Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskadin hamar gaztetik lauk egunero erabiltzen dute garraio publiko kolektiboa

2016.eko irailak 20

Europako Mugikortasun Astea irailaren 16tik 22ra arte ospatzen dela-eta, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko gazteen artean garraio publiko kolektiboaren erabilerari buruzko datuak aurkezten ditu.

Aurten, 2016an, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 39,8k diote garraio publiko kolektiboa (autobusa, trena, metroa, tranbia…) egunero edo ia egunero erabiltzen dutela. Portzentaje hori 2012an jasotakoa baino handiagoa da, ordukoa % 37,2 baitzen.

Bestalde, portzentaje horri garraio publiko kolektiboa astean hiru edo lau egunetan erabiltzen dutenena gehitzen badiogu, ikus dezakegu gazteen erdiak (% 50,8) normalean garraiobide hauetakoren bat erabiltzen duela ohiko joan-etorrietan. 

Orain taldeen arteko ezberdintasunak aztertuko ditugu, eta horretarako kontuan hartuko ditugu ohiko joan-etorrietan garraio publiko kolektiboa egunero edo ia egunero erabiltzen dutenak.

Oro har, neskek mutilek baino kopuru handiagoan erabiltzen dute garraio publiko kolektiboa (% 44,8 eta % 35,0 hurrenez hurren).

25 urtetik beherakoek adin horretatik gora daudenek baino neurri handiagoan erabiltzen dute garraio publiko kolektiboa: 15 eta 19 urte bitartekoen artean % 46,8k egunero edo ia egunero erabiltzen dute eta 20 eta 24 urtekoen artean % 45,9k, baina 25 eta 29 urte bitartekoen artean portzentajea % 29,0ra jaitsi egiten da.

Aipatzekoa da, puntu honetan, 25 urtez azpikoen artean gehienak ikasleak direla eta horiek, askotan, garraio kolektiboa izaten dutela ikasketa zentrora joan ahal izateko, alde batetik, eta bestetik, ez dutela diru-sarrerarik izaten beren auto propioa izateko (eta 18 urtetik beherakoen kasuan ezta gidatzeko adinik ere). 25 eta 29 urte bitartekoen artean, aldiz, gehienak lanean daude, eta auto propioa erosteko aukera izateaz gain, sarritan ez dute ibilgailu propioa erabiltzea baino beste aukerarik lanera joateko. Hori argi ikusten da analisia zeregin nagusiaren arabera egiten denean: ikasleen % 48,8k garraio kolektiboa erabiltzen dute egunero edo ia egunero eta lanean dabiltzanen artean ehuneko hori % 29,1ekoa da. 

Gazteak bizi diren lurraldeak ere alde esanguratsuak adierazten ditu. Bizkaia da garraio publiko kolektiboa erabiltzen duten gazte kopuru handiena duen lurralde historikoa (% 46,3k, hain zuzen ere). Bizkaian metroa izatea eta garraiobide hori lurraldeko herri jendetsuenetara heltzea izan daiteke lurralde honetan garraio publikoa gehiago erabiltzearen azalpenik logikoena. Gipuzkoan portzentajea % 37,4ra jaitsi egiten da eta Araban are jaitsiera handiagoa nabaritzen da, bertako gazteen % 23,1ek erabiltzen baitute garraio publikoa. Hala ere, aipatzekoa da Arabako gazteek beste garraiobide jasangarria aukeratzen dutela askotan, egunero bizikleta erabiltzen duten gazteen portzentajerik handiena Araban jasotzen baita (*).

Gazteak bizi diren udalerrien tamainaren arabera ere aldeak aurki ditzakegu. Zenbat eta udalerri txikiagoan bizi, orduan eta gazte gehiagok erabiltzen dute garraio publiko kolektiboa, seguraski beste herrietara joan behar izango dutelako ikasteko edo lan egiteko. Horrela, ikus dezakegu 10.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan gazteen % 43,0k erabiltzen dutela garraio publikoa egunero edo ia egunero, 10.000 biztanle baino gehiagoko herrietan % 40,7k eta Euskadiko hiriburuetan % 37,0k.

Aurkeztutako datuak Gazteen Euskal Behatokiak eginiko inkesta baten emaitzak dira. Inkesta horretan Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen lagin adierazgarria elkarrizketatu zen. Lagin hori 1500 gaztek osatu dute (750 gizon eta 750 emakume) eta inkestan gai honi eta beste hainbat gairi buruz galdetu zitzaien 2016ko lehen hiruhilekoan. Hemen aurkeztu ditugun datuak datorren urtean “Euskadiko gazteak 2016” izenburuarekin argitaratuko den ikerketaren aurrerapen datu batzuk dira. Ikerketa hori Gazteen Euskal Behatokiak lau urtean behin burutzen duen bildumaren bostgarren alea izango da eta bertan, aurrekoetan bezala, 30 urtetik beherako gazteen baloreak, jarrerak, iritziak eta portaerak aztertuko dira.

(*) Bizikletaren erabilerari buruzko datuak, Gazteen Euskal Behatokiaren inkestatik jasoak, hemen:  http://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/34502-aumenta-numero-jovenes-euskadi-que-utilizan-bicicleta-sus-desplazamientos-habituales

 

Albiste honetan jaso diren datuekin osaturiko grafikoak, atxikitako PDF dokumentuan ikus daitezke.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)