Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Euskal ekonomiak 2010ean sendotuko den “suspertze geldoa” hasi du

2009.eko azaroak 23

Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak iragarri duenez, enplegu sorrera “baxua” izango da.

Bilboko Merkataritza Ganberak Urteko Batzarra ospatu du gaur Guggenheim Museoan. Zazpigarren batzarra izan da aurtengoa eta Bizkaiko Enpresarien Konfederazioari Ganbera Sariak 2009 golardoa eman diote.

Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak egin duen hitzaldian nabarmendu du euskal ekonomiak krisiaren indarra leuntzen jarraitu duela urteko azken hiru hilekoan. “Susperraldia hasiko dugu hemendik aurrera”, adierazi du. 2010ean sendotuko da suspertze hori, nahiz eta Aguirrek azaldu duenez, indar gutxikoa izango den eta denbora luzez emango den. “Suspertze honen lehen urteetan enpleguaren sorrera baxua izango da”, esan du.

Sailburuak Bilboko Merkataritza Ganberak antolatu duen urteko batzarrean parte hartu du. Aguirrek esan duenez, krisia mundu guztian eragina izan duen “lurrikara” izan da, eta Euskadi ez da bere ondorioetatik at geratu. “Krisiaren eragina nabaritu gabe geratzea ezinezkoa zen; errealitate hori onartzea krisia konpontzeko lanean hastea da”, azpimarratu du.

Eusko Jaurlaritzak egoera ekonomiko horretatik ateratzeko hainbat mekanismo jarri ditu abian. Hartutako neurrien artean elkarrizketa soziala edo Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetan emandako murrizketak nabarmendu ditu sailburuak. “Neurri horiek ez gaituzte krisitik aterako, baina horren eraginei aurre egiten lagunduko digute”, adierazi du.

Sailburuak nabarmendu duenez, munduko ekonomia “oso erritmo ezberdinetan” ari da krisialditik ateratzen. “Euskadiren kasuan, adierazleek diote susperraldia ematen ari dela”, gaineratu du. Eustatek orain egun batzuk jasotako datuen arabera, hiruhileko Barne Produktu Gordina %0,1 murriztu zen. Datu horien arabera, aurreko hiruhilekoaren aldean 9 hamarren hobetu da adierazlea eta inflexio puntua adierazten du.

Etorkizun-sen hori betetzeko, Aguirrek ezinbestekotzat jotzen ditu ondoko bi neurriak: pizgarri fiskalak egitea eta erakunde publikoek parte hartze zuzena izatea krisiaren ondorio ezkorrak zuzentzen.

“Datozen urteetan jasango ditugun langabezia datuak ohikoak baino altuagoak izango dira”, azpimarratu du sailburuak. “Hala ere, Eusko Jaurlaritzak enplegua babestuko du, galdutakoak berreskuratzen saiatuko da eta beharrezkoak diren enpleguak sortuko ditu”, amaitu du.

Ganbera Sariak 2009

Bilboko Merkataritza Ganberak ematen duen saria Bizkaiko Enpresarien Konfederazioarentzat (CEBEK) izan da aurtengoan. Saria terrorismoaren aurka egindako lan “sendo eta osoarengatik” lortu duela esan du sailburuak. “Guztiek kartzelan amaitu arte jarraituko dugu lanean”, azpimarratu du Aguirrek.

Ignacio María Echeberria Bilboko Merkataritza Ganberako presidenteak ere parte hartu du ekitaldian. Datorren urtean krisitik ateratzeko dauden aurreikuspenak bermatu ditu, nahiz eta “euskal ekonomia Espainiako ekonomiaren menpe egon”, esan du. “Frantziako edo Alemaniako ekonomiak lehenagoko berpizteak eragina izango du euskal ekonomian, nahiz eta hori ez den nahikoa izango krisialditik ateratzeko”, azpimarratu du.

Bilboko Guggenehim Museoan egin den ekitaldian beste hainbat agintari ere izan dira: Bernabe Unda Industria sailburua, Iñaki Arriola Garraio sailburua, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea, Jose Luis Bilbao Bizkaiko Diputatu Nagusia, Jose Miguel Lazpiur CONFEBASKeko presidentea eta Jose Maria Vazquez Eguzkitza CEBEKeko presidentea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Sailburua Carlos Aguirre