Eu

Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienala, ‘MUGAK’, udazkenean ospatuko da Donostian eta Pritzker 2017 saridunak ekarriko ditu

2017.eko uztailak 07
  • Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak aurkeztu du gaur Bienala, komisario duen Pedro Astigarraga arkitekto donostiarrarekin batera

 

  • Azaroan, abenduan eta urtarrilean zehar garatuko da, eta oso inaugurazio-aste nabarmena izango du azaroaren 7tik 10era. Berrogeita hamar ekitaldi baino gehiago hartuko ditu, guztiak herritarrentzat irekiak, doan eta nazioarteko eta diziplina anitzeko ikuspegi batekin

 

  • Arriola sailburuak proiektuaren garrantzia nabarmendu du eta adierazi du aukera bikaina dela “gogoeta egiteko gure gizartean arkitekturak bete behar duen zereginari eta hiri orekatuagoak eta kohesionatuagoak lortzeko egiten duen ekarpenari buruz”.

 

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak aurkeztu du gaur goizean Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienala, komisario duen Pedro Astigarraga arkitekto donostiarrarekin batera. Nazioarteko eta diziplina anitzeko ikuspegi batekin udazkenean Donostian garatuko da Bienala, eta bere asmoa da Donostia eta Euskal Herria arkitekturaren eta kulturaren arloko profesionalen eta, oro har, herritarren erreferentzia eta elkargune gisa kokatzea.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren bultzadarekin eta beste administrazio eta erakunde kulturalekin eta arkitekturaren eremukoekin izandako lankidetza publiko/pribatuarekin sortu da Bienala. Erakunde laguntzaileen artean izango dira Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren bitartez, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala eta Tabakalera. Gainera, ondokoek parte hartuko dute: Atari (Kultura Arkitektonikoaren Elkartea), Ancora Herritarren Elkartea, Reflex Espazioa, Peña Ganchegui Artxiboa, Habic clusterra eta Cemento Museum Rezola. Datozen asteetan erakunde laguntzaile gehiago elkartu ahal izatea espero da.

Arriola sailburuak proiektuaren asmo eta hedadura handiak nabarmendu ditu, udazken honetan begirada askoren erakargune bihurtuko baititu Donostia eta Euskadi, eta adierazi du aukera bikaina dela “gogoeta egiteko gure gizartean arkitekturak bete behar duen zereginari eta hiri orekatuagoak eta kohesionatuagoak lortzeko egiten duen ekarpenari buruz”. “Bere dimentsio funtzionaletik eta estetikotik harago”, gehitu du Arriolak, “arkitekturak funtzio sozial eta zibiko bat betetzen du. Gure bizitzako parte da”.

Miramar jauregia, egoitza nagusia

MUGAKen jarduerak azaroan, abenduan eta urtarrilean zehar garatuko dira, eta azaroaren 7tik 10era dago aurreikusita Bienalari hasiera emango dion inaugurazioaren astea. Donostiako leku desberdinetan garatuko da, eta betiere herritarrei irekia eta doan izango da.

Programak berrogeita hamar ekitaldi hartuko ditu barnean: erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, mahai-inguruak, baita espazioak ere profesionalentzat, akademikoentzat edo enpresaburuentzat, unibertsitateko ikasleentzat eta herritarrentzat, oro har. Miramar jauregia izango da egoitza nagusia, baina hiri barruan dauden beste leku nabarmen batzuek ere hartuko dituzte hainbat ekitaldi.

Bienaleko ekitaldi nabarietako batek RCR Arquitectes estudioa izango du protagonistatzat, aurtengo Pritzker sariduna, arkitekturaren eremuan den saririk handiena, alegia. Estudioak Olot-en du egoitza, eta 1987an sortu zuten Rafael Aranda-k, Carme Pigem-ek eta Ramón Vilalta-k. Hasiera batean Kataluniara mugatu zen haien lana. 2008an, krisi ekonomikoaren hasieran, gure mugetatik kanpo salto egin zuen, aurrena zenbait proiekturekin hegoaldeko Frantzian, hurrena, Belgikara eta Arabiar Emirerrietara beren ekintza-eremua zabaltzeko.

RCRko bazkideak Donostiara etorriko dira ‘Creatividad compartida’ izeneko beren erakusketarekin, non beren obrak izan duen eboluzioa eta lanbideaz duten ikuspegi berezia ezagutzeko aukera izango baitugun. Egia esan, RCR Arquitectes ez da ohiko estudio bat. Espainiako arkitekturaren eraginpeko gune tradizionaletatik urrunduta, diziplina hau pausu bat harago eramatea erabaki dute. RCRren arkitektura telurikoak naturaren indarrek moldatua dirudi, Olot inguratzen duten sumendiek lurraren barrutik azalerara jaurtia.

Eztabaida piztea

MUGAK izena ez da ustekabean jarria. Bienalak gogoeta eta eztabaida piztu nahi ditu bidegurutzean den arkitekturaren oraingo egoerari eta arkitekturako profesionalek bete behar duten zereginari buruz. Gainera, diziplina hau beste batzuekin –kultura eta filosofia, besteak beste– elkartu eta haietatik bereizten dituen mugak ere aztertu nahi ditu MUGAKek, baita lankidetza-guneak aurkitu ere ekonomiarekin, geografiarekin edo soziologiarekin.

Bienalean erantzunak bilatuko zaizkie hirigintzaren eta arkitekturaren bide berriak birpentsatzeko eta birdefinitzeko moduei, oraingo gizartearentzat bizikidetzarako espazioak diseinatzeko aukera emango dutenak, hiri orekatu eta bidezkoagoekin.

Bienalak Internet orri bat du (www.mugak-bienalsansebastian.eus) eta bertan emango dira ezagutzera jarduera guztiak, sare sozialetan egoteaz gainera.

 

(*) Hemen ikusi dezakezu MUGAK Bienalaren bideoa

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @lanbideejgv
    2017.eko uztailak 11

    Comentario de Twitter:
    Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienala, ‘MUGAK’, udazkenean ospatuko da Donostian https://t.co/3I1hwBhheChttps://t.co/oLXDFHkr1Y

  • @Gob_eus
    2017.eko uztailak 07

    Comentario de Twitter:
    Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienala, #MUGAK, udazkenean ospatuko da Donostian ➡ https://t.co/zKKu4IILwd https://t.co/rgV7jXn2nO

  • @MusCementRezola
    2017.eko uztailak 07

    Comentario de Twitter:
    La I Bienal Internacional de Arquitectura de Euskadi ‘MUGAK’ se celebrará en otoño en San Sebastián y contará c... https://t.co/2XbrkbJCwS

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Pedro Astigarraga