Berriak Osasuna
Eu

Beste legionela kasu bi Vitoria-Gasteizen

2019.eko otsailak 25

Guztira 9 legionela-kasu identifikatu dira, urtarriletik, eta horietako bat ospitaleratuta dago eta eboluzio ona du

 

Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak protokoloa martxan du, Vitoria-Gasteizen legionelosi kasuen fokua antzemateko. Beste legionelosi kasu bi egiaztatu dira azken asteetan eta, horrela, urtarriletik egiaztatu diren beste zazpiekin batera, bederatzi dira, guztira, gaur arte. Pertsona horietako bat baino ez dago ospitale-zentro batean ospitaleratuta, baina bere eboluzioa positiboa da; gainerakoei alta eman diete.

Ingurumen-ikerketak jarraitzen du kasuen fokua antzemateko. Pasa den astean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Vitoria-Gasteizko Udalak prebentzio-neurri berriak hartu zituzten. Lagin berriak hartu ziren eta hiriko hozte-dorre guztiak desinfektatu ziren.

Hau dela eta, kontrol analitikoetan Legionellaren presentzia detektatu da Gasteizko ingurunean kokatutako hiru hozte-dorretan, eta, dagoeneko garbitu eta desinfektatu dira, aurretik esan dugunez. Ondoren segimendua egingo da, bakterioaren presentzia detektatzen ez dela ziurtatzeko, eta detektatutako bakterioa kutsatutako pertsonetan aurkitu denarekin bat egiten duen jakiteko.

Legionella bakterioa nagusiki ur beroko sistemetan dago, besteak beste, dutxetan, edo aire girotuko edo industria-zirkuituetako sistemen hozte-dorreetan. Infekzio hori ez dio pertsona batek beste bati transmititzen, baizik eta aire bidez, bakterioarekin kutsatuta dauden aerosolak arnastuta.

Inkubazio-aldia 2 eta 10 egun bitartekoa da, baina, agerraldi batzuetan, 14 egun arteko inkubazio-aldiak izan dituzten kasuak deskribatu dira. 2018an, Euskadin bakterio horren eraginpean 118 pertsona izan direla egiaztatu da, alegia, intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 5ekoa izan da. Lurraldeen arabera, Araban 18 kasu erregistratu ziren, Gipuzkoan 54 eta Bizkaian 46.

Osasun Sailak eta Osakidetzak egoera horren bilakaeraren berri emango dute, bestelako neurririk hartu behar bada.

 

 

Gasteiz, 2019ko otsailaren 25a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau