Berriak Lehendakaritza
Eu

Osasun sailburuak, Rafael Bengoak, arriskuan dauden taldeak A gripearen aurka txertatzera animatzen ditu, "seguruena delako"

2009.eko azaroak 10

Euskadin A gripeagatiko 501 ospitaleratze daude; horietako 43 ZIUn daude


Osasun Sailak Osakidetzaren Kontingentzia Planaren 3. maila aktibatuta mantentzen du A gripeari aurre egiteko. Rafael Bengoa Osasun sailburuaren hitzetan txertaketa kanpaina arrisku taldeei zuzenduta dago -osasun langileak, zerbitzu publikoak, arrisku patologiak dituzten pertsonak eta haurdunak-; guztira 463.000 pertsona dira.

 Eusko Jaurlaritzak datorren astelehenean, azaroaren 16an, A gripearen aurkako txertaketa kanpaina martxan jarriko du. Kanpaina ezarritako arrisku taldeak -langile soziosanitarioak, funtsezko zerbitzu publikoen langileak, birus pandemikoa hartzekotan konplikazioak jasateko arriskua duten 6 hilabetetik gorako pertsonak eta haurdunak- osatzen duten 463.000 pertsonei zuzenduta dago. Euskadin 501 ospitaleratze daude A gripe birusagatik, eta horietatik 43 ZIUn izan dira (18 zerbitzu honetan daude oraindik).

Asteroko Gobernu Kontseiluaren ostean dagoen prentsaurrekoan, Gobernuaren bozeramaileak, Idoia Mendiak, eta Osasun sailburuak, Rafael Bengoak, Osakidetzak datorren astelehenean martxan jarriko duen A gripearen aurkako txertaketa kanpaina azaldu dute eta arriskuan dauden taldeak lehenbailehen txertatzera animatu dituzte, A gripearen aurka ekintzarik "seguruena" delako.

Kutsadura kopuru handiena duen Autonomi Erkidegoa Euskadi da. Gaur egun 458 ospitaleratze daude: %56 gizonak eta %44 emakumeak dira, batez besteko adina 35 urtekoa da eta, batez beste, 4,5 egun igarotzen dituzte ospitalean. Beste 43 pertsona ZIUn sartu behar izan dituzte eta, batez beste, 6 egun igaro dituzte bertan. 18 pertsona daude oraindik zerbitzu honetan. Kasu kopururik handiena duen adin tartea 5 eta 14 urte bitarteko haurretan dago, 14.000 kasu baino gehiago baitaude. "Kasuen kopurua handitzen lehenengoak izan gara, baina jaisten lehenengoak izatea ere espero dugu", esan zuen Bengoak.

Gaur egun, Osasun sailak pandemiaren aurkako Kontingentzia Planaren 3. maila mantentzen du aktibatuta (erdi maila), batez beste 100.000 biztanleko 500-550 kasu zenbatu baitira. Beste neurri batzuen artean, Osakidetzak biztanleriaren %40rentzako txertoak dauzka eta erreserba %60 txertatzeko heltzen da. Honen zergatia, beste arrazoien artean, hau da: 10 urtetik gorako pertsonek txertoaren dosi bakarra behar izango dutela egiaztatu da; aldiz, 10 urtetik beherakoek errefortzuko bigarren dosi bat behar izango dute. Plan hau urte honetan H1N1 birusaren etorrerari aurre egiteko pentsatu da, baina birusak izango duen bilakaerari aurre egiteko datozen urteetan mantendu egingo da. "Geratzera etorri da", esan zuen Osasun sailburuak, oso birus kutsakorra baita, nahiz eta "eragin kliniko txikia" duen.

Horregatik, Osasun sailburuak arriskuan dauden taldeen barruan dauden pertsonak animatu ditu datorren astelehenetik aurrera (azaroak 16) txertatzera joan daitezen. "Borondatezko ekintza da, horregatik, arrisku talde hauek animatu nahi ditugu ahalik eta gehienek txertoa har dezaten, gero eta pertsona gehiago txertatzen baditugu, gero eta pertsona gutxiago aurkituko dituelako birusak kutsatzeko", esan zuen Bengoak, eta txertatzea ekintzarik "seguruena dela" errepikatu zuen.


Osasun langileen txertaketa

Txertoa jarri behar duten arrisku taldeen artean osasun langileak daude. Txertaketari dagokionez, talde honek susmoak adierazi ditu zenbait kasutan. Horregatik, Rafael Bengoa sailburuak "adoretsu" animatu du osasun taldea txertatzera joan dadin, horrela birusaren agente transmititzaile bihur ez daitezen, zenbait osasun arazo dituzten gaixoak tratatzen baitituzte eta A gripearen birusa kutsa baitiezaiekete. "Txertatzea beharrezkoa dela norbaitek badaki, eurak dira", amaitu zuen.

Kanpainak "Txertatu, seguruena da" goiburua dauka eta herritarrek informazioa lor dezakete Osakidetzaren 900474732 telefono eta "www.euskadi.net/gripe" web orriaren bidez.

Gobernu Kontseiluaren erabakiak

Jaurlaritza-Kontseiluaren erabakiz 11,9 milioi euro gehiago jarriko dira aurten Gauzatu programarako. Horiek horrela, aurrekontu osoak 37,9 milioi euro joko du. Gauzatu programak helburu dauka oinarri teknologikoa eta/edo berritzailea duten proiektuetarako inbertsioak bultzatzea euskal enpresen lehiakortasuna areagotzeko.

Programa honek, '+Euskadi09' neurrien babesean aurrekontua handitu duena, euskal enpresa txiki eta ertainei gehituko zaizkion aktibo finko berriak eskuratzea sustatzen du. Aurrerakin itzulgarriak dira, enpresari finantza-kosturik ekartzen ez dizkiotenak.

Aurten 68 enpresen dirulaguntza-eskabide onartu dira. Halere, programa honen aurrekontuarekin, 26 milio eurokoa, ez zegoen 47 enpresari baino erantzuterik. Hori bera gertatu zen aurreko urteetan eta horren ondorioz eskabidea onartuta zeukaten hainbat enpresek hurrengo urteko laguntza-deialdiaren zain egon behar zuten Gauzatu programari heltzeko.

Aurten, ekonomi krisialdia dela-eta egoki iritzi zaio ETEk teknologian eta berrikuntzan inbertsio-proiektuak egin dezaten ahalik eta gehien laguntzeko neurriak arintzeari. Horregatik 11,9 milioi euroko partida berezia jarri da. Horrela, aurrekontu faltagatik laguntzarik gabe geratzekoak ziren 21 enpresek Gauzatu programaren babesa jasoko dute aurten bertan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Rafael Bengoa saliburua