Eu

Balantze positiboa eta askotariko lankidetza-bideak zabalik Japoniako erakunde-bidaia amaitzean

2018.eko urriak 26
  • MIErekin sinatutako lankidetza-akordioak ateak ireki dizkio eskualdeen arteko lankidetzari
  • Energia berriztagarrien sektorea da lankidetzarako aukera gehien eskaintzen duena
  • Gestamp bertan finkatu izanak erakusten du, konplikatua ematen badu ere, Japonian automobilgintzaren merkatuan sartzeko aukerak ere badaudela

Pertsonak dira Japonia egiten ari den aurrerakuntza teknologiko nagusien erdigune. 4.0 oinarri sendoa du Japonia herrialdeak eta eremu publikotik eta pribatutik 5.0 gizartera aldatzea sustatzen ari da. Erabat konektatuta dagoen gizartea, non, Big Dataren bidez, informazio guztia jasotzen baita, adimen artifiziala erabiliz aztertzen baita eta robotekin aplikatzen baita. Japoniak ibilbide luzeari ekin dio eta, nahiz eta parametro desberdinak izan, munduko beste leku batzuetara ere iritsiko da.

Euskadiko ordezkaritzak bidaia honetan etorkizuneko gizarte horren gakoak ezagutu ditu –ez dago Eusko Jaurlaritzak ezarritako 4.0 industriaren estrategiatik oso urrun–; suspertze ekonomikoa bilatzen badu ere, pertsonak ditu diskurtsoaren ardatz nagusi.  

Arantxa Tapia sailburuak, Javier Zarraonandia Industriako sailburuordeak, Alex Arriola SPRIko zuzendari nagusiak eta Ainhoa Ondarzabal Nazioartekotzeko Agentziako zuzendariak Japoniako bidaia honetan parte hartu dute eta euskal industriak zenbait sektoretan duten lehiakortasunaren berri eman dute.

Energiaren eremuan, beharbada, ikusten da aukera gehien; izan ere, Japoniak energia berriztagarriak, energia eolikoa datorren hamarkadan % 10 areagotzea aurreikusten du. Interes handia erakutsi da sare elektriko adimendunetan; horietan hasi dira lanean, dagoeneko, esaterako, Iberdrolaren lankidetzarekin. Automobilgintzak, bestalde, zenbait erronka ditu, esaterako, ibilgailua elektrifikatzea.

Erakunde-eremutik, MIEko prefeturarekin sinatutako lankidetza-akordioak ateak irekitzen dizkio Euskadiren eta Japoniaren arteko lankidetzari, zeinak dagoeneko konpromisoa hartu baitu baterako ekintzak sustatzeko ahalik eta lasterren. Europan egiten ari den bezala, MIErekiko akordioak baterako lana sustatzen du eskualdeen artean; lan hori, oraingoz, aeronautikara eta elikagaien industriara bideratzen da, baterako lehen interesen espazio gisa.

Azken lan-jardunaldia Tokion

Toyotaren egoitza nagusia Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak Japoniako azken lan-jardunaldian izan duen bilera garrantzitsuenetakoa izan da. Arantxa Tapia sailburua, Javier Zarraonandia sailburuordea, Inés Anitua Acicae - Automobilgintzako Klusterreko presidentea eta Raquel Piñán Klusterreko Nazioartekotzeko zuzendaria Kazuo Naganuma Harreman Publiko eta Kanpo Harremanetarako Saileko zuzendari nagusiarekin eta Tomoo Nishino sail bereko project manager-arekin batu dira. 

Ibilgailua elektrifikatzea izan da bileraren gai nagusia; izan ere, Toyotak etorkizunean egoera berri hori lortzeko dituen erronken berri eman du. Japoniako enpresa sistema osoan aldaketa hori egitean zentratuta dago; aldaketa horrek, gainera, sare elektrikorako erronka handiak dakartza; beraz, zabal gainditzen du automobilgintzaren eremu esklusiboa. 

Bridgestone Euskadin inbertsio garrantzitsua egitea prestatzen ari da, Arasurren jarriko duen logistikako instalazioarekin. Interes berezia erakutsi du Inés Anitua Acicaeko presidenteak eta sailburuak Euskadiri eta automobilgintzaren industriari buruz eginiko aurkezpenaren gainean.

Japoniako METI Ekonomia eta Inbertsio Ministerioaren misioetako bat energia berriztagarrien politika sustatzea da. Gaur goizean Euskadiko erakunde-ordezkaritzarekin eginiko bileran, Álvaro Bilbao Siemens Gamesako Asia Pazifikoko CEOak lagunduta, 2030erako energia berriztagarrien erabilera % 10 areagotzeko duten erronka betetzeko aurrerapenak partekatu dituzte.

Azkenik, Japoniako Zientzia eta Teknologia Agentziaren Ikerketarako eta Garapenerako Zentroaren Think Tank-ean, Euskadiko ordezkaritzak 5.0 gizartea izeneko estrategian sakontzen jarraitu du.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak