Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Donostialdeko metroak 30 milioi bidaiari izango ditu urtean

2011.eko martxoak 03

Donostialdeko metroak 2010. urtean Topoak izan zituen bidaiariak baino  bost aldiz gehiago izango du urtean, Topoak pasaden urtean 6,7 milioi bidaiari izan zituen

Eusko Jaurlaritzak, Donostialdeko Metroaren Informazio azterlana aurrera daramaten ingeniaritza enpresei eskatu dien azterlanak emandako emaitzak kontuan izani dira. atu hori, "Donostialdeko Metroa Martxan" II. jardunaldien inaugurazio ekitaldian argitaratu da gaur Donostian. Jardunaldiak bihar arte ospatuko dira Miramar Jauregian, eta ingeniaritza eta eraikuntza, trenbideko material eta aholkularitza enpresetako eta erakundeetako 150 profesionalek hartuko dute parte.

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakundeak antolatu dituen jardunaldi horien helburua, Donostialdeko Metroaren proiektua, beraien ezaugarriak direla eta, azpiegitura berria jasoko duen eremuarekin aldera daitezkeen beste hiri batzuetako esperientziekin kontrastatzea da.

ETS-ren gainbegiraketarekin proiektua egin duten Pedro Puig Peyk eta Josu Agirrezabalagak esan dutenez, Donostia lur azpitik zeharkatzeko burutu duten trazatua, tartean bost geltoki izanik (Bentaberri, Matia Antiguo, Erdialdea-Kontxa, Easo eta Morlans) "oso ona da hartzen duen biztanleriari dagokionez; eta geltoki irisgarriak eta ibilbide azkarrak eta seguruak ditu. Aurreikuspenen arabera, Lugaritz eta Anoeta arteko ibilbideak 8,30 minutu inguru beharko ditu".

Bi hizlariek sistema berriaren eraginkortasuna eta iraunkortasuna azpimarratu dute: "Metroa ezartzeak trafiko bolumena murriztuko du eta, ondorioz, atmosferara isurtzen diren agente kutsagarriak gutxitu egingo dira, eta gauza bera gertatuko da zaratekin ere, lanak burutzen ari diren unean izan ezik".

Puig Peyk esan duenez, metroa martxan jartzen denean "ohiko garraio publikoa egokitu egin beharko da, sare osagarria izateko, sare lehiakidea izan beharrean".

Lehen saioaren inaugurazio ekitaldian, Iñaki Arriolak, Garraio Sailburuak, gogoratu du "azpiegitura honen eraikuntza erronka dela gizartearen, ekonomiaren eta teknikaren ikuspegietatik, eta erronka hori gainditzeko prest gaude. Beti ere adostasunean oinarrituz eta eztabaidarako eta gogoetarako jarrera irekia izanik, guztion artean metrorik hoberena egiteko".

Arriolak azpimarratu du, berriro ere, Donostialdeko Metroa atzera bueltarik ez duen proiektua dela. Aldi berean, informazio azterlanaren garapenari buruzko zenbait aurrerapauso azaldu ditu.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak, Irun erdialdea zeharkatuko duen eta lur azpitik joango den 3,5 kilometroko saihesbidea eraikitzea aurreikusten du. Saihesbide horrek bi geltoki izango lituzke (Colon Pasealekua eta Mendelu auzoa) eta ondoren Aireportura eta Hondarribira jarraituko luke. Ficobara eta Hendaiara daraman adarrari eutsiko litzaioke.

Planek eragin positiboa dute baita Errenterian ere. Proiektuaren arabera, egungo trazatuaren ordez, lur azpiko 2 kilometroko saihesbidea egingo litzateke. Lur azpian bi geltoki egongo lirateke, Galtzarabordan eta Errenterian

Lasarteri dagokionez, azterlanaren arabera, egungo geltokia lur azpian sartuko litzateke, eta linea Oriaraino luzatuko litzateke (1,3 km.), bertan beste geltoki bat eraikitzeko.

Hiru udalerri horietako alkateek, José Antonio Santanok (Irun), Juan Carlos Merinok (Errenteria) eta Jesús María Zaballosek (Lasarte Oria), oso era positiboan baloratu dituzte proposamen horiek, César Gimenok, ETS-ko Presidenteorde Betearazleak moderatu duen mahainguruan.

Santanok esan duenez, Irunerako aurkeztu duen planteamenduari esker, bertako biztanleen ehuneko 80ak metro geltoki bat izango du bere etxetik 600 metro baino gutxiagora: "Irunen garraio asko ditugu, baina maiztasunak eta irisgarritasuna ez dira egokiak. Eusko Jaurlaritzaren proposamena, errealitate bilakatzea nahiko genukeen ametsa da".

Errenteriako alkateari dagokionez, "zaila da hau bezalako proiektu batekin ados ez egotea, izan ere, gure hiria banatzen duen hirigintza hesi handia desagertu egingo litzateke". Jesús María Zaballosi dagokionez, oso pozik agertu da, "Lasarte Orian bizi diren pertsona gehienak Donostiara edo beste toki batzuetara joaten baitira lanean, eta, ondorioz, gaurkoa oso albiste pozgarria da".

Bihar, ostiralean, burutuko da foro honetako bigarren jardunaldia. Lehen saioa, Renneseko metroaren esperientziari buruzko hitzaldia izango da, Donostialdeko metro proiektuaren ispilu gisa, eta hizlariak Frantziako hiri horretako lur azpiko metroaren arduradunak izango dira. Jardunaldiei amaiera emateko, Odon Elorzak, Donostiako alkateak, eta Ernesto Gascok, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuordeak, hartuko dute parte.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)