Berriak Osasuna
Eu

Maiatzaren 19a, Ama Esnea Dohaintzan emateko Mundu Eguna

2018.eko maiatzak 18

64 AMAK EMAN DIOTE BEREN AMA ESNEA EUSKADIKO BANKUARI; SORTU ZENETIK JAIOBERRIENTZAKO 700 BIBEROI PRESTATU DITU 

Jon Darpón Osasun sailburuak eskerrak ematen ditu Euskadiko Ama Esnearen Bankuko 64 ama emaileen ahaleginagatik, denboragatik eta eskuzabaltasunagatik, eta ama-esnea dohaintzan ematea hala behar duten haurrei laguntzeko zer garrantzitsua den nabarmendu du

            

Euskadiko Ama Esnearen Bankua pasa den urriaren 16an jarri zen martxan eta, harrezkero, 64 amak 200 dohaintza egin dituzte, alegia, guztira, 160 litro ama-esne eman dira dohaintzan. Euskal Bankuak Euskadi guztiari ematen dio zerbitzu, neonatologiako unitateak dituzten sare publikoko ospitaleen bidez (Txagorritxu, Gurutzeta, Basurtu eta Donostia); esnea jaso, prozesatu eta kalitateko berme guztiekin prestatzen du, hala behar duten jaioberriei emateko, ekipo medikoak adierazita eta modu anonimoan.

Lehen 7 hilabete hauetan, guztira, dohaintzan emandako 62,32 litro hornitu dira; horiekin, 700 biberoi prestatu dira eta, horrela, nutrizio eta tratamendu egokiak eman zaizkie jaioberri goiztiarrei edo pisu gutxiegirekin jaiotakoei, ospitaleratuta egon eta beren amak nahikoa esne eman ezin dietenei.

Bihar, maiatzaren 19an, Ama Esnea Dohaintzan emateko Mundu Eguna da, eta Jon Darpón Osasun sailburuak eskerrak eman ditu Euskadiko Ama Esnearen Bankuko 64 euskal ama-emaileen ahaleginagatik, denboragatik eta eskuzabaltasunagatik, eta ama-esnea dohaintzan ematea zer garrantzitsua den nabarmendu du, doako ekintza, beste jaioberri batzuei laguntzekoa; izan ere, litro bat esneren bidez 10 haurri lagundu dakieke.

Osasunaren Mundu Erakundeak, Unicefek eta umeen zaintzan eta elikaduran inplikatuta dauden sozietate zientifikoek ezartzen duten bezala, ama-esnea elikagairik onena da jaioberri batentzat, eta are gehiago haur goiztiarra denean edo pisu gutxikoa, izan ere, hobeto onartzen dute, hesteetako arazo larrietatik babesten ditu, infekziorako arriskua murrizten da eta, horrela, errekuperatzeko, bizirik irauteko eta garatzeko aukerak hobetzen dira.

Osasun sailburuaren hitzetan, hori kontuan hartuta eta Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak amagandiko edoskitzea sustatzeko eta bultzatzeko duten konpromisoarekin, Euskadiko Ama Esnearen Bankua eratu da; Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan dago, eta haren arrakasta gakoa emakumeen dohaintza da. Gainerako dohaintzetan bezala nabarmendu du profesionalak ere funtsezkoak direla; izan ere, beren lana eta inplikazioa ezinbestekoak dira, emaileak aurkitzeko eta dohaintza horren onurak azaltzeko.

Esnea ematea eskuzabaltasunez egiten da, modu anonimoan, boluntarioa eta altruista da, eta ez da inolako etekinik jasotzen, eta esne-emailea edozein emakume osasuntsu izan daiteke, bizimodu osasuntsua duen edozein, bere haurrari bularra zailtasunik gabe ematen ari dena eta ama aurreko hiru aste eta sei hilabeteen artean izan dena.

Emaile izateko, Euskadiko Ama Esne Bankuarekin jarri behar dugu harremanetan, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara, 94 4579375 telefono-zenbakiaren edo bancolecheeuskadi@osakidetza.eus helbide elektronikoaren bidez, edo gure ohiko osasun-arloko langileekin kontsultatu behar dugu (pediatra, emaginak, erizaintzako profesionalak…), hitzordua ezartzeko profesional batekin; profesional horrek esnea eman nahi duen emakumeari lagunduko dio bizi-ohitura osasuntsuei eta aurrekari medikoei buruzko galde-sorta laburra erantzuten. Bisita horretan, odola aterako diote, transmiti daitekeen gaixotasunik ez duela egiaztatzeko, eta baimen informatua sinatuko da.

Hortik aurrera, emakume esne-emaileak esnea emateko behar den material guztia jasoko du, inolako kosturik gabe, bai eta esnea emateko beharrezko informazio guztia ere. Ama emaileak harremanetarako profesionala izango du, laguntzarik beharko balu.

Azkenik, ez da beharrezkoa esne-kopuru zehatza ematea, ez eta denbora-tarte jakin batez ere. Esnea emateari uzteko egin beharko den bakarra da esne-bankua ohartarazi.

 

2018ko maiatzaren 18a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau