Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak, asteazken honetan, Kolonbian bakea ezartzeko Europako funtsaren proiektu bat nazioartean zabaltzeko ekitaldian parte hartu du

2019.eko martxoak 11
  • Proiektuaren helburua da FARCen borrokalari ohiak gizartean eta ekonomian txertatzeko eta gatazkaren ondorioz zigortuenak izan diren zonak garatzeko lankidetza-proiektuak sustatzea
  • EBren, Kolonbiako Gobernuaren, AECIDen, Eusko Jaurlaritzaren, Ecomunen, Agirre Lehendakaria Centerren eta LKS-Alecopen arteko lankidetzan garatuko da
  • Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia izango da Eusko Jaurlaritzaren ordezkari

Kolombiako Gobernuak, Emilio Archila Egonkortzerako eta Finkapenerako kontseilari presidentzialaren bidez, eta Europar Batasunak, Patricia Llombart Kolonbian duen enbaxadorearen bidez, asteazken honetarako, hilaren 13rako, “Ekonomia Solidarioaren Erkidegoak. ECOMUN eta bere kooperatibak sendotzea” proiektua nazioartean zabaltzeko ekitaldia deitu dute. Ekitaldian Eusko Jaurlaritzak hartuko du parte eta  Mutatako (Antioquia) NARen (Nueva Area de Reincorporación) izango da.

Eusko Jaurlaritzak Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia eta Rafael Kutz Euskadik Txilen, Perun eta Kolonbian duen ordezkaria izango ditu ordezkari. Gainera, ordezkaritzak Agirre Lehendakaria Centerreko eta LKS-Alecopeko ordezkariak izango ditu.

Proiektu horrek 9,5 milioi euroko aurrekontua izango du, eta helburu du lankidetzako proiektu produktiboak sustatzea, FARCeko borrokalari ohiak gizarteratu eta laneratzeko eta gizartean eta lanean integratzeko eta gatazkaren ondorioz zigortuenak izan diren zonak garatzeko bide ematea eta bermatzea.

Proiektu hori La Habanan sinatutako bake-akordioaren emaitzetako bat da; bertan, Kolonbiako Gobernuak eta FARC‐EPko borrokalari ohiak eratutako partaidetza-espazioa sortu zen. Espazio horretan gizarteratzeko eta laneratzeko politika berria diseinatzea aurreikusten zen, eta Europar Batasunak babesa ematea erabaki zuen, Bakerako Europako Funtsaren bidez.

Proiektu horren garapena lankidetza-esparru batean islatuko da eta, bertan, EBk, Kolonbiako Gobernuak, AECIDEK, Eusko Jaurlaritzak, Ecomuneko kooperatibek, Agirre Lehendakaria Centerrek (ALC) eta LKS-Alecopek parte hartuko dute. Euskal gizarteak eta bere erakundeek bakearekin eta Kolonbiaren garapenarekin duten konpromiso solidarioak eta Euskadiko lankidetza-esperientzia zabalak eginkizun garrantzitsua izan dute aliantza horren eraketan eta ekimen horren sustapenean.

Proiektu hori aurkezteko eta abiarazteko ekitaldia Mutatako (Antioquia) NARen (Nueva Area de Reincorporación) izango da, eta, bertan, Kolonbiako Gobernuak, Agencia para la Reincorporación y la Normalización-ek (ARN), Europar Batasunak (EB), Espainiak Kolonbian duen enbaxadak, Eusko Jaurlaritzak eta ECOMUN – Economías Sociales del Comúnek (FARCeko borrokalari ohien kooperatiba) izango dute ordezkaritza. Gainera, ekitaldian Erdialdeko eta Hegoaldeko Amerikako herrialdeen ordezkaritza diplomatiko zabala izango da, bai eta Europako herrialdeena ere.

Eusko Jaurlaritzak Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia eta Rafael Kutz Euskadik Txilen, Perun eta Kolonbian duen ordezkaria izango ditu ordezkari. Gainera, ordezkaritzak Agirre Lehendakaria Centerreko eta LKS-Alecopeko ordezkariak izango ditu.

Ekitaldian honako hauek hitz egitea aurreikusten da, besteak beste: Emilio Archila Kolonbiako Gobernuaren izenean, Patricia Llombart EBk Kolonbian duen enbaxadorea, Luis Pérez Rodríguez Antioquíako gobernatzailea, Pablo Gómez de Olea Espainiako enbaxadorea, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren izenean eta ECOMUNeko eta CNR-FARCeko ordezkariak.

“Ekonomia Solidarioaren Erkidegoak. ECOMUN eta bere kooperatibak sendotzea” proiektua 

Proiektuak hiru ekintza-ildo ezartzen ditu eta, horien bidez, borrokalari ohiak gizartean eta ekonomian txertatzeko prozesuei bide eman eta erreparaziorako eta adiskidetzeko espazioak sortu nahi dira:

  1. ECOMUN eta bere elkarte-moduak erakunde aldetik sendotzea, ekintzailetza ekonomiko jasangarriak garatuko dituzten ekonomia solidarioko erakunde izateko.
  2. Lurralde-garapeneko esperientzia pilotua ezartzea, erreparazioaren eta adiskidetzearen ikuspegitik eta, horrela, erakundeen, biktimen elkarteen, beste gizarte-eragile batzuen eta ECOMUNen (gizarte-erakunde berri gisa) parte-hartzea ziurtatzea.
  3. Arrantza-produktuetan ekoizpen-sistemak eta balio erantsikoak ezartzea eta, horrela, lotutako lan-gaitasunak sendotzea.

Bakerako Europako Funtsa

Bakerako Europako Funtsa Kolonbiako Gobernuak Gobernuaren eta FARC-EPren artean sinatutako bake-akordioa ezartzeko lanean Europar Batasunaren aldetik laguntza teknikoa eta finantzarioa jasotzeko eginiko eskaerari erantzuteko sortu zen.

Bakerako Europako Funtsak 120 milioi euro ditu, Europar Batasunaren eta bertako estatu kideen 19ren ekarpenen bidez, eta eskualdearen parte-hartzea du orain, Txilerekin. Helburuetako bat da Kolonbiari laguntza ematea gatazkaren eragin handiena jasan duten zonen landa-garapen integralerako eta borrokalari ohiak gizartean eta ekonomian berriro txertatzen laguntzeko.

Funtsaren proiektuen bidez (20 baino gehiago; gaur egun 16 departamendutako 73 udalerritan dute eragina), jarduera ekonomikoa eta produktibitatea piztea lortzen ari da, Estatuaren presentzia legitimatzailea sendotzea, gizarte-egitura berreraikitzea eta borrokalari ohiak errekonziliaziorako eta gizartean eta ekonomian berriro txertatzeko laguntza ematea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak