Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadi, Europako eskualde-politika sendo baten alde

2016.eko irailak 28

Gaur, asteazkena eta irailaren 28a, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia den Marian Elorzak Eskualdeen Goi-bileran parte hartu du Bruselan. Eskualde mailako ekimen horren helburua 2020tik aurrera EBren eskualde-politika luzatzeko mezu argia zabaltzea da, hurrengo Urte Anitzeko Finantza Esparrua (UAFE) onetsi baino lehen. Mezu hori zabaltzeko, "Eskualde guztientzako politika sendo eta eraberritua 2020tik aurrera" izenburudun aitorpena plazaratu da eta Europako 300 eskualdek sinatu dute.

  Ekitaldi horretan Europako beste eskualde batzuetako goi-mailako ordezkari politikoak izan dira Elorzarekin batera, Flandria, Baviera, Eskozia eta Nouvelle-Aquitaniakoak, esaterako.

 

  Eskualdeetako ordezkariek EBren erronka eta desafioen inguruko proposamenak aurkeztu dituzte Eskualdeetako Lantaldean. Horrez gain, eskualde-politikak irtenbideak lortzen lagun dezakeela erakusteko proposamenak egin dituzte. Jarraian, Bavariak Bruselan duen ordezkaritzan, sinatutako aitorpenak biltzen dituen agiri bat eman diete Corinna Cretu eskualde-politikarako komisario europarrari, Markku Markkula Eskualdeetako Lantaldearen presidenteari eta ekimenean parte hartu duten EBko beste goi-kargu batzuei.

 

Zer ekarriko du kohesio politikak Euskadiren kasuan?

Euskadi Europako Kohesio Politikaren arrakastaren adibide dela esan daiteke, politika horren helburu nagusia Europar Batasuneko eskualdeen artean dagoen aldea murriztea dela kontuan hartuta. Azken 30 urteotan Euskadiren garapen mailak hobera egin du eta hori EBk kohesio politikaren bidez egindako ekarpenari esker izan da neurri batean.

Zifra erlatiboetan EBk emandako diru-laguntzaren zenbatekoa oso altua izan ez bada ere -Europak aurrekontuen zati txiki bat finantzatzen du-, EBk egiturari dagokionez emandako laguntzak eta horrekin batera plangintza eta programazio ekonomikorako metodoek euskal ekonomia modernizatzen eta lehiakorrago egiten lagundu dute, zalantzarik gabe.

Azkeneko lau programazio aldietan Europar Batasunak Euskadiren alde egindako ekarpena 4.000 milioi eurotik gorakoa izan da guztira.

Eskualde Garapeneko Europako Funtsa (EGEF) izan da EBren aldetik jaso dugun laguntza-iturririk garrantzitsuena. Tokian bertan proiektuak finantzatzeko balio izan du eta horrez gain, Akitanian ditugun kideekin lankidetzan aritzeko proiektuak finantzatzeko ere balio izan du.

Europako Gizarte Funtsa izan da baliabide gehien eskaini dituen bigarren tresna, langabeziaren aurka borrokatzeko eta lanean diharduten biztanleen prestakuntzari mesede egiteko xedearekin. Horrez gain, nekazaritzaren eta arrantzaren arloan ere diru-laguntzak jasotzen ditugu.

Urteek aurrera egin ahala, EBren laguntza izan duten jarduketa motak ere aldatuz joan dira. Denboran zehar, Euskadiren programa operatiboei esker, lehiakortasuna hobetzeko esku-hartzeek (ekoizpen-sarea modernizatzea, I+G+B, etab.) garrantzi gehiago hartu dute. Hasieran, aldiz, azpiegituren arloko esku-hartzeak ziren garrantzitsuenak.

Euskadiko maila instituzional guztiek (gobernuak, aldundiek, udalek, etab.) batera parte hartu dute Europako Funtsek kofinantzatutako programa eta proiektuetan, bakoitzak dagokion baliabide publikoen kontrapartida jarriz eta diru-laguntza guztiak eragileetara, ekoizpen sektoreetara eta oro har gizartera bideratuz, aberastasuna sortuz, gure giza baliabideak prestatuz eta enplegua sortuz, gure bizi-kalitatea hobetuz eta gure inguru ekonomikoan lehiakorrak izateko ahalmena bereganatuz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)