Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek Maria Fernanda Di Giacobberi eman diote Basque Culinary World

2016.eko irailak 08

Donostiako San Telmo museoan egin dute arratsaldean Basque Culinary World Prize saria emateko ekitaldia. Ekimen eraldatzaileen bultzatzaile diren sukaldariak nabarmentzea du xede Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako sariak, Euskadi-Basque Country estrategiaren esparruan.

Agintari eta pertsona ospetsuak bildu dituen ekitaldian, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak eman dio saria Maria Fernanda Di Giacobbe chef venezuelarrari. Irabazleak 100 mila euroko saria jaso du, gastronomiaren indar eraldatzailea islatzen duen proiektu batera bidera dezan.

Arantxa Tapiaren esanetan, “saria Basque Country estrategia integralaren barruan kokatuta dago. Gure alderdi sendoak eta berezitasunak abiapuntutzat hartuta, herrialde-marka horrek aktore global, bikaintasunaren eredu, bizi-kalitatearen eta gizarte-kohesioaren eredu eta herrialde berritzaile eta lehiakor gisa agerrarazten gaitu. Euskal gizarteak partekatzen dituen balioak, hala nola, ahaleginaren kultura, konpromisoa, hobetzeko gaitasuna, eraldaketarako bokazioa eta emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna, Euskadiren irudiarekin lotu eta nazioartean gure aurkezpen-txartela izan daitezen lortu nahi dugu”.

Munduko chef garrantzitsuenetako batzuk bildu dituen epaimahaiak, El Celler de Can Rocako (Espainia) Joan Rocaren lehendakaritzapean, Di Giacobbe hautatu du 20 finalisten artean. Kakaoaren inguruan egituratu duen hezkuntzako, ekintzailetzako eta ikerketa eta garapeneko sarea saritu nahi dute horrela, izan ere, kakaoa nortasun-, kultura- eta aberastasun-iturri baita Venezuelan. Ildo horretan, ekonomikoki egoera ahulean diren emakumeei aurrera egiteko aukerak eskaini dizkie, trebatuz eta txokolatearen inguruko mikroenpresari bilakatuz.

Sariari esker etorkizuna orainaldi bilakatuko dugu, Caracasen Cacao de Origen Emprendedores eskola abian jartzeko baliatuko baitugu. Milaka emakumeren indarrari laguntza emango diogu horrela. Emakumeok sortutako mugimendu horren bidez hezkuntza- eta komunikazio-sarea eratu da herrialde osoan. Sare horrek gure kakao-hazietan den herentzia aitortzen du, eta gure duintasuna, nortasuna eta kultura berreskuratu ditu txokolatearen inguruko lanbidearen bitartez. Lanean jarraituko dugu pozik, inspiratuta eta eskertuta”, adierazi du saridunak ekitaldian.

Basque Culinary Centerren Nazioarteko Batzordeko kide diren hainbat sukaldarik hartu dute parte sariduna aukeratzeko lanean, besteak beste, Ferran Adriàk (Espainia), Dominique Crennek (Estatu Batuak), Heston Blumenthalek (Erresuma Batua), Massimo Botturak (Italia), Yoshihiro Narisawak (Japonia) eta Enrique Olverak (Mexiko). Horiekin batera epaimahaikide izan dira Harold McGee ikertzaile estatubatuarra, Massimo Montari Elikaduraren Historian aditua, Laura Esquivel idazle mexikarra eta Cristina Franchini, Nazioarteko Legean eta Ekintza Humanitarioan aditua eta ACNUR Iheslarientzako Nazio Batuen goi komisarioa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)