Eu

Retortillo sailburuak bere Sailak Basketeko Errege Kopako finalean turismoa sustatzeko egingo dituen jarduerak aurkeztu ditu

2018.eko otsailak 13

Saski Baskonia taldeak prentsaurrekoa eman du Kanarietan jokatuko duen Errege Kopako azken fasearen inguruan, eta bertan izan da Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillo. Sailburuarekin batera, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek hartu dute parte. Kirol-arloan, Saski Baskoniako zuzendari nagusi Jesús Vázquezek azaldu du partiden egutegia.

Retortillo sailburuak adierazi duenez, bere Sailak Baskonia taldearekin eramango du EUSKADI BASQUE COUNTRY marka, eta Euskadik bisitariei eskaintzen dizkien baliabideak ezagutarazteko turismo-informazioa eskainiko die talde guztietako zaleei, Baskonia taldeak Las Palmas Kanaria Handikoan duen topalekuan.
Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kirol-abentura berri hau babestu eta harekin bat egin nahi izan du, Baskonia taldea Euskadiko hiriburuko turismoaren eta merkataritzaren irudia eta elementu eragilea baita, Retortillok adierazi duenez. Taldearen ibilbidea eta balioak –gaineratu du sailburuak– bertako ekonomia indartzeko elementuak dira, zalantzarik gabe.

Sailburuak azaldu duenez, “taldearen eta haren jarraitzaileen kirol-balioei kirol-ekitaldi handiek tokiko ekonomian dituzten ondorio biderkatzaileak eta itzulkinak gaineratu behar zaizkie”. Zehazki, joan den urtean Gasteizen egin zen Errege Kopa aipatu du adibide gisa. Hilabete horretan (2017ko otsailean), iritsitako turisten kopuruak % 14,8ko igoera izan zuen Araban. Ostatu-gauei dagokienez, urtaroz kanpoko garaia eta, beraz, sektorerako interes handiagokoa zela kontuan hartuta, 310.000ra iritsi ziren. Hortaz, % 8,1eko igoera izan zen aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta (hau da, 23.000 gehiago).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak