Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak nabarmendu du klima-aldaketaren joera aldatzea konpromiso partekatua eta premiazkoa dela

2019.eko martxoak 06
  • Iñigo Urkulluk gogorarazi du Euskadik aspaldi hartu zuela berotze globalaren arazoaren kontzientzia
  • Lehendakariak esan du Eusko Jaurlaritzak ingurumenarekin, alegia gizateriarentzako ondasun erkidearekin duen konpromisoa irmoa eta segurua dela
  • Eusko Jaurlaritzak 2020rako berotegi-efektuko gasen emisioa % 20 murriztea lehenesten du

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarekin batera, Change the Change klima-aldaketari buruzko nazioarteko konferentzian izan da.

Ekitaldia gaur goizean izan da, Kursaal jauregian, Donostian; bertan, Pedro Sánchez Gobernuko presidentea, Teresa Ribera Trantsizio Energetikoko ministroa, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburua, Sonia Pérez Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua eta Mª Jesús San José Lan eta Justiziako sailburua, Jesús Loza Gobernuak Euskadin duen ordezkaria, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea ere izan dira.

Lehendakariak nabarmendu du klima-aldaketaren joera aldatzea konpromiso partekatua eta premiazkoa dela. “Gure misioa aldaketa aldatzea da”, esan du. Hori horrela, Lehendakariak nabarmendu du Euskadiren apustua irmoa dela eta gizarte- eta ekonomia-eragileen arteko eta lurralde guztien arteko lankidetza publiko-pribatuan gauzatzen dela. “Arazoa globala da, eta gure erantzunak integrala izan behar du”, esan du.

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, bestalde, klima-aldaketa zientzialariek eta naturalistek eginiko hipotesia izateari utzi eta ebidentzia bilakatu dela nabarmendu du. Testuinguru horretan, Arriolak nabarmendu du arduragabeak izango ginatekeela gure bizi-eredua atmosferan eta planetako ekosistemetan ekartzen ari den ondorioei entzungor egin eta horren inguruan ezer egingo ez bagenu. “Azken batean, aldaketa aldatzea da helburua, bai eta hura eragiten duten jokabideak ere”, esan du.

Era berean, Iñigo Urkullu Lehendakariak Change the Change klima-aldaketari buruzko nazioarteko konferentziaren erronka eta asmoa nabarmendu ditu: erronka “globala”ren aurrean gizarte-kontzientzian aurrera egitea. Alegia, pertsona guzti-guztiek jakin dezaten beren tokiko ekarpena egin dezaketela, klima-aldaketa eten eta jasangarritasun globala hobetzeko. “Tokiko ekarpen gehiago jasangarritasun global gehiago da”, esan du.

Lehendakariak azaldu du nahiz eta Euskadi herrialde txikia izan eta emisio globaletan oso pisu txikia izan, aspaldi hartu zuela berotze globalaren arazoaren kontzientzia. “Aitzindari izan nahi dugu konponbidean”, esan du. Jarduteko adibide gisa, Lehendakariak Klima 2050 Klima Aldaketaren Estrategia aipatu du. Horrela, Eusko Jaurlaritzak herrialdeko 15 helburu lehenesten dituela esan du eta horietako bat 2020rako berotegi-efektuko gasen emisioa % 20 murriztea dela.

Lehendakariak esan du Eusko Jaurlaritzak ingurumenarekin, alegia gizateriarentzako ondasun erkidearekin duen konpromisoa irmoa eta segurua dela. “Gaur aurrerapausoa eman dugu belaunaldi berriei etorkizun hobea uzteko asmoarekin”, esan du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak