Berriak Hezkuntza
Eu

Euskadi Autonomia-erkidego liderren artean kokatu da ikerketa zientifikoaren ekoizpen eta inpaktuari dagokionez

2017.eko urriak 11
  • 2016an, Euskadiko argitalpen zientifikoak Estatu osoko argitalpen zientifikoen % 6,61 dira. Hamarkada batean, Euskadiko ekoizpen zientifikoa % 148 hazi da.
  • Euskadin 12.000 ikertzailek baino gehiagok lan egiten dute ikerketa eta garapen jardueretan.
  • Ekoizpen zientifikoaren hazkundearekin batera, nazioarteko lankidetza gehitu eta argitalpenen arloko lidergoari eutsi zaio.
  • Zientzia Euskadin 2017 Txostenak Euskadiko emaitza nagusiak bildu ditu, ikerketa arloko langileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagokienez.

Bilbon, 2017ko urriaren 11n – Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordea eta Fernando Cossío IKERBASQUEko Zuzendari Zientifikoa aldean zituela, Zientzia Euskadin 2017 Txostenaren emaitzak aurkeztu ditu gaur goizean. Txostenak Euskadiko emaitza nagusiak bildu ditu, ikerketa arloko langileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagokienez, Ikerboost Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak monitorizatutako adierazleen bitartez.

Munduko ekoizpen zientifikoa urtez urte gehituz joan da, baina gaur egun nolabaiteko geldialdia sumatzen zaio. Euskadik estatuan eta munduan duen pisua etengabe hazi da azken hamarkadan hazkunde-tasa handiagoei esker. Nolanahi ere, Euskadi ez dago joera globaletik kanpo, eta 2016an aurreko urtean baino argitalpen gehiago egin diren arren, ekoizpen zientifikoa egonkortzeko bidean dagoela esan liteke.

Azken 10 urteotako bilakaera kontuan izanda, 2007. urtean argitaratutako 2.100 dokumentuen aldean, 2016an 5.212 dokumentu plazaratu ziren guztira, hamarkada bakar batean % 148ko hazkundea lortuz. Euskadiren pisu erlatiboa etengabe hazi da azken hamar urteotan, eta 2016an Espainiako ekoizpen zientifikoaren % 6,61 izan da.

Euskadi bosgarren postuan dago ekoizpen absolutuari dagokionez, eta zazpigarren postuan per capita egindako argitalpen kopuruaren arabera. Argitalpenen kalitatean egindako gorakada da esparru honetako albisterik onena, eta bi alderditan islatu da gorakada hori: alde batetik, lehen kuartileko aldizkarietan argitaratutako ekoizpen zientifikoaren portzentajea etengabe hazi da Euskadin azken hamarkadan, % 42,6tik % 51,62ra igaroz 2015ean. Era berean, ikerketen emaitzak argitaratzerakoan, Euskadiko ikertzaileek lankidetzan jardun ohi dute mundu osoko eragile zientifiko nagusiekin: Estatu Batuak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia. Nazioarteko lankidetza hauetan, Euskadiko ikertzaileek nagusitasunezko posizioa izan ohi dute, eta kasu askotan, argitalpenen egile nagusiak izaten dira. Lidergo hori kontuan izanda, "zientzia-sistema ikerketaren kalitatea zalantzan jarri gabe haziz doala” esan liteke, Fernando Cossio Ikerbasqueko Zuzendari Zientifikoaren hitzetan.

I+G arloko gastuak autonomia-erkidegoetako BPGan duen portzentajeari dagokionez, Euskadi dugu 2015eko zerrendaburu BPGaren % 1,93az, Madril, Nafarroa eta Kataluniaren aurretik. Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuaren esanetan, emaitza hauek goitik behera frogatzen dute "Eusko Jaurlaritzak ikerketa giltzarrizkotzat jotzen duela Euskadiren etorkizunerako, eta horrexen aldeko apustuari eusten diola”.

Era berean, Euskadi hirugarren autonomia-erkidegoa da H2020 esparru programari atxikitako finantzaketa lehiakorra erakartzeko gaitasunari dagokionez (303 milioi €), Kataluniaren eta Madrilen atzetik. Gainera, Euskadik lortutako finantzaketa ia-ia bikoiztu egin du laugarren autonomia-erkidegoak (Valentziar Komunitatea) eskuratutakoa. H2020 Esparru Programa giltzarrizko tresna bilakatu da Europar Batasuneko ikerketa eta berrikuntza jardueretarako. Tecnalia, UPV/EHU eta Tekniker dira honelako finantzaketa lehiakorra duten zentro nagusiak.

Sektorekako ekoizpenari begiratuta, Euskadiko zientzia-ekoizpen osoaren % 57 inguru unibertsitateei dagokie –UPV/EHU buru dela, indexatutako 2.741 argitalpeneko ekarpenaz–, eta jarraian osasun sektorea eta zentro teknologikoak daude. Azken urteotan, euskal zientzia-sisteman gero eta garrantzi handiagoa duten eragile berriak agertu dira (BERC zentroak eta IKZak). Berrikitan sortutako BERC zentro eta IKZ batzuek 100 argitalpen zientifiko baino gehiago indexatuak dituzte urtean, eta horiexek dira aipamen-kopururik handiena jaso dutenak dokumentu bakoitzeko.

Ikerketa komunitatea

2015ean –urte honetakoak dira azken datu erabilgarriak–, Euskadin gehitu egin zen ikerketa eta garapen arloko jarduerei atxikitako pertsonen kopurua, dedikazio osoko baliokidetasunean (DOB) diharduten 12.000 pertsona baino gehiago bilduz. Generoaren ikuspegitik, urtez urte gehiago dira doktoregoa lortzen duten emakumeak gizonak baino. Alabaina, kategorien arabera aztertuz gero, senior postu gehienak gizonen esku daude nagusiki.

Ikerboost, Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokia

IKERBASQUEko Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak, EAEn, Estatuan eta nazioartean kontrastatutako informazio-iturrien araberako adierazleak bildu ditu, euskal komunitate zientifikoa karakterizatu eta beste herrialdeetakoekin kualitatiboki nahiz kuantitatiboki konparatzeko aukera errazteko asmoz. “Zientzialariek aldizkari espezializatuetan argitaratzen dituzte ikerketetako emaitzak, beste ikertzaileekin batera partekatzeko; Ikerbasqueko Behatokiak argitalpen horiek guztiak monitorizatzen ditu, ale-kopurua, nazioarteko eragina eta gaien araberako espezializazioa bezalako alderdiak aztertuz”, Fernando Cossío IKERBASQUEko zuzendari zientifikoak azaldu duenez.

IKERBASQUEri buruz

Eusko Jaurlaritzak IKERBASQUE Euskadiko Zientzia Fundazioa bultzatu zuen 2007an Euskadin ikerketa zientifikoa garatzen laguntzeko, ikerketa arloko talentuak erakarriz eta atxikiz. Hauek dira IKERBASQUEren helburu nagusiak: Euskal Zientzia Sistema sendotzea, sistematik kanpo erakarritako zientzialariak kontratatuz, eta Euskadiren irudia bultzatzea ikerketaren alorreko nazioarteko erreferentziatzat. Europako Batzordeak, Europako Ikerketarako 7. Esparru-Programaren barruan, Europa osoko ekimenik garrantzitsuenetakotzat aukeratu du IKERBASQUE Fundazioa, eta ondorioz, 18 milioi euro baino gehiago eman ditu IKERBASQUEko programak finantzatzeko.

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Macmillanfp
    2017.eko urriak 20

    Comentario de Twitter:
    Euskadi se sitúa entre las Comunidades Autónomas líderes en producción e impacto de la investigación científica https://t.co/ZM7Gs6ywUH

  • @Macmillanfp
    2017.eko urriak 18

    Comentario de Twitter:
    Euskadi se sitúa entre las Comunidades Autónomas líderes en producción e impacto de la investigación científica https://t.co/ZM7Gs6ywUH

  • @AndoniEizagirre
    2017.eko urriak 12

    Comentario de Twitter:
    Zientzia Euskadin 2017 Txostena; ikertzaileak, finantzazioa, emaitzak eta transferentzia teknologikoa.

    https://t.co/5y4tdzLrG3 @Ikerbasque

  • @iozamizu
    2017.eko urriak 11

    Comentario de Twitter:
    Euskadi se sitúa entre las Comunidades Autónomas líderes en producción e impacto de la investigación científica https://t.co/GlACUsbZmK

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Fernando Cossio, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa