Eu

Lanbidek WORKinn azokan parte hartu izanak aukera ekarri du industria-sektoreko 25 enpresa baino gehiagorekin harreman zuzena eta lankidetza izateko

2018.eko ekainak 01

Pasa den asteazkenean inauguratu zuen Beatriz Artolazabal sailburuak Workinn enplegu-azoka, Barakaldoko BECen; bertan Lanbide egon izanak 25 euskal enpresa baino gehiagorekin harreman zuzena izatea bultzatu du. Enpresa horiek, dagoeneko, erakutsi dute Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jarduteko interesa.

Lanbidek industria eta zerbitzuen sektoreko enpresen esku lankidetzarako hainbat aukera jarri ditu, lanbiderako prestakuntzarako eta enplegua sustatzeko 18 laguntza-programetakoren baten bidez. “Workinnen bidez harreman estuagoa dugu euskal industria-sektorearekin, harremanak ezar ditzakegu eta enpresekin etorkizunerako lankidetza-bideak ireki ditzakegu” esan du Borja Belandia zuzendari nagusiak, balantzea egin duenean. 

Aurten, gainera, Lanbidek Workinnen enpresei bereziki zuzendutako informazio-saioa antolatu du, bi eremu horietan, enpleguan eta prestakuntzan, dituen jarduketa-ildo nagusien edukia aurkezteko; 2018an 320 milioi euro bideratuko ditu horiek sustatzera. 

Azoka horretara bertaratzen diren enpresak ordezkatzen dituzten pertsonak, oro har, enplegu-eskaintzetarako profil zehatzak bilatzen dituzten teknikariak dira. Belandiaren hitzen arabera, “Lanbidek aurkezten dizkien programak kontuan hartuta, laguntza horiek langileak kontratatzeko eskaintzen dizkieten aukeren gaineko kontzientzia hartzen dute enpresek”.

Enpresekiko lankidetza areagotzea da Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren mendeko den zerbitzu publiko honen helburu nagusia. “Lanbiderentzat, funtsezkoa da enpresekin harremanetan egotea eta beren premiak ezagutzea, premia horiei behar bezala erantzun ahal izateko”, esan du Belandiak.

Industria-enpleguaren azokak bi egun iraun du, eta egun horietan, enpresetan ez ezik, Lanbidek herritarrentzako arretan ere zentratu du bere jarduera, azokaren barrutiaren buruan izan duen standean. “Asteazkenean eta ostegunean 200 pertsona baino gehiago hurbildu dira gure standera, gure programei buruzko informazioa eskuratzera”, esan du pozik Lanbideko zuzendari nagusiak. 

Informazioa eskatzeaz gainera, pertsona batzuek Workinna aprobetxatu dute lehenengoz Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emateko edo enplegu-eskaintzari buruzko informazioa eskatzeko. Pertsona horiekin beste gai batzuei ere heldu zaie, besteak beste: orientazioa, prestakuntza, enplegu-bilaketa eta Eures zerbitzua. Bestalde, zenbait prozedurari buruzko zalantzak ere argitu dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak