Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Digital Grinding Innovation Hub gunea inauguratu du

2018.eko maiatzak 09
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarekin batera, gaur goizean, Elgoibarren izan da, Digital Grinding Innovation Hub zentroa inauguratzeko; Euskadiko nodo berria, digitalizazio eta azterketa industrialean soluzio berritzaileak ikertzeko eta garatzeko; gainera, Euskadin hazkunde jasangarria eta adimenduna bermatuko duela esan du Lehendakariak.

Lehendakariak instalazioetara egin duen bisitaren ondoren esan du industria-sektoreak lau hazkunde-ariketa uztartzen dituela. “Iaz, industria-ekoizpenaren indizea % 3 hazi zen, eta gorantz egiten jarraitzen dute esportazioaren, negozio-zifraren eta eskarien sarreraren adierazleek. Aurtengo urterako asmoak positiboak dira”, esan du.

Era berean, Lehendakariak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak industria-politikaren lehentasunezko ardatzei eutsiko diela: RIS 3 espezializazio adimenduna eta “fabrikazio aurreratua”ren aldeko apustua; eta “Basque Industry 4.0”ri laguntzea, teknologiaren eta enpresa digitalaren aldeko apustua. “Ez dago zalantzarik, gakoa enpresa-egituraren dinamismoa da; horren proba argia dugu gaur. Gaur egun egokia da ondasun komunerako indarren egonkortasunaren, dinamismoaren eta batasunaren, auzolanaren, balioa nabarmentzeko, besteak beste, euskal industriaren lehiakortasuna eta enplegu kualifikaturako aukerak sortzeari egiten dion ekarpena bermatzeko", esan du. 

Lehendakariak azaldu du zentro hori Digital Innovation Hub ekimenean sartuko dela; ekimena Estrategia Basque 4.0. zuzentzen duen gidatze-talde publiko-pribatuak sustatzen du. “Hub honen helburua partekatzea eta gehitzea da. Herrialdearen aktiboak eta gaitasunak enpresa txiki eta ertainei eskaintzea. Horrela, sektore estrategikoen garapenean lagundu eta enpresa guztiak berrikuntzaren eta digitalizazioaren abangoardian sartzeko aurrera egiten dugu”, esan du.

“Euskadik ezin du bi abiaduratako industria izan. Digital Innovation Hub nodoak eta aktiboak gehitzen ari da. IDEKOn, gaur, enpresa txikiek esperimentatzeko espazioa izateko eskaintza eta aukerak zabaltzen laguntzen dutenetako batzuk ikus ditzakegu”, esan du.  Hori horrela, Urkulluk gogora ekarri du Euskadin berrikuntzaren eta ikerketaren aldeko apustuari denboran eutsi zaiola eta Eusko Jaurlaritza sistema osoaren eraginkortasuna hobetzeko lanean ari dela, bai eta enpresen lehiakortasun-gaitasuna hobetzeko ere.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak euskal zientzia- eta teknologia-sistemaren funtzionamenduan jauzi kualitatiboa planteatzen duela azaldu du, eta, horretarako, parte-hartze publiko-pribatuko erakundea eratzea aurreikusten duela: Euskal Zientzia eta Teknologia Partzuergoa. Partzuergoa bi helburutan oinarrituta eraikiko litzateke: lehenengoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen lankidetzaren eta masa kritikoaren dinamika sendotzea; eta, bigarrena, herrialde erronkei ematen zaien erantzuna hobetzea eta nazioarteko kokapena sendotzea. “Prozesua ez da erraza, baina posible da. Bertan izango dugu talentua, ezagutzaren transferentzia, Euskadiko zientzia- eta teknologia-gaitasunaren inplikazioa eta kanpo-proiekzioa bateratzen dituen adibidea”, esan du Lehendakariak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak