Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaritzak 5 idazkaritza nagusi izango ditu eta 74 miloi euroko aurrekontua, iaz baino % 6 gutxiago.

2009.eko azaroak 04

Goi kargudunen eta aholkularien kopuru orokorra murriztu egin da Eusko Jaurlaritza osoan.

Lehendakaritzaren Idazkari Nagusi Manuel Salinerok zehatz-mehatz azaldu du Lehendakaritzak izango duen barneko birmoldaketa sakona. Izan ere, aurrerantzean, Lehendakaritzak 74 milioi euroko Aurrekontua kudeatuko du, aurreko urtean baino % 6 gutxiago, krisi ekonomikoak eragindako doikuntzen eraginez. Lehendakaritzak 8tik 6ra murriztuko du atzerriko euskal ordezkaritzen kopurua.

Azarotik aurrera, Lehendakaritzak barne egitura berri bat izango du, Patxi López Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzara iritsi izanaren eraginez. Hala, bi komunikazio idazkaritza berri sortuko dira, guztira 5 idazkaritza izateko: Lehendakaritzako Idazkaritza Nagusia, Kanpo Ekintzako Idazkaritza Nagusia, Koordinaziorako Idazkaritza Nagusia, Dokumentaziorako eta Herritarren Parte-hartzerako Idazkaritza Nagusia eta Gai Ekonomikoen Idazkaritza Nagusia. Barneko berrantolaketa hori, nolabait, Lehendakariordetza ezabatu izanaren ondorioa da; izan ere, horren eginkizunak Lehendakaritzak berak hartuko ditu bere gain.

Eusko Legebiltzarraren Aurrekontuen batzordearen aurrean egindako agerraldian, Lehendakaritzaren Idazkari Nagusi Manuel Salinerok aldaketa horiek azaldu zituen, eta baita Lehendakaritzak 2010ean izango duen Aurrekontuaren xehetasunak ere. Aurrekontu hori 2009koa baino % 6 txikiagoa izango da. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren lehendakaritzak 74 milioi izango ditu bere esku; 2009an, berriz, ia 79 milioi izan zituen. Jaitsiera horren arrazoia Eusko Jaurlaritza sail guztien Aurrekontuetako gastuan aplikatzen ari den moteltze-politika da.

74 milioi euro horiek 4 atal nagusitan banatzen dira: Egitura eta sostengua (17 milioi euro), Kanpo ekintza (10,9 milioi), Emakumeentzako aukera berdintasunen sustapena ((6,2 milioi) eta Berrikuntza Funtsa (40 milioi). Kanpo ekintzaren alorrari dagokionez, Jaurlaritzak atzerrian dituen egoitzen kopurua murriztu egin da, 8tik 6ra pasatuz, eta Madrilgo ordezkaritzara zuzendutako kontu-saila ezabatu da, zeren zerbitzu-zuzendaritzako bulego bihurtuko baita, eta, beraz, ez da Kanpo Ekintzaren atalean egongo. Horri esker, egoitza horietara bideratzen zen gastua ia erdira murriztu ahal izango da, 6,2 milioitik 3,4 milioira pasatuz. Murrizketa hori bat dator Jaurlaritza berriaren kanpo ekintzarentzat Lehendakariak iragarri izan duen orientazio berriarekin. Salinerok honela laburbildu zuen: "gutxiago gastatzea kanpo politika hobea egiteko".

Goi kargudun gutxiago

Agerraldian, eta oposizioaren talde batzuen galderen ostean, Salinerok ukatu zuen Lehendakaritzari atxikitako goi kargudunen eta aholkularien kopurua igo izana. Hala, Salinerok Lehendakariaren konpromisoa gogoratu zuen, alegia, Eusko Jaurlaritzaren goi kargudunen eta aholkularien osoko kopurua murriztea, nahiz eta "sail batzuek kopuru horiek igo" eta beste batzuek "murriztu dituzten". Lehendakaritzaren kasuan, Salinerok esan zuen Lópezen kopuruak eta Ibarretxeren kabinetearen kopuruak berdintsuak direla.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Manuel Salinero