Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak “Ignacio Ellacuria” saria eman dio garapenerako GKE-en koordinakundeari, garapenerako hezkuntza eta boluntariotza sustatzeko egiten duen lanagatik

2009.eko azaroak 26

Garapenerako GKEen Euskadiko Koordinakundeak "Ignacio Ellacuria" Saria jaso du gaur, Portugaleten, garapenerako lankidetzaren alorrean egin duen ibilbide emankorragatik. Sari horrekin, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, justiziaren eta herrien arteko berdintasunaren aldeko borrokan eta pobrezia gainditzeko lan solidarioan pertsonek, erakundeek eta kolektiboek egindako ekarpena azpimarratu nahi du.

Saria emateko ekitaldian Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta andreak hartu du parte, eta 1989an El Salvadorren beste bost kide jesuitarekin, laguntzaile batekin eta haren 15 urteko alabarekin batera hil zuten Portugaleteko filosofo eta teologoaren obra eta oroimena aldarrikatu ditu. "Zenbaitek esaten dute Ignacio Ellacuria ulertzeko maitasuna hitza eta hortik eratortzen diren elkartasuna eta justizia hitzak ulertu behar direla. Edonola ere, inork zalantzan jartzen ez duena da bere pentsamoldearen onestasuna eta bere salaketaren zintzotasuna. Eta onartu behar dut nolabait ere bere mezua gureganatu nahi izan dugula".

"Gizarte honetan gauza gehiegi daude oker, eta desberdintasun handiak egon arren, eta ahulenak bereziki ukitzen dituen krisia egon arren, oparotasunaren gizartea bezala portatzen jarraitzen du", azpimarratu du sailburuak.

Euskal gizarteak garapenerako lankidetzarekin duen konpromiso tradizionala azpimarratu du, Estatuan aitzindaria baita. Gaur egun, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoa (GLSF/FOCAD) aurrekontu garbi osoaren % 0,49an dago, eta GGKEek baliabide horien % 80arekin proiektuak eta programak kudeatzen dituzte zuzenean.

Sailburuak aurreratu du 2010. urtean Lankidetzarako Euskal Agentzia martxan jarriko dela. Era berean, datorren urterako aurreikusita dago Espainiako eta Europako lankidetzaren esparruko elkarreraginak indartuko dituen "Gida Plana" lantzea. "Administrazio osoaren lankidetza solidariorako gero eta zuzenagoa den ahalmena indartuko dugu, sektore publikoak une honetan gobernuz kanpoko erakundeengandik duen gehiegizko mendetasuna gaindituz".

Azkenik, Gemma Zabaletak eskerrak eman dizkio GGKEen Euskadiko Koordinakundeari, garapenerako hezkuntza eta boluntariotza sustatzeko egin dituen jardunengatik. "Koordinakundean ia 80 Euskal GKEetako bakoitzaren lana aintzat hartzen dugu, guztiek gizarte-lan garrantzitsua egiten baitute. Hortxe ditugu obreziaren aurkako kanpaina garrantzitsuak, hezkuntzaren berdintasunaren edota garapen orekatu baten aldeko kanpainak, edo emakumearenganako indarkeria desagertzeko lana", amaitu du Zabaletak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejera