Eu

Amurrion da Ingurumen Sailak eta Ecoembesek ekonomia zirkularra herritarrei ezagutarazteko antolatutako kanpaina

2017.eko urriak 06
  • «Birziklapenean jaioak gara» izeneko animazio-kanpaina gaur eta bihar izango da udaletxe-plazan
  • Erakusketaren asmoa da hondakinak murriztu, birziklatu eta berrerabiltzeari begira hartu behar ditugun eguneroko ohiturez informatzea eta kontzientziatzea

 

Gaur bertan iritsiko da Amurriora «Birziklapenean jaioak gara» animazio-kanpaina, urriko egunetan Euskadin barna dabilena, ekonomia zirkularraren abantailak eta hondakinen murrizketa eta birziklapenaren onurak herritarrei azaltzeko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Ecoembesek (ontzi eta bilgarrien birziklapena sustatzen duen irabazi-asmorik gabeko ingurumen-erakundea) gauzatutako ekimen bat da, gai horren inguruan duten hitzarmenaren harian.

Kalean bertan egindako jarduera elkarreragile eta ludikoen bitartez, udaletxe-plazan bertan (11:00-15:00 eta 16:30-19:30 bitartean), Euskadik hondakinen berreskurapenaren alorrean dituen helburuak zein diren azalduko die kanpainak herritarrei; halaber, ondo birziklatzeko aholku praktikoak emango dizkie, gai horren inguruan dauden mitoak apurtzen laguntzeko. Kanpainaren osagarri, publizitatea ere egingo dute Euskadiko hedabideetan, baliabideak berreskuratzeak eta berrerabiltzeak ingurumenerako eta ekonomiarako dituen ondorio positiboen kontzientzia har dezaten herritarrek.

Zaborretik lehengaira

«Erakutsi nahi dugu gaur egun zaborrera botatzen ditugun materialen parte handi bat arazorik gabe itzul daitekeela ekoizpen-prozesura, lehengai moduan. Material horiek berreskuratzean eta berrerabiltzean, alde batetik hondakin horiek ingurumena kutsatzea saihesten dugu, batzuetan mende luzetarako, eta, beste alde batetik, ekoizpenerako baliabide gutxiago erauztea lortzen dugu», nabarmendu du Iván Pedreirak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioko zuzendariak.

«Etxeko ontziak birziklatzea funtsezko puntu bat da ekonomia zirkularrerako trantsizioan. Honelako kanpainek ahalbidetzen digute herritarrei erakustea zein garrantzitsua den hondakinak edukiontzi egokira botatzea; izan ere, keinu txikia izan arren, hori lagungarria da ingurumena zaintzeko eta etorkizun jasangarria lortzeko», esan du Susana Revueltak, Ecoembes erakundeko Marketin-gerenteak.

Ingurumen Administrazioko zuzendariak, bestalde, azaldu du Ingurumen Sailak ekonomia lineala atzean uztearen alde diharduela, horren ordez ekonomia zirkularrari bidea irekitzeko. Pedreirak zehaztu duenez, ontzi eta bilgarrien birziklapen-tasa % 28,2koa da, Euskadiko batez bestekoa (% 32) baino apur bat txikiagoa.

Amurrion, hondakinak bereizteko hainbat edukiontzi daude: horiak (latak, brikak eta plastikozko ontziak), urdinak (kartoia eta papera) eta berdeak (beira). Edukiontzi zuriak ere badira udalerrian, berriro erabil daitezkeen hondakinetarako; izan ere, Udalaren eta Koopera erakundearen arteko hitzarmenari esker, helburu sozial batera zuzentzen dira bai arropak, bai berriro erabil daitezkeen bestelako objektuak.

Gaur egun, proiektu pilotu bat dela-eta, 16 edukiontzi marroi daude kokatuta, materia organikoa jasotzeko; 2018rako, edukiontzi guztiak ipinita egotea da asmoa. Birziklapenarekin lotuta, Larrabe auzoan garbigune bat dago, eta lau minipuntu daude herrian, pilak, agortutako kargagailuak eta CDak bertan uzteko.

Ecoembes erakundeari buruz

 

Ecoembes (www.ecoembes.com) irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, plastikozko ontziak, latak eta brikak (edukiontzi horia) eta kartoi eta paperezko bilgarriak (edukiontzi urdina) berreskuratzeko eta birziklatzeko prozesua Espainia osoan kudeatzen duena.

2016an, 1,3 milioi tona baino gehiago birziklatu ziren Espainia osoan, ontzi arinak eta kartoi eta paperezko bilgarriak batuta. Horri esker, ingurumen-onura ugari lortu ziren, hala nola milioi bat tona C02 gutxiago isurtzea atmosferara eta 7 milioi MWh aurreztea; hau da, 700.000 etxebizitzak baino gehiagok urtean kontsumitzen duten argindarra bezainbeste. Orobat, 20,1 milioi metro kubiko ur ere aurreztu ziren.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak