Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Euskadin Gerra Zibila izan zela 80. urteurrena gogorarazi du Bogotan, "Gernika horma-irudia"ren aurrean

2017.eko ekainak 02
  • Eusko Jaurlaritzak Organización de Estados Iberoamericanos –OEIrekin prestakuntzarako akordioa sinatuko du
  • Jaurlaritzaren ordezkaritza, Lehendakaria buru dela, Kanpo Arazoetako kantziler arduradunarekin batu da

Urkullu Lehendakariak Bogotako Euskal Etxea bisitatu du; Gernika parkearen aurrean dago, eta, bertan, Picassoren Gernika irudiaren erreplika bat dago, zeramikazkoa, tamaina errealekoa. Aurten, Euskadin Gerra Zibila izan zela 80 urte beteko dira, eta, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren sinboloaren aurrean, Lehendakariak gogora ekarri nahi izan ditu hainbat motibo tarteko Euskaditik ihes egin behar izan zituzten pertsona guztiak.

Lehendakariak Euskal Etxea eta hura aurrera daramatenak ezagutu ditu. Euskal etxe hori 2003an sortu zen, Eusko Jaurlaritzak Kolonbiara eginiko lehen bisita baino urtebete geroago. Gaur egun, 307 kide ditu.

TOPAKETA OEI-REKIN

Bestalde, Iñigo Urkullu Lehendakaria Ángel Martinekin batu da, Organización de Estados Iberoamericanos (OEI) erakundearen Kolonbiako eskualdeko bulegoko zuzendariarekin. Bileran, Euskadiren eta OEIren arteko harremanak sendotu dira, batik bat hezkuntzaren eremuan, eta Ulermen Memoranduma sinatzeko akordio-printzipioan aurrera egin da.

Topaketa OEIren egoitzan izan da, kontuan hartuta hezkuntzaren, zientziaren eta kulturaren arloan herrialde iberoamerikarren arteko lankidetzarako gobernu-erakundea dela. Zenbait lurralde latinoamerikarretan, Kolonbian besteak beste, bakea lortzeko indarkeriaren eraldaketa-egoeretan tartean diren nazioarteko erakundeetako bat da. Erakundearen lana borrokalari ohien hezkuntzan oinarritzen da, horiek gizarteratzeko asmotan.

Eusko Jaurlaritzak eta OEIk elkarrekin lan egingo dute Memorandumaren xehetasunak finkatzeko; horren bidez, esperientziak jarriko dituzte martxan hezkuntza-eremuan, eta, horien bitartez, ehunka borrokalari ohi laneratzeko ezagutza-transferentzia sustatuko da.

Eusko Jaurlaritzaren eta OEIren arteko lankidetza ez da gaur hasten; izan ere, Euskadi Secretaría General Iberoamerican-ean (SEGIB) –sistema iberoamerikarraren beste organo bat– parte hartzen du. SEGIB Atlantikoaren bi aldeetan herrialdeek eta eskualdeek bat egiten duten espazio ofizial bakarra da, eta OEIrekin lotura izateko balio izan du.

KANPO ARAZOETAKO MINISTERIOA

OEIko arduradunekin bilera egin ondoren, Lehendakaria San Carlos Jauregian izan da eta, bertan, Kanpo Arazoetako kantziler arduraduna den Patti Londoñorekin egon da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak