Eu

Marcos Muro: “IV. Gazte Planak Eusko Jaurlaritzaren neurriak biltzen ditu gazteriaren egoera hobetzeko”

2019.eko martxoak 11
  • 212 ekintza eta 252 milioi euroko aurrekontua.
  • Emantzipazioa eta Autonomia, Ongizatea eta Bizitza Osasungarria, Berdintasuna eta Gizarte Inklusioa, Partaidetza eta Konpromiso Soziala, eta Sozializazioa.

 

VG 2919-03-11

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuorde Marcos Muro´k gaur aurkeztu du Legebiltzarreko Batzordean Eusko Jaurlaritzako IV Gazte Planaren 2019 ekitaldia; 212 ekintza biltzen ditu eta 252 milioi euroko aurrekontua du. Gazteriako zuzendari Ander Añibarrorekin batera, IV. Gazte Planaren barruan martxan jarritako ekintzak aurkeztu ditu Murok eta adierazi duenez “Gazte Planaren helburua da Eusko Jaurlaritzaren hainbat neurri bilduko dituen tresna bihurtzea 2018-2021 aldian Euskadiko gazteriaren egoera hobetzeko”.

 

Marcos Murok ardatz hauek aipatu ditu: “Emantzipazioa eta Autonomia, guztira 124 ekintzekin eta 150.957.989 €-ko aurrekontuarekin; Ongizatea eta Bizitza Osasungarria, 23 ekintzekin eta 2.657.756 €-rekin; Berdintasuna eta Gizarte Inklusioa, 20 ekintzekin eta 92.948.714 €-rekin; Partaidetza eta Konpromiso Soziala, 16 ekintzekin eta 1.741.978 €-rekin eta, azken ardatza, Sozializazioa, 29 ekintzekin eta 3.977.491 €-ko aurrekontuarekin”.

 

“Plan honek Emantzipazioa eta Autonomia du funtsezko oinarritzat; 71 ekimen ditu aurreikusita Enpleguan, horietako batzuk Enpleguaren Plan Estrategikoari lotuak, bereziki Gazteen Enpleguaren Sustapenari” azaldu du Murok.

 

Garatzen diren ekintzak honela gauzatzen dira: Hezkuntza-mundutik lan-mundurako Trantsizio Bekak, azkeneko kurtsoko 1.600 ikaslerentzat; Lehen Aukera programa, euskal enpresek gazte langabeak kontratatzeko; “Global Training” bekak 400 gaztek beste herrialde batzuetako enpresetan eta erakundeetan praktikak egiteko; gazteen kontratazio-programak tokiko erakundeen aldetik, gazte-enpleguaren plan operatibotik eratorriak; Errelebo kontratuak; orientazioa eta laguntza enpleguan; laguntzak ekintzailetzari; eta ekintzailetzarako bekak LHko eta Unibertsitateko ikasleentzat:

 

Etxebizitzaren arloan, Gaztelagun programak ahalbidetu egiten du etxebizitzarako sarbidea dirulaguntzen bitartez, eta 2019rako 5.000.000 € bideratuko dira 2.500 gazte izan daitezen onuradun. Gazteentzako etxebizitzarako sarbidea bultzatzeko 21.715.500 € bideratuko dira, etxebizitza berriak alokatuz, zuzkidura-bizitokien edo bitartekaritza-programen bitartez.

 

Bultzada

Hezkuntzaren eremuan, honako hauek planteatu dira: Gazteak Berdintasunean 2.0 ekimenak; Eskola Agenda 21; Euskal Girotze Barnetegiak; Ulibarri programa euskara bultzatu eta indartzeko; Erasmus+ programa gazteen mugikortasuna bultzatzeko; hizkuntzak atzerrian ikasteko bekak; eta hezkuntzarako sarbidea errazteko beketarako bideratuko diren 26.000.000 €-ak.

 

Murok azaldu duenez, “Gazte Planaren bigarren ardatza, gazteen Ongizatea eta Bizitza Osasungarria, osasunaren arloan oinarritzen da, hauekin lotutako ekintzekin: Mugiment programa, GIB/hies, STI (sexu-transmisiozko infekzioak) eta nahi gabeko haurdunaldia prebenitzeko programak, eskolatutako nerabeei ikasgeletan zuzenduak; “adingabeak eta alkohola” eta “Kerik Gabeko Gazteak” programak, eta bide-arriskua berekin dakartzaten portaerei eta ondorioei buruzko kanpainak. Ekintza horiek, beste askoren artean, gazteriaren osasuna hobetzea eta arrisku-portaera jakin batzuk prebenitzea dute helburu”.

 

Berdintasunaren eta Gizarte Inklusioaren eremuan, Murok nabarmendu duenez, “lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko familiei zuzendutako laguntzak, ia 35 milioi euroko aurrekontuarekin; haurrei eta nerabeei laguntzeko Zeuk Esan zerbitzua, telefono bidezkoa edo telematikoa; Beldur Barik kanpaina, Gizonduz programa; Dirusarrerak Bermatzeko Errenta, baita Etxebizitza Prestazio Osagarria ere titular direnentzat, 30 urtetik behera dituztenean”.

 

Partaidetzak eta Konpromiso Sozialak, gazteen elkarteetako jardueretarako dirulaguntzak ez ezik, hauek ere ezartzen dituzte: gazteriaren eremuan boluntariotza eta lankidetza bultzatzeko zenbait programa, besteren artean, Nazioarteko Boluntariotza Eremuak edo Euskadiko Gazteak Lankidetzan; Euskadiko Gazteen Kontseiluaren finantzaketa eta haiekin lankidetza, eta jasangarritasunaren eremuko prestakuntza-tailer espezializatuak eta garraio-txartela programak.

 

Marcos Muro sailburuordeak nabarmendutako azkeneko ardatza sozializazioa da eta, besteren artean, ekintza hauek garatzen ditu: Kimua programak, film laburrak ezagutzera emateko; Euskadiko Gazte Orkestrarekin eta ABAOrekin lotutako ekintza; Gazte Mundu programa; kirol-jokoen antolamendua eskola- eta unibertsitate-mailan; BAT Basque Team fundazioaren programa, eta aisiaren eremuan euskara bultzatzeko hainbat programa.

 

Plan honek zeharkako izaera du eta Eusko Jaurlaritza osoaren babesa jasotzen du. Jarduteko eremu nagusia Euskadiko gazteen emantzipazioa eta autonomia dira; ekintzen % 38 biltzen dute eta urteko ekintza-plan honetarako bideratutako guztizko aurrekontuaren % 60 eremu honetara zuzentzen da” azpimarratu du Marcos Murok.

 

Urteko programazioak dakartzan berrikuntzek 38 neurri biltzen dituzte, besteren artean: “Gizonok esan eta egin” kanpaina, Emakundek martxan jarria; Gobernu Irekian, Gardentasunean eta Herritarren Partaidetzan espezializatzeko Bekak, Gobernu Irekiak martxan jarriak; prestakuntza-ekintzak kontratazio-konpromisoarekin; enplegua sustatzeko tokiko ekintzak; hezkuntzara edota laneko prestakuntzara itzultzeko kontratua, 30 urtetik beherakoentzat; kualifikazio-maila baxuko gazteentzako prestakuntza; gazteriaren eremuko profesionalentzako prestakuntza-ikastaroak; eta azterlan estatistikoak egitea eta ezagutzera ematea.

 

Bizitza independentea

Planak lankidetzan dihardu Euskadiko Soldata Arraila murrizteko Estrategiaren eta Ekintza Plan Operatiboaren ikuspegiarekin. Euskadiko IV. Gazte Plana Eusko Jaurlaritzak gazteriarekin hartua duen konpromisoaren eta horri lotutako ekintzen jarraipena da eta, batez ere, gazteen emantzipazioa lortzeko egindako lana nabarmentzen da, oinarria baita haiek bizi-proiektu independente bat eraiki eta garatu ahal izateko. 2018ko urtarrilaren 1ean, Euskadiko populazioa 2.180.449 pertsonak osatzen zuten, eta horietatik 287.274 gazteak dira (% 13,2).

 

Enpleguaren eremuan, 2018an, 16 eta 29 urte bitarteko pertsonen % 47,7 lanean ari dira edo lan egiteko prest daude, eta Euskadiko gazteen enplegu-tasa, 2018an, % 40,3koa da, Biztanleria Jardueraren araberako Inkestako datuen arabera. Nabarmentzekoa da enplegu-tasa, 16 eta 29 urte bitartean, oso antzekoa dela emakumeen eta gizonen artean; % 40,2koa eta % 40,4koa, hurrenez hurren.

 

Lanean txertatzeari dagokionez, lanbide-heziketa ziklo bat amaitutako pertsonetatik % 78,7 daude lan-munduan txertatuta, eta unibertsitateko gradu bat amaitutako pertsonetatik, berriz, % 74,3.

 

Azken urteotan behera egin du gazteen langabezia-tasak: 2018. urtea % 16,1eko tasarekin itxi da; emakumeen kasuan % 13,6koa eta gizonen kasuan % 18,2koa. Gazteen langabezia-tasa, estatu mailan, % 25,1ekoa da, bederatzi puntu handiagoa Euskadikoaren aldean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak