Eu

Eusko Jaurlaritzak 35 erakunderi banatu dizkie Bikain – Euskararen Kalitate Ziurtagiriak, Bilboko Euskalduna Jauregian

2017.eko abenduak 13

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatu dituzte gaur, Bilboko Euskalduna Jauregian egin den banaketa ekitaldian. Orotara 35 erakundek jaso dute ziurtagiria; horietatik 16-k goi-mailako urrezko Bikain egiaztatu dute; 17-k tartekoa den zilarrezkoa eta 2-k oinarrizkoa. Apustu honen bidez erakundeek euskara beren lan jardueran txertatzeko nahia berresten dute. Bikain Ebaluatzaileen Klubean 666 ebaluatzaile daude eta horietatik 123 kidek burutu dituzte aurtengo ebaluazio lanak. Guztira, 329 erakundek lortu dute Bikain ziurtagiria azken urte hauetan.

280 pertsonatik gora elkartu dira Bilboko Euskalduna Jauregian arratsaldeko 18:00etan hasita egin den Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren banaketa ekitaldiaren 9. edizioan. Oholtzan izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta  Hizkuntza Politikako sailburua; Miren Dobaran, Hizkuntza Politikako sailburuordea; Nuria Agirre, Laboral Kutxako Giza Baliabideetako zuzendaria; eta Roberto Larrañaga, Confebask-eko presidentea.

Ekitaldian, Eusko Jaurlaritzatik, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua ere izan da, berarekin batera beste hainbat enpresa eta erakundetako ordezkariak izan dira.Gonbidatuen artean, besteak beste, Bikain Ziurtagiria eskuratu duten erakundeetako ordezkariak, Ebaluatzaileen Klubeko kideak, enpresaburu zein kooperatiba elkarteen goi-ordezkariak, euskal kulturgintzako ordezkariak, edota administrazioetako, alderdi politikoetako nahiz sindikatuetako ordezkariak izan dira. Ekitaldiaren izenburua Garapenaren Lengoaia izan da eta bertan puntako erakundeen lan-erreminta euskara dela berretsi da. Hala, euskal erakundeek munduari egiten dioten ekarpena bezain garrantzitsua izanik, euskarak   eurei egin diena. Lengoaia hizkuntzatik harago doa, jarrera bera, etengabe hobetzeko nahia lengoaiaren barnean koka daiteke.

Esparru sozio-ekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatzea da Bikain Ziurtagiriaren egitekoa. 2008tik egundaino Bikain Ziurtagiria izan da kalitatezko euskararen bermea erakundeetan, eta guztira 329 erakundek dute ziurtagiria (batzuek bat baino gehiago dute); 67.200 langile inguru dituzte enpresa horiek. 

Gaurko ekitaldian ziurtagiria jaso duten 35 erakunderen artean, ohi bezala, orotariko erakunde pribatu eta publikoak daude: industrial nahiz teknologikoak, zerbitzuetakoak, asistentzialak, garraioetakoak, hezkuntzakoak, aholkularitza-alorrekoak baita administraziokoak ere. Aurten Ziurtagiria lortu duten %63 Gipuzkoako erakundeak dira, %34 Bizkaikoak eta %3 Arabakoak. Horiek guztiek egiaztatu dute garapen-maila bat edo beste euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketan.

Bikain Ziurtagiria kanpo-ebaluazio bat egin ondoren eskura daitekeen ziurtagiria da. Ebaluazio horretan EMEn (Erreferentzia Marko Estandarrean) jasotako itemak zein hizkuntzatan egin ohi diren, eta nola kudeatzen diren egiaztatzen da, besteak beste. Ebaluatzen diren ardatzak ondorengoak dira: zerbitzu ardatza (erakundearen irudia eta bezeroarekiko/herritarrekiko harremanak), eta lan-hizkuntza (barneko-komunikazioa eta lan-tresnak, pertsonen kudeaketak, kanpo-harremanak eta kudeaketa-sistema). Kanpo-ebaluazio horiek Bikain Ebaluatzaileen Klubeko kideek egiten dituzte era altruistan, lan-sektore askotarikoak, baita profil ezberdinetakoak ere.

Horiek horrela, aurten parte hartu duten erakundeek dagoeneko jaso dute ebaluazio-txosten bana beren indargune nahiz zer hobetuen berri zehatza ematen diena, lortutako puntuazio eta horren araberako ziurtagiriarekin batera; hori guztia, lan-ibilbide desberdinetako ebaluatzaile talde batek egina.

 Eusko Jaurlaritzak sortutako ziurtagiri ofiziala da Bikain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kudeatzen du, eta eginkizun horretan hasieratik izan du Artezkaritza Kontseilua osatzen duen erakundeen atxikipena: Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru aldundiak, EUDEL-Euskal Udalen Elkartea, Euskal Enpresarien Konfederakuntza (CONFEBASK), Gipuzkoako Enpresarien Elkartea (ADEGI), Bizkaiko Enpresarien Konferederazioa (CEBEK), Arabako Enpresariak (SEA) eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa. Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria, publikoa eta doakoa da eta hiru maila hartzen ditu bere baitan: oinarrizkoa edo Bikain beltza (200 puntu gutxienez); Tarteko maila edo Bikain zilarra (500 puntu gutxienez) eta Goi maila edo Bikain urrea  (800 puntu gutxienez).

 

Ziurtagiria lortu duten erakundeen zerrenda mailaka.

Oinarrizko ziurtagiriak:

  1. Hezi eta Ikasi, S.L.
  2. LKS Ingenieria, KOOP. E.

 

Maila ertaineko ziurtagiriak:

  1. Batz S. Coop. (Igorre)
  2. Bidegintza G.E. K.
  3. CAF Beasaingo Lantegia
  4. Copreci S. Coop. 
  5. Goimek S. Coop.
  6. Goxara S.L.
  7. Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea - EHU/UPV
  8. Ingurumena Advanced Technologies
  9. Izan Zentroa
  10. Lauka Centro de Estudios e Intervenciones Psicológicas S.L.
  11. Maier S. Coop.   
  12. Orkli S. Coop.   
  13. Sollube Autoeskola (Gernika)
  14. Ulma S. Coop.
  15. Unibasq
  16. Urrutia Edariak S.L.
  17. Zalbidar Elizateko Udala

 

Goi mailako ziurtagiriak:

  1. Ajangizko Udala
  2. Anoetako Udala
  3. Aulestiko Udala
  4. Beasaingo Udala
  5. Bidelan Gipuzkoako Autobideak, S.A.
  6. Cikautxo S. Coop.   
  7. Danobat S. Coop.   
  8. Eika S. Coop.   
  9. Erroitz
  10. Goizper S. Coop.   
  11. Herritar Berri S.L.U.
  12. Ikaztegietako Udala
  13. Irurako Udala
  14. JMA Alejandro Altuna S.L.U.
  15. Kimu bat
  1. Matz-Erreka S. Coop.   

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak