Eu

Donostia´ko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren tokiko enplegu-plan berriak 232 postu sortzea sustatzen du

2018.eko urtarrilak 24
  • Ekimena sustapen ekonomikorako Donostia UP! Planaren barruan sartzen da; 1.474.399 €-ko aurrekontua du eta % 19 handitzen du kontratazio-kopurua, pasa den ekitaldiaren aldean
  • Planak konpromiso bat du lan-merkatura sartzeko zailtasun handiena duten sektoreekin:45 urtetik gorakoak, emakumeak, 30 urtetik beherakoak eta iraupen luzeko langabeak.
  • 62 enplegu sustatzen ditu, Donostia-San Sebastiango Udalak formalizatutako kontratuen bidez, 130 kontratu tokiko enpresetan eta autoenpleguko beste 40.
  • Donostia-San Sebastiango langabezia-indizea % 9,4koa da
  • Eneko Goia: “Enplegu Planaren helburu nagusia da hiriko ekonomia-jarduera sustatzea eta, horretarako, enplegu egonkorra eta kalitatekoa sortzea”
  • Beatriz Artolazabal: “zailtasun gehien dutenak enplegura berriz murgilarazteaz gainera, tokiko enplegu-planek lurraldearen garapen sozioekonomikorako eta modernizaziorako proiektuak jartzen dituzte abian”

Donostia-San Sebastian, 2018ko urtarrilaren 24a

Eneko Goia Donostia-San Sebastiango alkateak eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, 2017/2018 Enplegu Plana aurkeztu dute; Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak partekatzen duten estrategian sartzen da. Horren bidez, 232 lanposturen sorrera sustatzen da. Ekimena Donostia UP! Planean sartzen da; plana Donostiako Sustapen Arloak jarri zuen martxan. Berrikuntza du gakoa eta hiru ardatzen inguruan antolatzen da: giza kapitala, enpresa-leihakortasuna eta lurralde-kohesioa. Ekitaldian, halaber, Alfonso Gurpegui Gune Publikoetako, Ekologiako eta Festa Jardueretako zinegotzi ordezkariak, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak eta Borja Belandia Lanbideko zuzendariak parte hartu dute.

 Eneko Goiak zehaztu duenaren arabera: “Enplegu Planaren helburu nagusia da hiriko ekonomia-jarduera sustatzea eta, horretarako, enplegu egonkorra eta kalitatekoa sortzea, eta eragin berezia izatea lan-merkatura sartzeko zailtasun gehien duten kolektiboetan. Hori horrela, Planak lehentasuna ematen die emakumeei, 45 urtetik gorako pertsonei eta lehen enplegura jotzen duten 30 urtetik beherako gazteei egiten zaizkien kontratuei. Halaber, bereziki azpimarratzen du diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) jasotzen duten pertsonentzako kontratuen sustapena”.

 “Tokiko enplegu-plana tresna garrantzitsua da, eta, Donostia UP! Planeko proiektuekin batera, hirian ekonomiaren suspertzea sustatzea du helburu, besteak beste, talentu berritzailea kontratatzeko laguntzak edo 35 urtetik beherako goi-mailako prestakuntza duten langileen kontratazioa suspertzeko, proiektu berritzaileak egiteko”, nabarmendu du Donostiako alkateak.

 Investiga Programa –helburua da 30 urte baino gutxiagoko gazte kualifikatuak kontratatzea, ikerkuntzaren esparruan aurretiko esperientzia gabeak–, Nazioartekotze Bekak –25 bekako paketea; une hauetan aktibo dago, nazioarte-maila goreneko erakundeetan proiektuak garatzeko– edo Tokiko Talentuaren ItzuleraPrograma –52.400 €-ko ekarpena egiten du kontratu bakoitzerako, 35 urtetik beherako goi-mailako profilak itzultzera bideratzen da– dira enpleguaren alde Donostian martxan diren beste ekimen batzuk.

Artolazabal sailburuak zera esan du: “zailtasun gehien dutenak enplegura berriz murgilarazteaz gainera, tokiko enplegu-planek lurraldearen garapen sozioekonomikorako eta modernizaziorako proiektuak jartzen dituzte abian” 2017-2018 ekitaldi honetarako, Lanbidek 22 milioi euro bideratu ditu laguntza-mota horietara. Alegia, milioi bat euro gehiago iaz baino”.

“Laguntza horien bidez, tokiko enplegu-planen garapena onetsi eta sustatu da Bizkaian langabezia-tasa duten 25 eskualde edo udalerritan, Gipuzkoan 16tan eta Araban 8tan. Enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako aurreko deialdietan –Lanbidek onetsi zituen aurreko ekitaldietan– lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboen enpleguaren hobekuntzan lortutako emaitza onak babestu egiten du 2017-2018 aldirako beste deialdi bat abian jartzea”, esan du Artolazabalek.

 “Tokiko eremua da ekoizpen-aukera berriak antzemateko egokiena, eta ezinbestekoa da enplegu-politikek, horien diseinuan eta kudeaketa-ereduan, kontuan izatea beren tokiko dimentsioa, lurraldearen beharretara egokitzeko, potentzial hori aprobetxatzen laguntzeko jarduketak susta ditzaten eta, horretarako, eremu horretan enplegua sortzeko eta enpresa-jarduerarako ekimenei bide eman eta horiek bultzatzea”, esan du Artolazabalek.

Donostiako Enplegu Plan berriak, guztira, 1,474,399 euroko aurrekontua du; horren bidez, Donostian 232 lanpostu berri sortzea sustatuko da. “232 pertsona dira eta, horiekin batera, beste horrenbeste familia. Programaren bidez, ekonomia-jarduera sustatzen da eta lan-aukera berriak sortzen dira, batik bat kolektibo ahulenen artean; horrela, hiriko auzoen artean garapen orekatuari eman nahi zaio bide. Ederki egokitzen da Donostia Up! Planera. Plan horren kofinantzaketak ere, Eusko Jaurlaritzak Lanbideren bitartez egiten duen 1,36 milioi euroko ekarpenaren bidez eta Donostiako Udalaren ekarpenaren bidez, horrelako jarduketak sustatzen dituen erakundeen arteko hitzarmen- eta lankidetza-espiritua erakusten du”, esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak. Lanbideren ekarpena 1,362.775 eurokoa da, 2016-17ko ekarpena baino 100.000 euro handiagoa.

Enplegu Planerako sarbidea

2017/2018 Enplegu Planaren esparruan kontratazio-prozesuan dauden pertsonak Donostia-San Sebastiango herritarrak dira, langabezia-egoeran daudenak, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerrendetan lan-eskatzaile gisa daudenak. Lanbidek hautagaien lehen aukeraketa egin zuen, eskainitako enpleguetan eta eskatzen den profilera egokitzen direnetan oinarrituta.

 Udalak 2017/2018 Donostia-San Sebastiango Enplegu Planaren bidez sinatutako kontratu guztiek hiru eta sei hilabeteko iraupena dute. 62 kontratazio dira 45 urtetik gorakoentzat; horien artean, gainera, honako ehuneko hauek bete behar dira: % 30 diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak; % 15 55 urtetik gorakoak eta % 40 emakumeak.

 Donostia-San Sebastiango Udalak eta Gureak-ek Donostiako Sustapena udal-sozietatearen bidez kudeatutako 62 lanpostuak honako jarduera hauetan sartzen dira:

1) Hiriko mantentze-lanak eta instalazioetako lanak. Nabarmentzekoa da pinturaren mantentze-lana, 5 pertsonako ekipo batek osatutako brigadaren bidez. Pinturako 4 langileren lanpostu. 1 ekipo-buru.

 2) Eraikinetako mantentze-lanak. 3 pertsonak osatuko dute ekipoa: Iturgintzako 1. mailako ofizialen 2 lanpostu eta eraikin publikoetako planoen 1 delineatzaile digitalizatzaile.

 3) Intxaurrondon eta Alde Zaharrean tamaina handiko hondakinen hiri-ordenantzaren betearazpenari buruzko Ikuskaritzako eta Informazioko lanak. 6 pertsonak osatuko dute ekipoa: 3 langile Intxaurrondo auzorako eta 3 langile Alde Zaharrerako.

 4) Ur- eta saneamendu-instalazioen mantentze-lanak, iturgintzako eta igeltserotzako 1. mailako ofizialen profiletan eragina izanik. 4 pertsonak osatuko dute ekipoa: iturgintzako 1. mailako ofizialen 2 postu eta igeltserotzako 1. mailako 2 ofizial.

 5) Igeltserotzako lanak Polloeko hilerriko hileta-zerbitzuen mantentze-lanerako. Igeltserotzako peoien 2 postu egongo dira, hilobiak berreskuratzeko.

 6) Administrazio-kudeaketako lanak, salmenta ibiltariko asteko merkatuko erreformak/hobekuntzak ezartzeko. 2 pertsonak osatuko dute ekipoa: 2 administrari lanpostu.

 7) Mantentze-lanak parke eta lorategietan. 5 pertsonak osatuko dute ekipoa: lorezaintzako 4 langileren lanpostu eta 1 ekipo-buru.

 8) Mantentze-lanak bide publikoetan eta auzo-bideen garbiketa hiri osoan. 11 pertsonak osatuko dute ekipoa: areketarako langileen 8 postu, 2 ekipo-buru eta ekipoa koordinatuko duen herri-lanetako 1 ingeniari.

 9) Laguntzarako animaliei buruzko kontzientziazioari eta etiketen bidez elikagaien jasangarritasunaren azterlanari lotutako proiektuen lanak. 3 pertsonak osatuko dute ekipoa: dinamizatzaile soziokulturalen 2 postu eta informazio laguntzailearen 1 postu.

 10) Mugikortasun Saileko lanak; nabarmentzekoa da mugikortasuneko atal teknikoaren errefortzua, hirian obrak egiteko. 1 pertsonak osatuko du ekipoa: herri-lanetako 1 ingeniari teknikoaren lanpostua.

 11) Garbiketako lanak; 20 langaberen kontratazioa, 6 hilabetez, lanaldi osoan. Ekipoa garbiketako 18 langilek eta 2 arduradunek osatuko dute.

 Sektore pribatuak kontratatzeko laguntzen kasuan, enpresa bakoitzak gehienez bi laguntza jaso ahalko ditu, eta horiek urtarrilaren 31ra arte egongo dira indarrean. Gehienez, lanaldi osoko eta urte erdiko edo gehiagoko iraupeneko kontratu bakoitzeko, 6.000 euro jaso daitezke; kopuru hori 9.000 eurokoa izan ahalko da, kontratatutako pertsona laneratzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboetako batean badago.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @basquemployment
    2018.eko urtarrilak 25

    Comentario de Twitter:
    RT @EnpleguGizaEJGV: ℹ️ Más información, aquí 🔗 https://t.co/NV8t1R1w5Z 🔗

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Eneko Goia, Alfonso Gurpegi