Berriak
Eu

Lehendakaria izan da Eusko Jaurlaritzak Memoriaren Egunean deitutako ekitaldiaren buru

2016.eko azaroak 10

Urkulluk nabarmendu du biktimei eta “egoera oso gogorretan”, bakearen alde  “anonimatutik” konpromisoa hartu zuten pertsona guztiei adierazitako errekonozimendua

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako sailburuak izan dira gaur Memoriaren Eguna dela eta Bilboko Casilda parkean egin den ekitaldiaren buruan.  Lehendakariak ziurtatu du “bi besoak zabaltzeko” eguna dela gaurkoa, batetik, biktimei, sufrimendu bidegabea eragin zitzaiela aitortzeko, eta, bestetik, gizarteari.  Ildo horretan, bereziki gogorazi nahi izan ditu “anonimatutik” bakearen aldeko konpromisoa adierazi zuten pertsonak; izatez, bere iritziz “eredugarriak” dira biktimen errekonozimenduaren alde eta biktimen egiarako, justiziarako eta ordaina jasotzeko eskubideen alde lan egiten jarraitzeko.

Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernández, Gogora Memoriaren Institutuaren zuzendari Aintzane Ezenarro, Bilboko alkate Juan Maria Aburto, Bizkaiko diputatu nagusia Unai Rementeria, Arabako diputatu nagusia, Ramiro González, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Eider Mendoza, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otadui, Eudeleko lehendakari Imanol Landa, EHJANko presidente Juan Luis Ibarra eta Euskadiko fiskal nagusi Juan Calparsoro ere ekitaldian izan dira, alderdi politikoez, biktimez, elkarteez eta kulturaren eta gizartearen arloko hainbat eragileez gainera. Omenaldiaren aurretik musika, dantza, poesia eta kantu emanalditxo bat izan da itxaropena sinbolizatu nahi izan duena koloreen bitartez, eta ondoren lehendakariak hitz egin du.

Urkulluk azaldu du Memoriaren Egunak, memoriari buruzko politika publikoaren baitan, biktima guztiekiko elkartasuna, egiarekiko, justiziarekiko eta ordainarekiko konpromisoa eta indarkeria mota guztien aurkako jarrera sinbolizatzen duela.  Bere ustez, esan du, egun honetan, batetik, biktimei “zabaltzen dizkiegu bi besoak” jasan zuten bidegabekeria gogoratu eta aitortzeko eta, bestetik, gizarteari, errepikatu behar ez den iraganari buruzko gogoeta kritikoa sustatzeko eta, etorkizunera begira, “elkarrizketa anitza” proposatzeko.

Alde horretatik, Urkulluk esan du iraganaren memoria kritikoak utzi duen “balio positiboa” azpimarratzeko unea dela, eta aipatu ditu “egoera oso gogorretan”, eta kasu gehienetan anonimatutik, inolako errekonozimendurik edo protagonismorik gabe, bakearen alde borroka egin zuten pertsona guztiak.  “Pertsona haiek indarkeriaren ilunpean ikusi zuten konpromisoaren balioa, eta ulertu zuten bakea, justizia, askatasuna eta demokrazia babestea zela haien egitekoa, eta, hain zuzen ere, bakearen, justiziaren eta demokraziaren armak erabilita”, adierazi du lehendakariak.  Urkulluk errekonozimendu hori adierazi nahi izan die pertsona “eredugarri” horiei, biktimek egiarako, justiziarako eta ordaina jasotzeko duten eskubidea aitortzearen alde lanean jarraitzera bultzatzen gaituzten pertsona horiei.

Azkenik, lehendakariak ez du ahantzi nahi izan gaur egunero Mediterraneoa zeharkatzen ahalegintzen diren errefuxiatu guztien "oihu etsia”.  Alde horretatik, Urkulluk bakearen, elkarbizitzaren eta giza eskubideen esparruan sortzen ari diren beharrekiko konpromisoa adierazi du.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • ana
    2016.eko azaroak 15

    esta bien recordar a las victimas @iurkullu animo

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)