Berriak Hezkuntza
Eu

Lanbide heziketako 600 irakasletik gora batu ditu Donostian eFOL2018 Topaketak

2018.eko urriak 26
  • Lanbide Heziketako ikasleei lanerako orientabidea eman eta ekintzailetza sustatzeaz arduratzen diren irakasleak dira, erdia baino gehiago beste erkidego batzuetatik hurbilduak
  • Gaur hasi eta bihar arte, 31 tailerretan ere parte hartzeko aukera izango dute; hainbat gaitako tailerrak izango dira: metodologia berriak, adimen emozionala, laneko arriskuen prebentzioa, Lan Zuzenbidea, Mindfullness…

Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak hasiera eman dio gaur goizez Kursaal Jauregian, datozen bi egunotan Donostian burutuko den eFOL2018 Topaketari. Prestakuntza-jardunaldi hauek, Lanbide Heziketako ikastetxeetan LPO (Laneko Prestakuntza eta Orientabidea) eta EEE (Enpresa eta Ekimen Ekintzailea) moduluak emateaz arduratzen diren irakasleei zuzendurik antolatzen dira.

Gaur egun osoz Kursaal Jauregian eta bihar goizez Xabier Zubiri Manteo Institutuan (Saguesen), izena eman duten 600 irakasletik gora izango dira hitzaldietan, komunikazioetan nahiz tailerretan parte-hartzen. Saio hauen helburua da ikastetxeetako jarduera egokiak nahiz bestelako edozein jarduera berritzaile elkarrekin trukatzea. Azken finean, LPO eta EIE moduluetako irakasleen arteko lankidetzarako topaketa da, parte-hartzeari zabalik garatuko dena, ikasteko, partekatzeko eta teknikak nahiz ezagutzak eguneratzeko helburuz. Nabarmentzekoa da bertan den irakasleen erdia baino gehiago Estatuko beste erkidego batzuetatik etorria dela.

Topaketan izan den lehen ponentzia Jorge Arevalo sailburuordeak eskaini du, “Hacia una nueva realidad” (“Errealitate berrirantz”) izenburupean. Bertaratutako irakasleei 4. Industria Iraultzaren ondorioz gertatzen ari diren aldaketak azaldu dizkie Arevalok, bereziki azpimarra jarriz aldaketa horiei erantzun emateko Lanbide Heziketan zein enpresetan egin beharreko eraldaketetan. Jarraian Jordi Serrano informazio-sistemetan eta pertsonen garapenean espezializaturiko kontsultariak hartu du hitza.  "El futuro del trabajo" hitzaldian (“Lanaren etorkizuna”), giza baliabideen alorrean etorkizunerako aurreikusten diren joeren inguruan aritu da aditua.

Lanbide Heziketako ikasleei orientabidea emateaz eta haiengan ekintzailetza pizteaz arduratzen diren irakasleen topaketako saioek honako gai hauek dituzte ardatz:

  • Lanerako orientabideak eta enplegu bilaketa: etorkizuneko lanbideak, gailu mugikorrak, sare sozialak…
  • Laneko eskubideak eta betebeharrak: laneko arriskuen prebentzioa; ikasgelako gatazkak konpontzea
  • LPO-EEE eta ikaskuntza-irakaskuntza metodologia berriak
  • Soft skills, zeharkako gaitasunen ebaluazioa: Adimen emozionala eta zeharkako gaitasunak
  • LPO-EEE eta gizartea: genero ikuspegia; gizarte-ekintzailetza; erantzukizun sozial korporatiboa; baloreak

Mindfullnes-etik Lan Zuzenbidera, 31 tailer   (*) ikus egitaraua

Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak antolaturik, Xabier Zubiri Manteo Institutuarekin elkarlanean, topaketak orotara 31 tailer eskaintzen ditu, hamaika arlo ezberdinetakoak. Tailer horietako zenbait gaur arratsaldez burutuko dira Kursaal Jauregian bertan, eta gainerako guztiak berriz, bihar, larunbat goizez, institutuak Saguesen duen eraikinean.

Tailer batzuk birritan egingo dira, izan duten eskaera kopuru handia dela-eta. Horietako bat da “Mandala de visión con Lego® Serious Play®” deritzon tailerra (5. Zenbakidun tailerra egitarauan), izena emateko epea ireki eta 15 minutuan plaza guztiak beterik gelditu baitziren. Antzera gertatzen da “Mindfulness en la Formación Profesional” tailerrarekin ere (27. tailerra egitarauan), ordubete baino lehen agortu baitzitzaizkion plazak.

Tailer eskaintza zabal horretan, Lan Zuzenbideaz, Laneko Arriskuen Prebentzioaz edo Ekonomia Zirkularraz arduratzen direnak ere badira. Interesik handiena piztu dutenen artean, berriz, Lanbide Heziketako ikaskuntza-irakaskuntza metodologia berriez ari direnak daude.

LPO eta EEE

Bai LPO (Laneko Prestakuntza eta Orientabidea) eta bai EEE (Enpresa eta Ekimen Ekintzailea) Lanbide Heziketako zikloren bat ikasten ari diren ikasle guztiek burutu beharreko moduluak (ikasgaiak) dira, betiere, noski, lanbide-arloaren ezaugarrietara edo tituluari dagokion ekoizpen-sektorera egokiturik.

Laneko Prestakuntza eta Orientabidea moduluak honako edukiok hartzen ditu bere barne: ikasleak ikaskuntza aukerak, enplegu aukerak, laneko antolamendua, enpresa barneko harremanak eta oinarrizko lan-araudia ezagutu ditzan beharrezko prestakuntza guztia; horrez gain, lan harremanetan zerikusia duten eskubide eta betebeharraz ere arduratzen da ikasgai hau, laneko arriskuen prebentzioa albora utzi gabe.

Enpresa eta Ekimen Ekintzailea moduluak, bestalde, Lanbide Heziketako ikasleen artean ekintzailetza kultura piztea du helburu. Ikasleek enpresak sortzeko nahiz kudeatzeko beharrezko diren oinarrizko mekanismoak ikasten dituzte, auto-enplegua zer den eta nola sor lezakeen nork bere lanpostua, eta enpresen erantzukizun sozialaren garapena, baina orobat azpimarra jarriz laneko jardunean –prozesuetan nahiz tekniketan- berrikuntzak eta sormenak duten garrantzian.

 

(*) Topaketa honen egitarau osoa, bertan izango diren komunikazio eta tailer guztien inguruko informazio zehatzagoarekin, honako esteka honetan daukazue eskura:  https://fol-topaketa2.webnode.es/

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak