Eu

Sariaren batzordea bildu da 10 finalistak aukeratzeko, Basque Culinary World Prize 2018ra aurkeztu diren 140 hautagaien artean

2018.eko ekainak 25

Irabazlea nor den uztailaren 24an jakinaraziko da Modenan

Basque Culinary World Prizeko batzorde teknikoa Basque Culinary Centerren bildu da, Donostian, Basque Culinary World Prize 2018ko 10 finalistak hautatzeko. Sari berezi eta global hori Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek ematen dute, Euskadi-Basque Country estrategiaren baitan, eta zenbait alorretan (besteak beste, berrikuntzan, teknologian, ingurumenean, osasungintzan, elikagaigintzan eta garapen sozial edo ekonomikoan) ekimen eraldatzaileak dituzten sukaldariak saritzea du xede.

Ateak itxitako bileran, nazioarteko adituek 42 herrialdetatik iritsitako 140 hautagaitzak ebaluatu dituzte. Kopuru horiekin, beraz, gainditu egin dira aurreko edizioetako datuak, hala parte-hartzaile kopuruari nola horien jatorrizko herrialdeei dagokienez.

Hamar finalistak aukeratzeko oinarri gisa, nominatutako proiektuek gizartean duten inpaktuaren irizpidea erabili du batzorde teknikoak. Hamar finalisten izenak uztailaren 2an emango dira ezagutzera, Enrique Olvera chef mexikarraren Cosme jatetxean izango den ekitaldi batean, New Yorken.

Honako hauek dira aurtengo edizioko batzorde teknikoaren kideak: F. Xavier Medina, Antropologia Sozialeko doktorea eta UNESCOren «Elikadura, kultura eta garapena» katedraren zuzendaria; Jorge Ruiz Carrascal, Kopenhageko Unibertsitateko Elikagaien Zientzien Departamentuko katedraduna; Pia Sörensen, Harvardeko Unibertsitateko Ingeniaritza Kimikoko eta Material Aplikatuetako goi-irakaslea eta bertako Zientzia eta Sukaldaritza programako zuzendaria; Carlos Zamora, sukaldari, enpresaburu eta aholkulari espainiarra (2016ko BCWPeko nominatua) eta Iñaki Martínez de Albéniz, Soziologiako doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea (EHU).

Hirugarren ediziora iritsita, Basque Culinary World Prizek chef-belaunaldi berri baten lana goraipatu nahi du, gastronomiaren indar eraldatzailearen eredu baitira. Sariaren irabazleak 100.000 euro jasoko ditu gastronomiaren ahalmen eraldatzailea islatzen duen bere hautazko proiektu batera bideratzeko.

Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak esan duenez:

«Hirugarren edizio hau beharrezkoa da Basque Culinary World Prizek sustatu nahi dituen balioak indartzen jarraitzeko: kalitatea, bikaintasuna, konpromisoa eta eraldaketarekiko bokazioa. EUSKADI-BASQUE COUNTRY estrategia integralaren esparruan, sari honek Euskadiri lagundu dio gastronomiaren alorreko bikaintasunaren erreferente izaten jarraitzen, eta bidea ematen digu munduaren aurrean bizi-kalitatea eta gizarte-kohesioa dituen herrialde gisa aurkezteko, lurralde berritzaile eta lehiakor gisa.»

Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendariak, hauxe gaineratu du:

«Mundu osoko sektoreko profesionalek parte hartu dute, eta inspirazio-iturri diren ehunka pertsona ezagutzeko parada izan dugu horrela. Beren testigantzek frogatzen dute norainokoa izan daitekeen gastronomia mugimendu zabal eta anitza denean, gizartearen hainbat alorretan eragina izateko gauza denean, alegia. Hirugarren edizio, honetan, Basque Culinary World Prizek argi utzi du indar handia duela sukaldaritzaren munduaren inplikazio handiagoa lortu duelako, parte-hartzaile gehiago izan direlako eta irismen geografiko zabalagoa izan duelako baina, batik bat, fenomeno boteretsu bat errotzen ari delako»

Epaimahaia Modenan bilduko da uztailaren 23an, Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluaren urteko topaketan, hamar finalisten artetik irabazlea hautatzeko. Haren izena uztailaren 24an jakinaraziko da, eta 100.000 euroko saria jasoko du, lehiaketa honen balioak islatzen dituen proiektu batera bideratzeko.

2018ko epaimahaiaren presidentea Joan Roca izango da, eta kide hauek izango ditu: Gastón Acurio (Peru), Massimo Bottura (Italia), Michel Bras (Frantzia), Dominique Crenn (AEB) Yoshihiro Narisawa (Japonia) eta Enrique Olvera (Mexiko) chefak; Leonor Espinosa, Basque Culinary World Prizeren 2017ko irabazlea eta hainbat diziplinatako adituak, besteak beste, Ruth Reichl idazle gastronomikoa, David Gelb errealizadorea, JR artista, Bee Wilson historialari gastronomikoa eta Isle Crawford diseinatzailea.

2017an, Basque Culinary World Prize saria Kolonbiako Leonor Espinosa sukaldariari eman zitzaion FunLeo «Garapenerako gastronomia» fundazioaren proiektuagatik. Leonor Espinosak, Bogotako Leo eta Misia jatetxeen arduradunak, gastronomia errealitateak eraldatzeko indar gisa erabiltzearen garrantzia nabarmentzen du. Kolonbiako herrien antzinako jakinduria aldarrikatzen du, indigena eta afrokolonbiarrena bereziki, eta sukaldaritzako berrikuntza- zein hazkunde-prozesuak sustatzen ditu, non elikadura-kateko aktoreak integratzen baitira landa-eremuko ezagutzak eta beharrak hiriko aukerekin eta eskariekin lotzeko balio duten egituretan.

María Fernanda Di Giacobbe venezuelarrak eskuratu zuen saria Basque Culinary World Prizeren lehen edizioan, 2016an, Jatorrizko Kakaoa deritzon proiektuari esker, hau da, Venezuelan kakaoaren inguruan –nortasunaren, kulturaren eta aberastasun ekonomikoaren iturri gisa– eratu duen hezkuntza-, ekintzailetza-, ikerketa- eta garapen-sareari esker. Sare horretan aukerak eman dizkie ekonomia-egoera ahulean dauden emakumeei, eta ahaldundu eta gaitu ditu txokolatearen alorreko mikroenpresaburu bihur daitezen.

EDITOREENTZAKO OHARRAK:

  1. Basque Culinary World Prize Eusko Jaurlaritzak Basque Culinary Centerrekin elkarlanean sortu eta ematen duen saria da, Basque Country estrategia integralaren barruan kokatzen dena. Herrialde-marka horrek, indarguneak eta berezitasunak kontuan hartuta, aktore global bihurtzen du Euskadi, bikaintasunaren, bizi-kalitatearen eta gizarte-kohesioaren eredu, herrialde berritzaile eta lehiakorraz gain.
  2. Basque Culinary Center (BCC) erakunde akademiko aitzindaria da mundu zabalean unibertsitate-hezkuntzaren alorrean, bai eta gastronomiaren potentziala ikerketan, berrikuntzan eta ekintzailetzan garatzeko bidean ere. Donostian 2009an sortu zenetik, diziplinarteko espazio bat sortzeko ahaleginean jardun du, guztia ere sektorea profesionalizatzeko bidean.
  3. Epaimahaikideak eta Batzorde Teknikoko kideak ezingo dira proposatu hautagai gisa.
  4. Epaimahaikideei eta sariaren mekanikari buruz informazio gehiago eskuratzeko, kontsultatu webgunea: www.basqueculinaryworldprize.com

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak