Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Euskal ekonomiaren hobekuntzari esker, erakundeen diru-bilketa iaz baino % 9,3 altuagoa izango da

2010.eko urriak 14

Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek 2010eko diru-bilketa gutxi gorabehera 11.800 milioi eurotan ixteko akordioa lortu dute, eta 2011ra begira, diru-sarreren estimazioa 12.500 milioi eurokoa da, alegia, aurten baino % 6 altuagoa

Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburua eta hiru foru diputatuak, hots, José Luis Bilbao, Markel Olano eta Xabier Agirre, Dirubideen Euskal Kontseiluan bildu dira 2010eko diru-bilketa eta 2011rako diru-sarreren aurreikuspena ixteko. Batean zein bestean nabaritu da euskal ekonomiaren hobekuntzaren onura, baita zerga-arloko esparru jakin batzuetan egon diren aldaketen eragina ere, esate baterako, 400 euroen kenketa zati batean kendu izanarena eta BEZaren eta kapital higigarriaren atxikipenaren igoerarena. Carlos Aguirrek azpimarratu du akordioaren arabera, diru-bilketaren aurreikuspena estimatutakoa baino 425 milioi euro gehiagokoa dela eta aldundiek Eusko Jaurlaritzara egingo dituzten ekarpenak osotara aurrekontuetan jasotakoa baino 448 milioi gehiagokoak direla.

Euskal ekonomiaren egoeraren hobekuntzaren ohiko adierazleez gain, gaur Eusko Jaurlaritzaren Dirubideen Euskal Kontseiluak hartu duen erabakia ere gailentzekoa izan da. Hiru ordu baino gehiago iraun duen bilera batean, euskal erakundeek 2010erako diru-bilketa gutxi gorabehera 11.800 milioi eurotan itxi dute, hortaz, kopurua iazkoa baino % 9,3 altuagoa da. Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuaren hitzetan, diru-bilketak izan duen igoera hori azken hilabeteotan “ekonomia jarduerak hobera” egin duelako eta zerga-arloko esparru jakin batzuetan egon diren aldaketen ondorioz gertatu da, hau da, 400 euroen kenketa zati batean kendu delako, BEZaren eta kapital higigarriaren atxikipenaren igoeragatik eta Rober kasuagatik.

Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta hiru foru diputatuek, hots, José Luis Bilbao, Markel Olano eta Xabier Agirrek, gaur eguerdian Lakuan (Gasteiz) egin den prentsaurrekoan eman dituzte erabaki horren inguruko xehetasunak.

Bestalde, Kontseiluan Finantzaketarako Abal Publikoak Emateko Plan Berezia ebaluatu da. Programaren egoerari buruzko daturik esanguratsuenak honakoak dira: 2009an 5 proiekturentzako (8 enpresa) abalak eman ziren -guztira 38.980.692 euro- eta guztira formalizatu direnei 33.897.528 euro dagozkie.

2010ean, orain arte, 7 proiekturentzako (7 enpresa) abalak eman dira, guztira 74.663.900 euro dagozkie, eta horietatik formalizatu direnei 59.375.600 euro dagozkie.

12 proiektu horiek (15 enpresa) zuzenean daude lotuta 172 enpresaren jarduerarekin eta horien negozio zifra osotara 4.503,2 milioi eurokoa da eta 11.389 langileri ematen diete lana. Horrez gain, euskal ETEei dagokienez, enpresa horiek 860 milioi euro inguruko kontratazio bolumena eragiten dute, ondorioz, beste 1.950 enpresaren jarduera finkatzen dute eta beste 16.500 pertsonari ere lana ematen diete.

Aguirre sailburuak azaldu du Jaurlaritzarekin “hasierako akordio” bat lortu dela aldundiek Zapateroren defizitaren egokitzapen planen eragina jasan ez dezaten, eta euskal udalen autonomia errespetatuko denez, ez dute neurri horren eragina jasango. Nolanahi ere, gai hori Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan itxiko da, baina haren bileraren eguna ez da zehaztu oraindik.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Carlos Aguirre