Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Bihar, ostirala, indarrean jarriko da Klima Aldaketari buruzko Parisko Akordioa: Eusko Jaurlaritzak eraginkortasuna hobetuko du, energia berriztagarriak gehituko ditu eta garraioan aukerak bultzatuko ditu energia aurrezteko

2016.eko azaroak 03

 

 

  • Ana Oregi: “Parisko berrespenak finkatu egin du Eusko Jaurlaritzak klima-aldaketaren alorrean eta karbono gutxiko ekonomiarantz egin dituen jarduketen esparrua”
  •  Euskal Autonomia Erkidegoaren bide-orria KLIMA 2050 Euskal Autonomia Erkidegoaren Klima Aldaketaren aurkako Estrategian eta 2030erako Euskadiko Energia Estrategian definituta dago 
  • 2017an argitaratuko da “klima-aldaketaren alorreko borondatezko ekimenen dekretua”

VG 2016/11/03

Bihar, azaroaren 4an, ostirala, indarrean jarriko da mundu osoko estatu eta herrialdeek Parisen izenpetu zuten Klima Aldaketari buruzko Akordioa. Eusko Jaurlaritzak bat egin zuen akordio horrekin eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak hainbat estrategia diseinatu ditu Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzeko. Sailburu Ana Oregik azaldu duenez, “estrategia horiek aspaldi hasi ziren aplikatzen, baina orain bikoiztu egin da interesa, ezinbestekoa baita Europako eta mundu osoko eskualdeetako gobernuak elkarrekin jardutea”.

 

Ana Oregik adierazi duenez, “Parisko Akordioa berretsi izanak finkatu egin du Eusko Jaurlaritzak klima-aldaketaren alorrean eta karbono gutxiko ekonomiarantz egin dituen jarduketen esparrua. Euskal Autonomia Erkidegoko ekintzarako bide-orria argi eta garbi definituta dago hurrenez hurren 2015ean eta 2016ean onartu ziren KLIMA 2050 Euskal Autonomia Erkidegoaren Klima Aldaketaren aurkako Estrategian eta 2030erako Euskadiko Energia Estrategian”.

 

“Karbono gutxiko ekonomiarantz aurrera egiteko, energia aurrezteko eraginkortasuna hobetzean, energia berriztagarrien erabilera areagotzean edo ekonomiaren sektore guztietan garraioan ordezko energien erabilera bultzatzean zentratuko dira jarduketak”, adierazi du Ana Oregik.

 

Jarduketa-ekimen eredugarri gisa, euskal administrazioak hainbat jarduketa garatu ditu bere instalazioetan energia-kontsumoa 10 urtetan % 25 murriztu ahal izateko, eta energia berriztagarriak baliatzeko instalazioak ezarri ditu bere eraikinen % 25ean. Horrez gain, gutxiago kutsatzen duten ibilgailu eraginkorragoak (hibridoak eta elektrikoak) sartu ditu ibilgailu-parkean eta zerbitzu publikoko flotetan.

 

“Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen borondatezko jarduketa sustatzeko, 2017. urteko lehen hilabeteetan argitaratuko da “klima-aldaketaren alorreko borondatezko ekimenen dekretua”, isurpenak murrizteko proiektuak, konpentsaziokoak, karbonoa finkatzekoak edo klima-aldaketara egokitzekoak garatzen dituzten erakundeek aukera izan dezaten hartutako konpromisoekin bat datorren ezagumendu soziala jasotzeko”, azaldu du sailburu Ana Oregik.

 

“Euskal Autonomia Erkidegoaren Klima Aldaketaren aurreko erresilientzia hobetzeaz gain —adierazi du sailburu Ana Oregik—, Klimatek demostrazio-proiektuen ildoa definitu da, urteko deialdien bitartez metodologiak definitzeko eta klima-aldaketarako egokitzapenaren esparruan espazio zehatzetan aplikatzeko proiektuen garapena definitzen duena. Ekimen hori indartzeko, KLIMATEK Foroa izenekoa sortu da, klima-aldaketari buruzko jakintza aurreratua trukatzeko espazioa. Eskualdeko funtsezko agenteek parte hartzen dute bertan”. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)