Eu

Artolazabal´ek irizten dio Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den IV. Gazte Planak lehentasuna eman behar diela gazteen enpleguari eta emantzipatzeko aukerei

2017.eko apirilak 05
  • 2014-2016 aldirako III. Gazte Plana ebaluatu ondoren, hasi da Eusko Jaurlaritzaren 2017-2020 aldirako IV. Gazte Plana prestatzeko prozesua.

 

VG 2017/04/05

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordearen buru izan da. Bertan egin duten balorazioaren arabera, dagoeneko amaitu den Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016 aldirako III. Gazte Planak bere helburuen % 75 baino gehiago bete ditu, eta 2017-2020 aldirako IV. Gazte Plana prestatzeko prozesuari ekin diote. Artolazabalek irizten dio “Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den IV. Gazte Planak lehentasuna eman behar diela gazteen enpleguari eta emantzipatzeko aukerei”.

 

Bertaratuek aztertu duten Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen 2017ko egoeraren diagnostikoan antzeman dutenez, demografiari dagokionez behera egin du gazte kopuruak eta, hortaz, jaitsi egin da gazteek biztanleria osoan duten pisua. Hezkuntzaren atalaren barruan, euskal gazteen prestakuntza-maila handitu egin da eta gazteek hezkuntza-sistemaren balorazio positiboa egiten dute.

 

Enpleguari dagokionez, 2016. urtean nolabaiteko susperraldia izan zuen, baina enpleguaren behin-behinekotasunak gazteen erdiak baino gehiago hartzen ditu eraginpean. Lanaldi partzialeko enplegua (nahi gabekoa gehienetan) hirukoiztu egin da eta batez besteko soldata hileko 1.000 €-koa da gutxi gorabehera. Behin-behinekotasuna handiagoa da emakumeen artean.

 

Gaur aztertu duten diagnostikoaren beste datu batzuek adierazten dutenez, “gazteak, batez beste, 30 urterekin emantzipatzen dira”. Gainera, alokairua asko hazi da emantzipatutako gazteen artean eta gora egin du, halaber, oraindik familiarekin bizi direnen artean aukera hori nahiago dutenen kopuruak.

 

Halaber, gutxitu egin dira gazteen osasuna arriskuan jartzen duten jokabideak, hala nola alkohol-, tabako- eta cannabis-kontsumoa eta sexu-harreman arriskutsuak. Horietan guztietan gizonezkoek ehuneko handiagoa dute. Ariketa fisikoak eta kirolak gora egin arren, obesitate-tasa gero eta handiagoa da. Ariketa fisikoa eta kirola hedatuago daude gizonen artean.

 

Euskal gazteen erdiak baino gehiago familiaren mende daude ekonomikoki, eta lanak ere ez du bermatzen independentzia ekonomikoa. Gizonen eta emakumeen arteko desparekotasunek bere horretan jarraitzen dute. Beste alderdi batek nabarmentzen du gora egin dutela ingurumenarekiko portaera arduratsuek kontsumoari zein mugikortasunari dagokionez.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak