Berriak Lehendakaritza
Eu

Kontzertuaren eta Kupoaren legeak onetsi izana goraipatu du Lehendakariak, bilateralitatearen balioa nabarmentzeaz gain Autogobernua "aintzatetsi eta indartzen" duelako

2017.eko azaroak 24

Lehendakariak, Tapia sailburua lagun zuela, Egile taldea bisitatu du Mendaron

Iñigo Urkullu Lehendakariarentzat “berri on” bat da atzo Diputatuen Kongresuan Kontzertu Ekonomikoaren eta Kupoaren legeak onetsi izana, "aintzatetsi eta indartu" egiten baitute euskal Autogobernua, bilateralitatearen balioa nabarmentzeaz gain. Jasotako babesa eskertu nahi izan du, beraz. Deklarazio horiek Mendaron egin ditu Lehendakariak, Egile taldearen aeronautika-arloa inauguratzeko egin den ekitaldian, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia lagun zuela.

Urkulluk ziurtatu duenez, bi lege horiek onetsi izanak “ekonomiaren egonkortasunean inbertitzea” adierazten du eta indartu egiten du Euskadik duen gaitasuna “erabaki ekonomikoak hartzeko eta herritarren ongizatea bermatzeko”. “Sendotu egiten du gure Autogobernua baita gure gaitasuna ere inbertsiorako eta enpresa-proiektuen garapenerako ekosistema ekonomiko erakargarri bat indartzen jarraitzeko”, gaineratu du.

Gaurko bisitaldiak Egile DMPren instalazioak ezagutzeko balio izan du. Enpresak aeronautikako sektorerako osagaiak fabrikatzen ditu, baina baita ITS Security-koak –zibersegurtasunean diharduena– eta Createch Medical-eko arlo berri batekoak, aurpegi-masail eta hortz-protesiak fabrikatzen dituenekoak. Eusko Jaurlaritzako ordezkariez gain, bisitaldian parte hartu dute ere bai Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuruak, Mendaroko alkate Sonia Garcíak, eta Egile taldeko arduradunek, bertako lehendakari Eduardo Junkerak, haien artean.

Egile taldea base teknologikoa duten enpresen kooperazio bat da, eta Mendaron du bere egoitza. Erabateko Doitasun Mekanikako jardun nuklearretik sektore desberdinak hartzen dituzte, horien artean nabarmentzekoak: aeronautika eta segurtasuna, osasuna, energia, ingurumena eta ura, zientzia eta xafla finen trokelgintza. Lehendakariak ziurtatu duenez, Egile taldea berrikuntzarekin hartutako konpromisoaren adibide bat da, Eusko Jaurlaritzak planteatutako Basque Industry 4.0 estrategiarekin bat etorriz, eta bere jardueretan erakutsi du digitalizazioa aukera bat dela enpresa batean lehiakortasuna areagotzeko. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak