Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Giza Eskubideen 2016ko René Cassin sariak banatu dizkie errefuxiatuen kausarekin konpromisoa hartu duten erakundeei

2016.eko abenduak 12
  • Erakunde sarituak dira Salvamento Marítimo Humanitario, Zaporeak-Sabores Solidarios eta Comunidad de Sant’Egidio
  • Lehendakariak krisi humanitarioa premiaz bideratzeko eskatu die Europako erakundeei

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean banatu dizkie Giza Eskubideen 2016ko René Cassin sariak errefuxiatuekin solidarioak diren erakundeei: Salvamento Marítimo Humanitario, Zaporeak-Sabores Solidarios eta Comunidad de Sant’Egidio. Sari hauen bitartez “aitortzen dugu borondatez hartutako konpromisoa errefuxiatuek bizi duten krisi humanitarioaren eta bidegabekeriaren aurrean”, esan du lehendakariak.   

Eusko Jaurlaritzak Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren bitartez ematen ditu René Cassin sariak Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta, aurten abenduaren 10ean, larunbatean, izan dena. Edizio honetan epaimahaiak saritu nahi izan du hiru erakundeok “justiziaren alde egiten ari diren borroka eta eman duten erantzun solidarioa”.

Sari hau, lehendakariaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak hiru printzipioren inguruan hartutako konpromisoa berresteko aukera ere bada: gizatasuna, erantzukizuna eta legezkotasuna. Horietan oinarrituta, Iñigo Urkulluk Europako erakundeei eta Europar Batasuneko gobernuei planteatu die “errefuxiatuen krisian ikusten ari garen bidegabekeriari erantzuna emateko premiaren eta konpromisoaren araberako erantzuna”. Lehendakariak eskatu du egoera “premiaz bideratu” behar dela, eta, aldi berean, adierazi du europar politika aldatu behar dela eta Euskadi prest dagoela laguntzeko.

Saritutako erakundeak

Salvamento Marítimo Humanitario (SMH) gobernuz kanpoko euskal erakundea 2015eko azaroan sortu zen Egeo Itsasoko (Grezia) krisi humanitarioan laguntzeko. Bere helburua da itsasoan dauden pertsonei bizia salbatzea. Lehendakariaren esanetan, GKE honek konpromisoa eta erantzukizuna adierazten ditu: “pertsonen bizia arriskuan dagoenean, berehalako erantzuna, ausarta, serioa eta zorrotza eman behar da”. Iñigo Mijangosek jaso du saria erakundearen izenean.

Zaporeak-Sabores Solidario proiektua Intxaurrondotik Wokrora Elkartearen jarduera solidario-gastronomikoa da, eta bere helburua da errefuxiatuei egunero jaten ematea Chíos irlan (Grezia) diharduten taldeekin lankidetzan. “Enpatiaren eta gizatasunaren adibidea da”, adierazi du lehendakariak. Peio García Amianok jaso du saria.

Comunidad de Sant’Egidio aspaldiko hamarkadetatik ari da erlijioen arteko elkarrizketa, herrien arteko senidetzea, pobreziaren aurka justiziaz borroka egitea eta heriotza-zigorra ezeztatzea sustatzen. Lehendakariak adierazi du Comunidad de Sant’Egidio elkartasunaren eta legezkotasunaren irudia dela. Errefuxiatuek bizi duten dramari erantzuteko sortu ditu “korridore humanitarioak” izenekoak, eta Italiako agintarien eta gizarte zibilaren arteko bitartekotza-lana egiten du errefuxiatuei sarbide segurua ahalbidetzeko, ez dezaten itsasoan bizia arriskuan jarri. Erakundearen izenean Cesare Zucconik jaso du saria. 

Lehendakariak esan du “erakunde hauetan parte hartzen duzuen guztiok egin duzue kontzientziak agindutako aukera, eta zuen ekintzak gizakiaren ezaugarri onenen adierazpena dira: konpromisoa, enpatia eta elkartasuna”. “Gizarte bat definitzen duten balioak dira”, adierazi du.

Elkartasun adierazpenak gertatutako atentatuengatik

Lehendakariak eman duen hitzaldian Turkian, Egipton, Somalian eta Nigerian asteburu honetan izan diren atentatuak aipatu ditu. Lehendakariak baieztatu du “ekintza terrorista guztiak gaitzesgarriak direla eta gure kondena irmoa jasoko dutela, biktimei eragindako kaltea konponezina eta bidegabea delako”. Alde horretatik, elkartasun bihotzenekoa erakutsi die.

René Cassin saria

René Cassin saria Eusko Jaurlaritzak sortu zuen jendaurrean aitortzeko eta nabarmentzeko pertsona fisikoek edo juridikoek gure gizartean giza eskubideen arloko balioak sustatzeko egin duten lan esanguratsua. Sariak René Cassini zor dio izena. René Cassin Baionan jaio zen 1887an, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren sustatzaile nagusia izan zen, eta Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1968an. 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @vitoriagasteiz
    2016.eko abenduak 12

    Comentario de Twitter:
    #RenéCassin2016 saribanaketan parte hartu du Alkateak Lehendakaritzan https://t.co/bUwhS4P6Ts https://t.co/rOUfXFweK4

  • @GuineaBlanca
    2016.eko abenduak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @vitoriagasteiz: El alcalde asiste en Lehendakaritza a la entrega de los premios #RenéCassin2016 de DDHH https://t.co/MN9OQWRmXM https:/…

  • @vitoriagasteiz
    2016.eko abenduak 12

    Comentario de Twitter:
    El alcalde asiste en Lehendakaritza a la entrega de los premios #RenéCassin2016 de DDHH https://t.co/MN9OQWRmXM https://t.co/EgNuyvKkMW

Ekitaldiko kargudunak