Eu

San José: "Euskal gizartea laneko jokabide seguru eta osasuntzuak izatearen beharraz sensibilizatzea dugu helburu"

2017.eko maiatzak 05

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak Eusko Legebiltzarreko Kontrolerako Osoko Bilkuran azaldu ditu Osalan organismo autonomoak laneko segurtasunari buruz kontzientziatu eta berau sustatzeko bultzatu duen kanpainaren edukiak.
Gloria Sánchez sozialisten parlamentariaren galdera bati erantzunez, San José sailburuak azaldu du Lan eta Justiziako Sailaren erronka dela, langabezia %10era jaisteko Eusko Jaurlaritzak ezarritako lehentasunaz gain, kalitatezko enplegua lortzea, izan martxan den enplegua, izan etorkizunean sortuko dena.
Enplegua kalitatezkoa izateko funtsezko ezaugarria da lana bera segurua izatea. “Kalitatezko lana eta lan segurua binomio bereizezina da; hori lortzea lanaren alorrean ardurarik dugun guztiok egin beharreko lana da”, adierazi du sailburuak, eta erantsi du Sailaren helburua dela “laneko istripuak edo lanbide-gaixotasuna saihetsezinak edo lanaren berezko ezaugarriak direla” dioen ideia alboratzea.
María Jesús San José sailburuak azaldu du Sailak helburu hori lortzeko funtsezko tresna duela: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea. Organismo autonomo horrek ospe handia du Estatuko gainerako erkidegoetan eta Europan laneko segurtasun eta osasunaren inguruan lan egiten duten eragileen artean, eta bertako profesionalak hainbat lekutara bertaratzea eskatzen dute, beren esperientzia eta jardunbide egokiak azaltzera.
Osalan erakundearen lana, San José sailburuaren hitzetan, oso zabala da; prebentziorako ordezkarien prestakuntzatik hasi eta lan-zentroetan laneko segurtasun eta osasunarekin lotutako jokabide eta praktika desegokiak zuzentzeko ikuskaritza-lana egiten dute. Tartean, datuak bildu eta antolatzen dituzte, lan-baldintzen bilakaera aztertu ahal izateko eta, hala, gerta daitezkeen arriskuei aurre hartzeko.
Funtzio horiek zein bestelakoak garatzeko, edonola ere, gizarte-eragile zein enpresaburuen elkarlana beharrezkoa da, sailburuak adierazi moduan.
Jarduera horien guztien emaitza modura, “gaur egun, gizartea duela urte batzuk baino sentsibilizatuago dago langileen osasuna zaintzearen beharraz” esan du María Jesús San José sailburuak, eta, hala ere, gaineratu du: “Gai honi dagokionez, ezin dugu ezer nahikotzat jo, beti dago zerbait hobetzeko”.
Hobetzeko zerbait hori, oraingoz, Lan eta Justiziako Sailak lan-zentro guztietara iristeko asmoa da, langile guztiek izan dezaten eskura laneko segurtasun eta osasunari buruzko informazioa, horren garrantziaz sentsibiliza daitezen. “Euskal gizartea laneko jokabide seguru eta osasuntsuak izatearen beharraz sentsibilizatzea dugu helburu”, laburtu du sailburuak.
Langile horietara guztietara iritsi ahal izateko, eta pasa den apirilaren 28an Laneko Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko eguna ospatzearekin batera, ‘Haz que la seguridad laboral forme parte de tu vida’ / ‘Egizu lan-segurtasuna zure bizitzaren parte’ kanpaina abiarazi zen.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @EditaOla
    2017.eko maiatzak 08

    Comentario de Twitter:
    osalanEJGV: RT Gob_eus: San José ha explicado los contenidos de la campaña osalanEJGV para concienciar y promover … https://t.co/GkKPstHo70

  • @Gob_eus
    2017.eko maiatzak 05

    Comentario de Twitter:
    San José ha explicado los contenidos de la campaña @osalanEJGV para concienciar y promover la seguridad en trabajo ➡ https://t.co/5Lx1DQiV9Y

Ekitaldiko kargudunak