Berriak Osasuna
Eu

LEPeko azterketak maiatza eta ekaina bitartean izango direla iragarri du Darpón sailburuak

2018.eko otsailak 21

Bi urtean behin deialdi bat egiteko Sailak hartutako konpromisoa azpimarratu du Radio Euskadiko elkarrizketa batean

Joan den ostiralean Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan izena emateko epea ireki zenetik 30.000 pertsona baino gehiago apuntatu dira deialdi honetara. Hala ziurtatu du Osasun sailburu Jon Darpónek gaur goizean Radio Euskadiko Boulevard saioan emandako elkarrizketa batean, eta azterketak maiatza eta ekaina bitartean izango direla azaldu du bertan. Zehazki, mediku-kategoriak maiatzaren 12tik aurrera egingo dira, hiru asteburutan hurrenez hurren, Gasteizen, eta gainerako kategoriak, jendetsuenak –besteren artean, erizaintza, klinikako laguntzailea, administratiboak eta zeladoreak– ekainaren 15, 16 eta 17an egingo dira BECen. 3.335 plazako LEP horrekin, langileen % 95ei egonkortasuna ematea espero du Sailak.

Eusko Jaurlaritzak bi urtean behin LEP bat antolatzeko hartu duen konpromisoa azpimarratu du sailburuak, datozen urteotan aurreikusita dagoen erretiro-kopuru handiari aurre egitearren. Gainera, plantillak berritzea erraztuko duten eta langileen bajak estaltzea ahalbidetuko duten neurriak hartzearen alde agertu da Darpón. Hala, UPV/EHUri eskatu dio Medikuntza Fakultatean ikasle gehiago onartzeko eta Osasun Ministerioarekin ari dira lanean MIR plazen kopurua gehitzea baimentzeko. 

Bestalde, bere poza adierazi du Darpónek minbiziarekiko biziraupenari buruzko Euskadiko datuen aurrean. Joan den astean ezagutzera emandako datu horiek baieztatu egiten dute diagnostikoaren ondorengo bost urteetan biziraupen-tasa % 52tik gorakoa dela gizonen kasuan eta ia % 60ra iristen dela emakumeen kasuan. Datu horiek, sailburuaren iritziz, estu lotuta daude Osakidetzak egindako ahaleginarekin “urtez urte” tratamendu berriak gehitzeko; gero eta eraginkorragoak eta “murrizketarik gabeak”, kostu handikoak badira ere. “Lanean aritu gara itxarote-zerrendek minbizian eraginik izan ez dezaten lortzeko”, gaineratu du.

Bestalde, sailburuak aurreratu duenez, bere Sailak lanean dihardu beste helburu handietako bat lortzeko, hau da, elikadura osasungarria sustatzea, belaunaldi berrien artean bereziki, gaur bertan Legebiltzarreko Osasun Batzordean azalduko duen bezala.

EKAI KASUA

Ekai kasuari buruz galdetu zaionean, Ondarroan suizidatu zen gazte transexualari buruz alegia, bere nahigabea helarazi nahi izan die haren senideei eta gertukoei. Ziurtatu duenez, Euskadik jarduteko gida bat du diziplina anitzeko ikuspegi batekin, adituen artean "adostasun nabariarekin" egina, eta berau aplikatzen ari dira, hain zuzen ere. Gainera, jakinarazi duenez, arreta eman zioten profesionalak "analisi zorrotz" bat egiten ari dira Ekairen jokabidearen inguruan eta hemendik gutxira emango dira emaitzak ezagutzera.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jdarpon
    2018.eko otsailak 21
Ekitaldiko kargudunak