Berriak
Eu

Hezkuntzan eta berrikuntzan gastu soziala eta gastu produktiboa, 2010erako aurrekontuen "lehentasunak"

2009.eko urriak 27

Osasuna eta Hezkuntza sailak dira aurrekontu-zuzkidura gehien handitu dutenak

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak 10.315 milioi eurokoak diren eta Gobernu Kontseiluak onartu dituen aurrekontuen edukia zehaztu dute.

2010eko aurrekontuen lehentasuna gastu soziala eta gastu produktiboa izango dira hezkuntza eta berrikuntza arloetan. Helburu hori zifretan islatzen badugu, ikus daiteke Eusko Jaurlaritzak datorren urtean izango dituen 10.315 milioi euroetatik % 75 herritarren gizarte, hezkuntza eta osasun beharrak artatzera bideratuko dela. Izatez, aurrekontuen % 60 Osasun eta Hezkuntza sailen artean banatuta dago. "Izaera sozialeko zerbitzuak mantentzea erabaki dugu" eta aldiz, "inbertsioaren atala murriztu egingo da, 260 milioi inguru", azaldu zuen Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak.

Asteroko Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan, Aguirrek eta Idoia Mendia Jaurlaritzaren bozeramaileak, krisi ekonomikoa dela eta jaso den diru-sarrera txikiagoaren eragina nabaritu duten aurrekontu batzuen edukia zehaztu zuten. Egoera honek, Jaurlaritza aurrekontua ahalik eta gehien estutzera bultzatu du. Horrela, aurrekontuen proiektua, 10.315 milioi eurokoa dena, 2009koarekin alderatuta ehuneko 1,6 murriztu da. Murrizketa hori handiagoa da, gainera, 2009ko eguneratutako aurrekontuarekin alderatuz gero (11.271 milioi), ehuneko 8,5 txikiagoa baita. Gobernuak kontrolatzeko ahalegin handiena langileen gastuan egin du. Aurrekontuetan funtzionamendu gastuen murrizketa "handi bat" aurreikusten da eta horrek ehuneko 6ko murrizketa dakar, Osakidetzaren kontratu programan izan ezik. Gainera, Aguirrek azaldu zuen Jaurlaritzak proiektu batzuetan aurreikusitako gastuari lehentasuna eman diola eta horrek jada planteatutako proiektu batzuk "denboran atzeratzera" bultzatu dituela, baina nabarmendu zuen "ez dela proiektu bat ere bertan behera geratuko". Sailburuak adierazi zuen ez dela "murrizketa bat", baizik eta proiektu batzuek "atzeratzea", esaterako, garraio eta ur azpiegiturenak, kultura eta hezkuntza sistemenak. Krisi egoeraren eragina jasango duen proiektuetako bat "Euskal Y"arena izango da. Honen eraikuntza "apur bat" atzeratuko dela azaldu zuen.


Osasuna eta Hezkuntza, nagusi

Sailen arabera, Osasunak eta Hezkuntzak 2010erako aurrekontuen ehuneko 60,8 jasoko dute. Esleipen ekonomiko handiena izan duten sailen sailkapena ondokoa da: Osasuna, 3.525,6 milioirekin (aurrekontu osoaren ehuneko 34,2), Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerkuntza, 2.747,2 milioirekin (ehuneko 26,6), Herrizaingo saila, 710,2 milioirekin (aurrekontu osoaren ehuneko 6,9) eta Herri Lan eta Garraio saila, 704 milioirekin (ehuneko 6,8). Sail hauen alde egindako apustuaren zergatia da Patxi Lópezen gobernuaren lehenengo aurrekontu honek "pertsonen aldeko apustua egiten duela, herritarra gobernuaren lanaren erdian kokatzen duela, giza kapitalean inbertituz, eta enplegua sortzea eta mantentzea sustatzen duela". Igoera hori lortzeko gobernuaren beste arlo batzuetan gastua murriztu behar izan da. Etxebizitza, Herri Lanak eta Garraioa, Lurralde Antolamendua eta Ekonomia eta Ogasuna izan dira murrizketa jasan duten sailak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia, bozeramailea eta Carlos Aguirre, Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburua