Eu

Kooperatiben etorkizuneko legean Euskadiko kooperatiba-sektore osoarekin lortutako adostasun eta babes bera lortzeko eskatu die San Josék euskal legebiltzarkideei.

2019.eko martxoak 11

Euskadiko Kooperatiben Legearen Proiektua Eusko Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordeari aurkeztean, María Jesús San Josék adierazi du espero duela Eusko Legebiltzarreko taldeek etorkizuneko legearen testua erabat babesten duen euskal kooperatiba-sektore osoarekin lortutakoa bezain adostasun zabala lor dezaten.

“Kooperatiba-sektorearen zerbitzurako tresna bat nahi genuen –azaldu du San Josék–, eta kooperatibak inplikatzeko eta haiekin batera ordezkatuta sentiaraziko zituzten eta propiotzat hartuko zuten lege-proiektu bat lantzeko ahalegina egin genuen. Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua funtsezko solaskidea izan da, kooperatiba mota guztietako ordezkarien laguntza izan dugu, eta guztien babesa lortu dugu”.

Lan eta Justiziako sailburuak adierazi duenez, euskal kooperatiben errealitatera eta ahalmenera egokitutako arau-esparru berri bat da, eta kooperatiben jarduerari estaldura juridikoa eta egonkortasuna emateaz gain, haien etorkizuneko garapena bultzatzea eta haien ezaugarri bereizgarriak sendotzea ahalbidetzen du. “Helburua –gaineratu du– kooperatiben izaera sozial aurreratua eta etengabe bilakatzen ari den enpresa-merkatu globalaren barruan baldintza berdinetan lehiatzeko erronka uztartzeko tresna baliagarri bat eskuragarri izatea da”.

Euskadin, gaur egun, 1.629 kooperatiba ditugu, eta 60.066 pertsonak lan egiten dute bertan, hau da, landunen % 6 inguruk. Sektorea nazioarteko erreferentzia da Ekonomia Sozialaren garapenean eta ezarpenean, eta, haren garrantzia agerian uzteko, San José sailburuak lan elkartuko kooperatiben ezarpen sendoa azpimarratu du. Izan ere, enplegu gehien eta lan-baldintzarik onenak sortzen dituztenak dira, eta euskal kooperatiba-sektorearen % 60 dira (Europar Batasunean, berriz, batezbestekoa % 20 da).

Gobernu Kontseiluak abenduaren 18an onartutako Euskadiko Kooperatiben Legearen proiektuan, ez dira aldatu sozietate bat kooperatiba gisa definitzen duten funtsezko elementuak, eta lehentasunezko helburuen artean, honako hauek ditugu: kooperatiben sozietate- eta enpresa-garapena, enplegu jasangarria eta kalitatekoa sortzeko; kooperatiba-formularen erabilera doitasunez eta zehazki arautzea; bazkideek galeren egozpenari dagokionez duten erantzukizunari lotutako segurtasun juridikoa eskaintzea; administratzaileen betebeharrak eta erantzukizuna zehaztea; egitura-aldaketak ahalbidetzea (hala nola zatiketa eta banantzea); eta kooperatibei buruzko araudia kontabilitateari eta kontu-auditoriari buruzko araudian sartutako berrikuntzetara egokitzea.

Etorkizuneko legearen testuak gobernu kooperatiboa indartzen du (arloko sozietate-zuzenbideko nobedadeen ildotik), administratzaileen erantzukizun- eta betebehar-erregimena eguneratzen du (merkataritza-eremuan duela gutxi egindako lege-aldaketen ildotik), eta, organo sozialei dagokienez, kooperatiben autoantolaketa-izaeran sakontzen du eta zenbait alderdi malgutzen ditu, hala nola Batzar Nagusia egitea edota Gizarte Kontseilua edo Zaintza Batzordea egotea.

Erregimen ekonomikoaren erregulazioari dagokionez, eta oro har, alde batetik ondare erkide kooperatiboa, haren mantentzea eta enpresa-jarraitutasuna sendotzen dira, eta, bestetik, galerak egozteko erregimena argitzen da bazkideen erantzukizunari dagokionez (horrek kooperatibaren kaudimengabeziaren kasuetan izango du eragina bereziki). Era beran, bazkideek kapital sozialari egindako ekarpenek hartzekodun pertsonalen aurrean duten izaera enbargaezina eta bazkideen ekarpenei uko egiteko aukera argitzen dira Gainera, bazkideak ez diren hirugarrenen inguruko informazio-betebeharrak areagotu dira finantza-jaulkipenetan, eta kooperatiben autokudeaketa-izaera errazten da, funtzionamendu operatiboa izan dezaten. Ildo horretan, bazkideen bajaren kasuan dirua itzultzeko irizpideak, kapital sozialaren edo jarduera kooperatibizatuaren murrizketa eta sozietate-krisiko egoera jakin batzuetan bazkide ez diren likidatzaileen figura txertatzeko aukera berrikusi dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak