Berriak Segurtasuna
Eu

Delinkuentziak %0,78 egin du gora Euskadin 2017an

2018.eko urtarrilak 30

Delitu estrategiko gehienek egin dute orokorrean behera, larritasuna dela eta gizartean alarmarik handiena sortzen dutenek, alegia

2017a aurreko urteko antzeko delitu-tasarekin amaitu da Euskadin. Ertzaintzak ikertutako 81.971 arau-hauste penalak iaz kontabilizatutakoak baino (81.335) % 0,78 gehiago dira. Arau-hausteen katalogazioari dagokionez, adierazi behar da behera egin dutela EBk “estrategikotzat” jotako ia delitu guztiek: homizidioek, etxebizitzetan indarra erabiliz egindako lapurretek, indarkeria erabiliz egindako lapurretek eta ibilgailuen lapurretek. Droga-trafikoarekin zerikusia dutenek bakarrik egin dute gora. Bestalde, Ertzaintzak arau-hausteak leporatuta epailearen aurrera eraman dituen pertsonen kopuruak % 3,58 egin du gora.

 

Ertzaintzak kontabilizatutako datuen arabera, 2017an egonkortu egin ziren Euskadin arau-hauste penalak, eta 81.335etik 81.971ra igo ziren (% +0,78). 1.000 biztanleko delituen tasa 37,15etik 37,36ra igo zen.

Europako esparruan segurtasunaren bilakaerari begira Europar Batasunak, larrienak direlako eta, ondorioz, gizartean alarmarik handiena sortzen dutenak direlako, “estrategikotzat” jotzen dituen arau-hausteek behera egin zuten gure lurraldean, eta kasu guztietan berdintsu: homizidioak 6tik 4ra jaitsi ziren (% -33,33) –guztiak argitu ziren–; etxebizitzetan indarra erabiliz egindako lapurretak 4.110etik 4.056ra (% -1,31); indarkeria edo beldurra erabiliz egindako lapurretak 1.967tik 1.757ra (% -10,68); eta motordun ibilgailuen lapurretak 958tik 860ra (% -10,23). Droga-trafikoarekin zerikusia duten delituek bakarrik egin zuten apur bat gora, 276tik 281era (% +1,81).

Arau-hausteen arabera, berriz, 2017an lesio-delitu gehiago izan ziren, 4.468, alegia, eta iaz, berriz, 4.131 (+8.16).

Familia barruko lesioen atalean eta osotasunaren aurkako delituenean  indarkeria erabiliz egindako erasoak 725etik 1.120ra igo ziren (+54,48), eta indarkeria fisikorik gabeko tratu txarrak, berriz, 3.078tik 2.770era jaitsi ziren (% -10,01).

Sexu-askatasunaren aurkako arau-hausteek nabarmen egin zuten gora, 357tik 453ra (% +26,89), eta gehienak (heren bat) sexu-ukituengatik, exhibizionismoagatik, sexu-probokazioengatik... jarritako salaketei dagozkie.

Ikertutako lau arau-hausteetatik hiru ondarearen aurkako delituak dira, eta orokorrean 61.790etik 61.593ra jaitsi ziren (% -0,32); ia atal guztietan jaitsi ziren, gainera: ebasketak (% -3,95), indarra erabiliz egindako lapurretak (% -4,82), etxebizitzetan egindako lapurretak (% -1,31), lapurretak (% -10,68) eta ibilgailuen lapurretak (% -10,23). Iruzurrek bakarrik mantendu zuten –bereziki Internet bidez egindakoek– azken urteotako goranzko joera (% +18,38).

Segurtasun kolektiboaren aurkako arau-hausteek apur bat egin zuten gora (% +1,59), eta igoera batez ere droga-trafikoan nabaritu zen (% +1,81).

Erruztapen penalak 

2017an delituen tasei eutsi izanak ez zuen mugatu erruztapenen goranzko bilakaera. Arau-hauste penaletan inplikatuta egotea leporatuta Ertzaintzak epailearen aurrera eramandako pertsonen kopurua 26.029tik 26.995era igo zen (% +3,58).

Geografia-esparrua

Lurralde historikoen arabera, delinkuentziaren banaketa nahiko orekatua izan zen. Araban arau-hausteak 11.554tik 11.839ra igo ziren (% +1,70), Bizkaian 48.213tik 48.451ra igo ziren (% +0,49) eta Gipuzkoan 21.568tik 21.681era (% +0,52).

Agerraldia Legebiltzarrean

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia Eusko Legebiltzarraren aurrera agertuko da laster, berak eskatuta, Euskadiko 2017ko delinkuentziaren balantze xehatuaren berri emateko. Agerraldi horretan, informazio honetan jasotako datuez gainera, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen datu metatuak ere emango ditu.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2018.eko urtarrilak 30

    Comentario de Twitter:
    La delincuencia crece un 0,78% en Euskadi en 2017 https://t.co/crVDC9LJKp

Komunikabideek behera kargatzeko