Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Gemma Zabaleta: “diru-sarrerak bermatzeko errentaren jasotzaileen herenek enplegurantz bideratu eta gizarte bazterkeria saihesteko baldintzak betetzen dituzte”

2009.eko azaroak 25

Betikolan programak prestakuntza eta enplegua emango die diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten 390 pertsonari


Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak lankidetza-protokoloa sinatu du gaur Bilbon, Betikolan programa garatzeko hautatu diren Autonomia Erkidegoko 30 udalekin. Proiektu esperimental eta berria da, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten 390 pertsonari prestakuntza eta enplegua emateko helburua duena. Euskalduna Jauregian izandako protokoloaren sinaduran sailburuak azpimarratu duenez, "ekimen honen jatorria euskal erakundeek krisiari aurre egiteko hartu duten erabaki irmoan dago; izan ere, gizarte-babeseko sistemarik onena lanpostu bat da".

Langabezian eta gizartean baztertuta geratzeko arriskuan daudenen prestakuntza lan merkatura sartzeko tresnarik onena da, eta horixe da, hain zuzen ere, gizarte babeseko sistemarik onena. "Ekimen honetan udalek funtsezko zeregina dute", azpimarratu du sailburuak. "Herritarra gertuen daukan erakundeak dira, eta ahalegin handia egiten dute gizarte kohesioaren alde". Betikolanen xedea 390 langabeturi adinekoen eta mendekoen zaintzaren arloan gaikuntza eta prestakuntza ematea da, etorkizunean lan-aukera handia izango duen esparrua baita. Bi giza talde horien zaintza gero eta garrantzi handiagoa duen lan-sektorea da. "Betikolan, beraz, aukera bat da, eta enplegu eta gizarteratzearekin hartzen dugun konpromisoa", adierazi du Zabaletak.

Urte honetako hirugarren hiruhilekoari buruzko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuek adierazten dutenez, 120.200 langabetu daude Euskadin, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 10.000 gehiago. Horrela, langabezia-tasa % 11,5era iritsi da jada, eta horrek argi uzten du benetako erronka enpleguan dagoela. "Inolako zalantzarik gabe, enplegua da gure gizartean txertatzeko baliabide nagusia. Horrez gain, orain arte egindako azterlanek erakusten digutenez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren hartzaileen herenek (50.000 pertsonatik gora) enplegurantz bideratzeko eta gizarte-bazterkeria saihesteko baldintzak betetzen dituzte", gogorarazi du sailburuak.

Esperientzian parte hartuko duten 30 udalak irizpide sozio-ekonomiko eta demografikoen arabera hautatu dira. Udaletako oinarrizko gizarte-zerbizuek eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lankidetzan jardun dute bost hilabete inguru iraungo duen prestakuntza ikastaroa jasoko duten 390 izangaiak hautatzeko. Ondoren, horietako 300ek sei hilabeteko kontratu bat lortuko dute. Gainerako 90ak erreserbako zerrenda batean geratuko dira, kontratatutakoen artean sortu litezkeen bajak betetzeko. Prozesu osoan zehar, gizarte- eta hezkuntza-laguntza emango dien pertsona bat izango dute alboan programako parte-hartzaileek.

"Gure lan-ildoa", esan du sailburuak, "Europako gizarteratze aktiboko politiken ildoan dago, eta pertsonei diru-sarreren bermea, enplegurako sarbidea eta gizarte-arloko lagun egitea ematearen arteko sinergia bilatzen du. Horiexek dira gizarteratze-prozesuen hiru giltzarriak".

Esperientzian ondoko 30 udalak ari dira parte hartzen: Güeñes, Laudio, Portugalete, Barakaldo, Santurtzi, Oarsoaldeko Mankomunitatea, Zalla, Bilbao, Vitoria-Gasteiz, Basauri, Amurrio, Amorebieta, Ermua, Sestao, Trapagaran, Eibar, Lasarte, Irun, Erandio, Getxo, Mungia, Donostia, Agurain, Arrigorriaga, Leioa, Lea Artibaiko Mankomunitatea, Bermeo, Durango, Galdakao eta Balmaseda

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejera