo horretan, hauteskunde hauetan, eta berritasun  gisa, entzuteko desgaitasuna duten eta hauteskunde-mahaikide suertatzen diren pertsonek zeinu-hizkuntzako interpreteen laguntza izango dute, hala nahi badute.

Hauteskunde-prozesuaren urrats nagusiak

Gaur EHAAn deialdia argitaratu ondoren, hurrengo hamar egunetan hasiko dira prozesuaren lehen urratsak egiten. Abuztuaren 3tik 10era bitartean, alderdi politikoek Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen aurrean hautagai-zerrendetako ordezkari nagusi izango diren pertsonak izendatu beharko dituzte, eta hurrengo egunetan izendatu beharko dituzte hautagai-zerrendak barruti bakoitzean ordezkatuko dituzten pertsonak, administratzaile orokorrak, ahaldunak, artekariak eta abar.  

Deialdia egiten den une beretik kanpainaren hasiera ofizialera bitartean, debekatuta dago hauteskundeetarako propaganda egitea txartel bidez, merkataritza-euskarri bidez edota hedabideetan. Aldi berean, udalek hauteskunde-propagandarako eta hauteskunde-egintzetarako erabili beharko diren lekuak eta espazioak izendatzeko epea irekitzen da.

Posta bidez bozkatu nahi dutenek gaurtik, asteartea, irailaren 15era bitartean eskatu ahal izango dute posta bidez bozkatzeko aukera. Atzerrian modu iraunkorrean bizi diren eta bozkatu nahi duten pertsonek abuztuaren 2tik 27ra bitartean eskatu ahal izango dute. Halaber, gaur hasten da braillen bozkatzeko aukera eskatu nahi dutenentzako epea.

Abuztuaren 8tik aurrera izango da ikusgai hauteskunde-errolda udaletan eta kontsulatuetan, eta egun horretan zabalduko da arlo horretako erreklamazioak egiteko epea. Egun horretan bertan emango dira argitara hiru Lurralde Historikoetako Aldizkari Ofizialetan hauteskundeetarako sekzioak, lokalak eta mahaiak.

Abuztuaren 27tik 31ra bitartean, hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten pertsonak izendatzeko zozketak egingo dira. Irailaren 1etik 3ra bitartean jakinaraziko zaie izendapena mahaiak osatuko dituztenei, eta argibideen eskuliburuak emango zaizkie.

Abuztuaren 30ean EHAAn argitaratuko dira hauteskundeetan parte hartuko duten hautagai-zerrendak.

Irailaren 9an hasiko da modu ofizialean hauteskunde-kanpaina, eta irailaren 23ra arte luzatuko da, irailaren 25eko hauteskundeen aurreko gogoeta-egunaren bezperara arte, hain zuzen ere. Bozketaren egunean, mahaiak goizeko bederatzietan zabalduko dira eta arratsaldeko zortzietan itxiko dira, une horretan emango zaio hasiera emaitzak zenbatzeari.

Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeek zenbaketa orokorra irailaren 30etik urriaren 3ra bitartean egingo dute, eta kargu hautetsiak urriaren 8aren eta 13aren artean aldarrikatzea aurreikusten da. Errekurtsoak jartzeko epe guztiak amaitu ondoren, emaitzak behin betiko argitaratuko dira EHAAn, eta hori urriaren 15aren eta 20aren artean izango da. Legebiltzarra azaroaren erdialdean osatzearekin emango zaio hasiera, modu ofizialean, legebiltzarreko hamaikagarren legegintzaldiari.

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko informazio guztia hemen: www.hauteskundeak.eus

 

 

 

 
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko