Eu

“Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategia: laneko ongizaterantz aurrera egiteko esparrua”

2018.eko irailak 21

“Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategia: laneko ongizaterantz aurrera egiteko esparrua” da ORPconference XVIII. Nazioarteko Kongresuan San José sailburuak emandako hitzaldiaren izenburua. Kongresua gaur amaitzen da Kolonbian, Cartagena de Indias hirian, eta hiru egunez bildu dira bertan Laneko Segurtasun eta Osasuneko mila espezialista baino gehiago Prebentzio Estrategian Eraldaketa Digitalak duen eragina aztertzeko.

San José sailburuak bere jardunean ohartarazi duenez “pertsonek izan behar dute osasunari inolako kalterik egingo ez dioten lanak diseinatzeko eta haiei eusteko bideratutako estrategien ardatz nagusia. Ez dugu ahaztu behar, garapen teknologikoa handiena izanda ere, pertsonei dagokiela oraindik ere erabakiak hartzea eta lanaren antolamendua da eta izango da giltzarria. Osasunari kalterik egingo ez dioten lanak dira etikoki jasangarriak diren bakarrak”.

Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategiaren ardatz nagusietan oinarritu du bere jarduna María Jesús San Josék. “Euskal estrategia, egile nagusi OSALAN duena –esan du sailburuak‒ funtsezko tresnatzat ziurtatzen ari da Euskadiko laneko arriskuen prebentzioaren errealitateari erantzuteko, eragile ugarik esku hartzen duten eremu batean jarduera metatu eta kohesionatzeko, gure aldetik helburuak finkatzeko eta haiek betetzen direla berrikusteko, eta baita berritzeko eta paradigma-aldaketari erantzuteko ere”.

 

San José sailburuak nabarmendu duenez, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak azken 25 urte hauetan garatutako “berealdiko” jarduerak fruituak lortu ditu eta garrantzizkoen artean daude, zalantzarik gabe, laneko istripu hilgarrien eta baja dakartzanen % 50 baino gehiago gutxitu izana 90eko hamarkadaren erdialdean batez beste sortutakoen aldean.

“Ahaleginek emaitzak ekartzen dituzte –gaineratu du San Josék‒ eta, beraz, merezi du pertsonen osasunari kalterik egingo ez dion lan baten ideiaren alde lan egiteak. Besteren artean, lan seguru bat delako etikoki jasangarria den lan bakarra. Gogoz eta baldintza onetan lan egiteak pertsonen inplikazioa, etengabe hobetzeko interesa eta, azken finean, lehiakortasuna sustatzen dituelako”.

Gainera, sailburuak aitortu egin du Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren arloan asko geratzen dela oraindik egiteko, eta adierazi duenez “etengabe egon behar dugu laneko azken joeren jakinaren gainean, eremu guztietan” eta funtsezkoa da inplikatutako eragile guztien arteko lankidetza garatzea eta laneko arriskuen prebentzioa enpresen eta lantokien kudeaketan integratu dadin lortzea.

Bestalde, Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék gonbidatu egin ditu kongresista guztiak Laneko Segurtasun eta Osasuneko IV. Nazioarteko Kongresura bertaratu eta parte hartzera. Kongresua, OSALANek antolatua, azaroaren 14, 15 eta 16an egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian, "Biharko lan-erronkak aztertzea" lemapean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak