Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

26 milioi teknologia-oinarriko eteei eta berritzaileei zuzendutako gauzatu-industria programarako. (2011-03-08(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko martxoak 08

Erabakia, teknologia-oinarriko ETEak edota berritzaileak sortu eta garatzen laguntzeko Gauzatu-Industria programa 2011an finantzatzeko 5.000.000 eurotik gorako gasturako baimena ematekoa.

Jaurlaritzaren Kontseiluak 26 milioi euroko finantzazioa onartu du gaur aurtengo -2011. urteko- Gauzatu-Industria programarako, teknologia-oinarriko ETEak edota berritzaileak sortu eta garatzen laguntzeko programarako, alegia. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak aplikatzen ditu laguntza horiek, eta horien bidez, aurrerakin itzulgarriak ematen dira gutxienez 120.000 euroko inbertsioa egiten duten proiektuetarako, betiere gutxienez hiru enplegu sortzen badituzte 36 hilabeteko epean.

Honako enpresa txiki eta ertain hauek jaso dezakete laguntza: erauzketako industria-enpresek, eraldaketa eta produkziokoek, aurrekoei loturiko zerbitzu teknikoetakoek (denak ere produktu-prozesuari lotuak), eta informazioaren eta komunikazioaren gizartearen arlokoek. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarekoak diren teknologia-ikerketako erakundeak ezin dira laguntzen onuradun izan.

Jaurlaritzaren laguntza ETEek egindako inbertsioarekiko proportzionala da, eta inbertsio lagungarriaren % 35erainokoa izan daiteke, betiere honako muga hauekin: sortutako enplegu bakoitzeko 120.000 euro, eta gehienez ere, 1,5 milioi euro. Aurrerakinak bost urteko epean itzuli beharko dira.

Eusko Jaurlaritzaren industria-politikaren barruan bilduta dago Gauzatu-Industria programa, eta bereziki 2010-2013 Enpresen Lehiakortasun Planak ezarritako ildoen barruan.

10.268 enplegu sortu dira 2000. urteaz geroztik

Aurreikuspenen arabera, teknologia-oinarriko proiektuei eta berritzaileei dagokienez, Gauzatu-Industria programaren bidez 50 proiektu lagunduko dira 2011. urtean, 100 milioi euroko eragindako inbertsioa eginez eta 500 lanpostu sortuz.

2000. urtean programa abiarazi zenetik, 800 proiektu lagundu dira, 1.495 milioi euroko uneko inbertsioa egin da eta 10.268 lanpostu sortu dira. Aurrerakinak, guztira, 317 milioi euro izan dira.

Eskaerak aurkezteko epea EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta horretarako kreditua lehenago agortzen ez bada, 2011ko maiatzaren 13an amaituko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan