Eu

Familia Bitartekaritzako Zerbitzuetan 2016an amaitutako espedienteen %78,1 akordio batera iritsita itxi ziren

2017.eko martxoak 30
  • Familia Bitartekaritzako Zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonen %94k jarraitzen dute, urtebeteren ondoren, adostutako akordioaz arduratzen
  • Familia Bitartekaritzako Zerbitzuek 2016an 10.666 pertsona artatu zituzten eta 2.028 espediente ireki zituzten, eta hori aurreko urtean baino %7,8 gehiago da

Vitoria-Gasteiz, 2017/03/30

Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak Gasteizen aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Familia Bitartekaritzako Zerbitzuaren urteko txostena. Txostenaren arabera, familia bitartekaritzako zerbitzu publikoetan 2016an amaitutako espedienteen %78,1 hasieran planteatutako egoerari buruzko adostasuna lortuta itxi ziren, eta kasu askotan, beraz, zerbitzuaren erabiltzaileek auzitara jotzea saihestu zen. 

Sailburuordearen ustez “auziek eragiten duten higadura emozionala saihesten du bitartekaritzak, eta horregatik, askotan, hitzarmen judizialak baino iraunkorragoak izaten dira lortutako akordioak, eta hobeto errespetatzen dira”. Alde horretatik, gaur aurkeztutako 2016ko txostenak egiaztatzen du, erabiltzaileen %94k jarraitzen dutela, urtebeteren ondoren, adostutako akordioaz arduratzen, eta horrek bitartekaritzaren eragin hezitzailea jartzen du agerian. Amilibiarekin, Ernesto Sainz Lanchares, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaria, eta Cristina Merino, Familia Bitartekaritzako Zerbitzuaren arduraduna izan dira.

Familia Bitartekaritzako Zerbitzua (FBZ) Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren doako zerbitzu publiko eta boluntarioa da, eta familia-gatazkak dituzten pertsonei eskaintzen zaie, bai bikotekidearekin harremana hautsi dutelako (ezkonduen edo izatezko bikoteen kasuan) bai familian bestelako arazoak dituztelako (seme-alaben eta gurasoen arteko gatazkak, familia biologikoaren eta harrerako familiaren artekoak, familietan herentzia kontuengatik sortutakoak, familiaren negozioetan sortutakoak, etab.). Zerbitzua hiru lurraldeetan dago erabilgarri.

FBZren ordezkaritzak diziplinarteko familia-bitartekariek eta arlo sozialeko, psikologikoko eta juridikoko adituek osatzen dituzte, eta aldeei bere kabuz gatazkak adiskidetasunez konpontzeko irtenbideak aurkitzen laguntzea dute helburu.

Lehenengo zerbitzua Bilbon jarri zen abian 1996an, eta gerora Donostiako eta Vitoria-Gasteizko bulego-sarea gehitu zitzaion, azken hori 2012an. Ordutik,  gero eta jende gehiagok egiten du elkarrizketaren aldeko apustua familiako gatazkak konpontzeko, eta urtetik urtera handiagoa da zerbitzuarekiko gogobetetasuna.

Familia Bitartekaritzako Zerbitzuaren ordezkaritzek 2016an 10.666 pertsona artatu zituzten esku-hartzearen hiru mailetan (aurrebitartekaritza, bitartekaritza eta jarraipena), eta 2.028 espediente abiarazi ziren (1.153 Bizkaian, 453 Araban eta 422 Gipuzkoan), eta hori aurreko urtean baino %7,8 gehiago da.

Espezialistek egindako esku-hartzeen %88,8 hautsitako bikoteekin lotutakoak izan ziren. Ehuneko hori 913 bitartekaritza dira zifra absolutuetan, eta aurreko urtean baino %4,8 gehiago da (2015ean 869 esku-hartze) eta 2014an baino %11,3 gehiago (820 espediente). Bikote bakoitzak lau saio behar izan zituen batez beste erabakiren bat hartzeko, eta erabakitzeko gaiak izan ziren, besteak beste, hitzarmen erregulatzailea, familiaren antolaketa gurasoak elkarrekin bizi ez direnean, bikoteentzako terapia jasotzea edota bikote-harremanari berriz heltzea.

FBZren bulegoetan egindako gainerako bitartekaritzak familiako bizikidetzarekin lotutako gatazkek eragin zituzten, besteak beste, mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzak, bilobekiko harremanak eta herentzia, negozio edota elkarbizitza kontuek.

Gora egin dute zaintzek

Familia Bitartekaritza Zerbitzuaren 2016ko txostenak jasotzen du nabarmen egin duela gora zaintza partekatuaren ereduak: astebetekoa, hamabostaldikoa, hilabetekoa edo familien premietara erabat egokitutako beste hainbat modalitate. Bizkaian 9 puntu egin du gora zaintza partekatuak azken urtean (% 23,5etik 32,5era); Gipuzkoan %34,4tik 36,5era pasatu da; eta Araban modalitate honek behera egin du, zehazki %42tik 36ra, nahiz eta ehuneko handiena izaten jarraitzen duen Gipuzkoarekin batera.

Zaintza partekatua gero eta bikote gehiagok hautatzen duten arren, bitartekaritza-akordio gehienetan oraindik ere zaintza esklusiboa ematen da kasu gehienetan, batez ere amari (2016an kasuen %65etan amari eta %2,5etan aitari). 

“Seme-alaba adingabeak dituzten bikoteen banaketarekin lotuta dauden bitartekaritza-espedienteetan zaintza-aldien banaketa izaten da bitartekaritza-prozesuaren akordiorik adierazgarrienetako bat”, azpimarratu dute Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko iturriek. Prozesu horiek erantzunkidetasunetik lantzen dira, eta zaintza guztiak, beraz, gurasoen artean adosten dira, eta familiaren egoera berria antolatzeko modua eztabaidatzeko jotzen duten bitartekaritzara.

Jarraipenak

Familia Bitartekaritzako Zerbitzuaren ordezkaritzen lana ez da akordioa sinatutakoan bukatzen. Jarraipen-fasea funtsezkoa da gatazkan diren aldeen arteko bitartekaritza-lanetarako; izan ere, hari esker, posible da jakitea pertsonek zer bilakabide izan duten akordioetan jasotakoari dagokionez, baita jarraitutako prozedurarekin zer gogobetetasun-maila duten ere.

Azken hiru urteotan ikusi da gora egin dutela jarraipen-prozesuek, eta horrek agerian uzten du erabiltzaileak gustura daudela Familia Bitartekaritzako Zerbitzuarekin eta konfiantza dutela zerbitzuan, eta bitartekaritza-prozesu bat amaitzean berriz ere hartan jartzen dutela konfiantza familiaren egoera aztertzeko. 2016an 547 jarraipen-espediente egin zituzten, 2013an baino 86 gehiago.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Cristina Merino, Familia Bitartekaritzako Zerbitzuaren arduraduna