Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “Euskal gizarteak indarkeria sufritu du eta guri dagokigu ereduzko izatea bizikidetzaren eraikuntzan”

2018.eko maiatzak 15
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu Lehendakariak gaur arratsaldean inauguratu du Euskadiko Lidergo Etikoari buruzko Biltzarra, Vitoria-Gasteizko Villa Suso jauregian. Ekitaldian nabarmendu du, ETAren amaieraren ondoren, oraingo euskal gizartearen erronka etikorik handiena dela bizikidetza eta gizartearen elkar hartzea eraikitzea. “Euskal gizarteak indarkeria sufritu du eta guri dagokigu ereduzko izatea bizikidetzaren eraikuntzan”, azpimarratu du Lehendakariak. Ekitaldian, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkoreka ere izan da.

Lehendakariak jardun duenean zehaztu duenez, ikuspegi eta konpromiso etikoa oso nabariak dira orainaz eta geroaz hitz egitean: biktimak, memoria, kalte bidegabea, presoak eta haien senideak. Lehendabizi esan du biktimez hitz egiten denean, erronka etiko batez hitz egiten dela “jokoan baitaude haien giza duintasunaren aintzatespena eta inoiz urratu behar ez zitzaizkien giza eskubideen erreparazioa”. Bigarrenik nabarmendu du memoriak erronka etiko bat planteatzen duela “jokoan baitago aitortzea lehenaldian beste kausa eta balio batzuei eman zitzaiela lehentasuna giza duintasunaren eta eskubideen gainetik”.

Hirugarren, Lehendakariak azpimarratu duenez, terrorismoak eta indarkeriak sorrarazitako kaltea aitortzeak erronka etiko bat planteatzen du, “jokoan baitago giza duintasunaren gainetik zentzu goren bat hartu nahi izan zuten bitarteko haien gaitzespena”. Eta laugarrena eta azkena, erronka etiko gisa nabarmendu du presoen eta haien senideen arreta, espetxe-politika, “ez baita etikoa alferrikako sufrimendua sorraraztea eta jokoan baitago askatasunez gabetutako pertsonekiko eta haien senideekiko arreta”, azaldu du.

Gainera, Lehendakariak berretsi egin du bere konpromisoa 2013an aktibatu zuen Etika eta Gobernu Onaren Kodearekin, gogora ekarri duenez, kode aitzindaria eta balio handikoa erantzukizun publikoko karguak betetzen dituzten guztien eguneroko lana zuzentzeko. “Erantzukizun, konpromiso eta lidergo etiko bat gure gain hartzeak ere esan nahi du ulertzea giza duintasuna balio goren bat dela, pertsona bakoitza berdingabea dela, ez baita bitarteko bat, berez helburu bat baizik”, nabarmendu du.

Horren haritik, Lehendakariak azpimarratu duenez, giza duintasunak esan nahi du pertsona bakoitza bere buruaren edozein murrizketa baino gehiago dela, esleitzen zaion edozein etiketa baino gehiago, eta bizi duen edozein zirkunstantzia, emozio edo arazo baino gehiago: “Autokritikarako, zuzentzeko, barkamena eskatzeko eta onartzeko gaitasuna duenean du giza duintasuna pertsonak; solidaritatea aukeratzeko gaitasuna duenean ere du giza duintasuna”, zehaztu du.

Azkenik, amaitu du adieraziz bizikidetza “erronka etiko zoragarria” dela, batetik, balioen ordena bat babestea esan nahi duelako, non giza duintasunaren eta giza eskubideen defentsak hartzen duen lehentasuna eta, bestetik, konpromiso pertsonalean ereduzko izatea esan nahi duelako, era horretan eredu hori gizarte osora zabaltzen lagunduz. “Horixe da lidergo etikoari buruzko Biltzar honek erantzuna ematen dion erronka, gure Herriaren etorkizunari begira une erabakigarrian iritsi delarik”, amaitu du esanez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak