Eu

Arriola sailburuak euskal enpresek ingurumenarekin bat egiteko eta beren DNAn lehiakortasun-faktore gisa sartzeko beharra nabarmendu du

2018.eko maiatzak 16
  • Arriolak, gaur goizean, OTUA Taldeak Legution dituen instalazioak bisitatu ditu; enpresa buru da metalen birziklapenean eta berreskuratzean

 

  • OTUAk Ihobe ingurumen-kudeaketako sozietate publikoarekin dihardu lankidetzan ingurumenarekin arduratsuak diren teknologien ikerketa-proiektu batzuetan

 

  • Sailburuak gogorarazi du ekonomia zirkularra balio handiko estrategia dela giza jarduerak ingurumenean duen eragina murrizteko eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko

 

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak dei egin die euskal enpresei, ingurumenarekin bat egin dezaten eta beren DNAn lehiakortasun-faktore gisa sar dezaten. Eta gogorarazi du ekonomia zirkularra “aukera abantailatsua dela enpresentzat; izan ere, lehiakortasun-, errentagarritasun- eta jasangarritasun-hobekuntza esanguratsuak lor ditzakete, zenbait formularekin, besteak beste, ekodiseinuarekin edo hobekuntzarekin materialen erabileran eta berreskuratzean, eta estrategia baliotsua da giza jarduerak ingurumenean duen eragina murrizteko eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko, horiek gure sailaren helburu nagusi direla aintzat hartuta”.

Hala esan du gaur goizean OTUA Taldeak Legution (Araba) dituen instalazioak bisitatu dituenean; enpresa buru da metalen birziklapenean eta berreskuratzean. Mikel eta Amaia Trebiño OTUAko kontseilari delegatuen eskutik, taldeak Legution dituen instalazioak bisitatu ditu; bertan, urtean, 120.000 tona hondakin kudeatzen dituzte.

Bisita ‘Circular Thinking. Euskadi ekonomia zirkularrerantz, Euskadi hacia la economía circular’ ekimenean sartzen da; ekintza hori Ingurumen Sailak sustatzen du eta helburu du Euskadiko industria-eragileak ekintzarako mugiaraztea eta tresna izatea ekonomia zirkularra enpresen lehiakortasunerako hobekuntza- eta negozio-aukera gisa identifikatzeko.

OTUAk 44 urte daramatza balorizazioaren eremuan lanean, eta 7 negozio-arlo ditu; horien artean dago INATEC Fundazioa, ikerketari eta garapenari eskainia. Gaur egun, Ihobe ingurumen-kudeaketako sozietate publikoak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailarenak, laguntza teknikoa eta finantzarioa ematen dio INATECi, ekonomia zirkularraren inguruan lau ikerketa-proiektu garatzeko. Lau proiektu horiek metal estrategikoen balorizazioarekin, ibilgailuen hondakinetan kloro-edukia murriztearekin, zementua ekoizten duen industriarako erregai alternatiboen egokitzapenarekin eta Clinker ekoizpenerako gatz-zepen tratamenduan azpiproduktuak eskuratzearekin daude lotuta.   

Ekonomia zirkularraren adierazleak

Euskadi Europa osoko lehen eskualdea izan da ekonomia zirkularreko adierazleak kalkulatzen, bere estrategia garatzeko abiapuntu gisa. Eskuratu diren datuek erakusten dute euskal industria-sektoreak 46,5 milioi tona lehengai behar dituela funtzionatzeko, gehienak inportatuak (guztizkoaren % 77), alegia, ekoizpen-kostuen % 61. Eta adierazten dute ekonomia zirkularra Euskadin BPGd-aren % 1,12 dela, eta urteko diru-sarrera gordinak 764 milioi eurokoak eta 18.000 enplegu baino gehiago dituela.

Euskadiko industria-enpresetan ekonomia zirkularraren eredua ezartzeak % 6 murriztuko luke lehengaien kontsumoa, eta, urtero, 2.000 milioi euroko aurrezpena ekarriko luke. Gainera, nabarmen murriztuko luke energiaren kontsumoa, bai eta zabortegian amaitzen duten hondakinen sorkuntza ere. 

Ekonomia zirkularrak paradigma-aldaketa dakar baliabide naturalak erabiltzeko moduan eta, beraz, ingurumenarekin harremanetan egoteko dugun moduan: lehengaiak ateratzeko eta ekoizteko, erabiltzeko eta botatzeko ekonomia linealetik, murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko ekonomia zirkularrera igarotzea; ekonomia eraginkorragora eta arduratsura, non produktuak eta materialak behin eta berriz sartzen baitira ekoizpen-zikloan eta, horrela, ahalik eta gehien luzatzen baitute balioa eta gutxienera murrizten baitituzte ateratzeagatiko eta isurtzeagatiko eraginak.

Eredu horren bidez, Arriola sailburuaren hitzetan, planetaren suntsitzea eteten laguntzen da eta enpresa-ekimen eta -aukera berriak  sor daitezke, bai eta kalitateko enplegu berria ere.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak