Eu

Mercadona hasi da eraikitzen Euskadiko bere bloke logistikoaren bigarren fasea, non 15 milioi euro inbertituko eta 50 langile kontratatuko diren

2018.eko martxoak 16
  • Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, enpresaren instalazioak bisitatzen izan da, Jundizeko industrialdean, Gasteizen.
  • Berriki amaitu da proiektuaren lehen fasea, 50 milioi euroko inbertsioa eginda eta 200 lanpostu sortuta, guztiak ere egonkorrak eta kalitatekoak.

Mercadonak jakinarazi du ekin diola jada Euskadiko bere bloke logistikoaren eraikuntzaren bigarren faseari, Jundizeko industrialdean, Gasteizen. Supermerkatu-kate horrek amaitu du jada bloke logistikoaren lehen fasea, non 50 milioi euroko inbertsioa egin duen eta 200 langile kontratatu. Bigarren fasean, berriz, 15 milioi euroko inbertsioa egingo du, eta kalitateko 50 lanpostu zuzen eta egonkor sortuko.

Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, instalazioak bisitatzen izan da, bertatik bertara ikusteko nola jarri den martxan proiektu berria eta haren xehetasunak ezagutzeko. "Oso proiektu interesgarria da, eta, Arabarako estrategikoa izateaz gain, I+Gn egiten den inbertsioak enplegua sortzeko duen garrantziaren adibide ere bada", adierazi du sailburuak.

Mercadonaren Euskadiko harreman instituzionalen zuzendari Patricia Cortizasek, berriz, hau esan du: "Duela hamarkada bat, Mercadonak erabaki zuen bere sare logistikoa berritzea eta kalitateko lana lehenestea, langileen gehiegizko esfortzuak saihestuz. Eta bide beretik jarraitu dugu Gasteizko bloke berri honetan ere".

Mercadonako bloke logistikoaren arduradun den Manuel Antonio Gómezek, bestalde, jakinarazi du produktu freskoen sailak "zubi-garabi bidezko biltegiratze-sistema" automatizatua duela (haragi-, fruta- eta barazki-paletak biltegiratzeko eta prestatzeko metodo berritzaile bat). "Sistema horri esker, ez da egiten gehiegizko esfortzurik prozesuaren inongo unetan, hau da, merkantzia jasotzen denetik dendetarako paletak prestatzen diren arte; gainera, produktuen manipulazio egokia eta haien kalitatea ziurtatzen du. Funtsezkoa dugu prozesu-eraginkortasun hori konpainiaren helburu hau lortzeko: produktuen kalitate eta freskotasun ahalik eta handiena bermatzea bezeroei".

Bigarren fasean, ogia egiteko 4.300 m2-ko instalazio bat eraikiko da, bai eta produktu lehorretarako 16.500 m2-ko nabe guztiz automatizatu bat ere. Berrogeita hamar langile kontratatuko dira instalazio horretarako, eta enpresak trebakuntza espezifikoa emango die.

Gasteizko bloke logistikoak Euskadi, Nafarroa, Errioxa, Burgos eta Kantabriako dendak hornitzen ditu. Lehen fasea amaituta, martxan dira jada produktu lehorren eremuak (produktu ez-galkorrak), freskoenak (produktu galkorrak) eta ontzienak. Logifruit bitarteko hornitzaileak kudeatzen du ontzien eremua.  Horrez gain, produktu izoztuen eremua ere berehala jarriko da martxan.

Mercadona Euskadin

Mercadonak 15 denda ditu Euskadin eta ia mila langile, guztiak ere enplegu egonkor eta kalitatekoaren jabe. Bertako produktuaren aldeko estrategiak bultzatuta, Euskadiko 1.240 enpresa txiki eta ertainekin ditu harreman komertzialak, eta 370 milioi euroko erosketak egin zizkien 2016an. Enpresaren erantzukizun sozial korporatiboari dagokionez, berriz, premiazko produktuen 166 tona baino gehiago banatu ditu, Euskadiko Elikagaien Bankuen Federazioarekin, Gasteizko Babesgabetuen Andra Mariaren gizarte-jantokiarekin eta Bilboko eta Gasteizko Behartsuen Haurridetxoak kongregazioarekin duen lankidetzaren bidez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Patricia Cortizas, Manuel Antonio Gómez