Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Bernabé Unda sailburuak Giraldo-ri, Basmo taldeko Francisco Ferreras jaunari eta Medical Óptica enpresari eman dizkie Merkataritzako Sariak

2009.eko azaroak 26

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda jaunak Euskal Merkataritzako sariak banatu ditu gaur, ostegunean; sari horiek ematen diren hirugarren urtea dugu.

Euskadiko merkataritza-sektorearen ordezkari ugari bertaratu dira Lehendakaritzan egin den ekitaldi horretara, eta hiru enpresa saritu dira beste hainbeste kategoriatan: Francisco Ferreras, Basmo Taldekoa (ibilbide profesionala), Medical Óptica (enpresa-berrikuntza) eta Bacalao Giraldo (enpresen arteko lankidetza).


Bacalao Giraldo (enpresen arteko lankidetza)

Epaimahaiak egiaztatu duenez, enpresa-lankidetza estrategia erabakigarria izan da enpresa horren negozioaren iraupen, garapen eta arrakastarako, eta horretaz gain, "tokiko saltoki txiki bat nazioarteko presentzia duen enpresa bilakatu izana" balioetsi du epaimahaiak. Epaimahaiak adierazi duenez, "enpresa-lankidetza faktore erabakigarria izan da bilakaera horretan". Giraldo enpresak Araban du egoitza, eta bakailao gezatua egiten eta saltzen dihardu. 68 enplegatuk egiten dute lan enpresa horretan, eta Gasteizen hiru saltokiz gain, Legution lantegi bat du.

70eko hamarkadan, Giraldo familiak Gasteizko Basoa kalean zeraman elikagai-saltegia eraldatzeko erabakia hartu zuen, eta espezializatzea erabaki zuen. Bakailaoaren mundua aukeratu zuen, eta horrela, hurrengo hamarkadan bakailao gezatua saltzen hasi zen; jauzi kualitatiboa izan zen hura, bezeroen erosotasunaren mesederako. Produktu horrek harrena handia izan zuen. 90eko hamarkadan egin zuen behin betiko urratsa, produktua esportatzen hasi zenean, horren eraginez, enpresa nabarmen hazi baitzen. Giraldo estatuko nahiz atzerriko 50 banatzailerekin baino gehiagorekin lankidetzan aritzen da; banatzaile horietako zenbaitzuk Italiakoak, Alemaniakoak, Arabiar Emirerri Batuetakoak, edo Estatu Batuetakoak dira, besteak beste.

Lanerako kemenak gastronomiarekin lotutako beste hainbat enpresa sortzera bultzatu du Giraldo familia. Gaur egun, lau konpainiak osatzen dute taldea: enpresa sortu zuen konpainia ekoizleak, hiru denda espezializatuak biltzen dituen beste batek, kolaboratzaileen sarearekin inportatzeko eta merkaturatzeko ardura duen beste batek, eta azkenik, enpresa berrienak, laugarren eta bosgarren belaunaldiko plater landuak egiteko ardura duenak, hain zuzen ere.

Produktuaren eta gastronomiaren sustapen eta zabalkundean ere parte hartzen du Giraldok. Hainbat liburu, trukuak dituzten errezetak eta DVD bat egiteko prozesuan parte hartu du. Horretaz gain, azken teknologiez hornitutako sukalde-ikasgela bat ere badu, eta bertan sukaldaritza-ikastaroak ematen ditu zuzenean, sukaldaritza-teknikak hobetzera zuzenduak. Orobat, haurren artean euskal gastronomia sustatzeko Lehiaketa/Eskola ibiltari bat ere sortu du enpresa horrek haurrentzat.


Basmo-Francisco Ferreras Garmendia (ibilbidearen saria)

Epaimahaiak Basmo Taldearen sortzaile Francisco Ferreras Garmendia ere nabarmendu du, "ibilbide profesional paregabea izateagatik, eta batez ere, jardueraren garapenean erakutsitako know-how-agatik eta lurringintzaren sektorean bilakaera- eta hazkuntza-gaitasuna izateagatik". Lau enpresak osatzen dute Basmo: Basmo Decoración, Basmodec, Perfer Bat eta Suaz. Egoitza soziala Errenterian (Gipuzkoan) dago, eta hamar saltoki ditu, biltegi erregulatzaile batez gain. Guztira 75 enplegatu ditu.

Ferreras jaunak 1955an sortu zuen Exclusivas Basmo enpresa, eta hasiera batean, garbiketa-produktuak handizka banatzen lan egiten hasi zen enpresa hori. 50 urtetik gorako denbora-tartean, enpresaren neurria era produktu-eskaintza handitu egin ziren. Gaur egun, erreferente dugu enpresa hori, lurringintzaren, kosmetikaren, drogeriaren, pinturen, dekorazio-artikuluen eta osagarrien handizkako nahiz txikizkako munduan.

Gaur egunean, Basmo lineako zazpi lurrin-dendaz eta berezko hiru pintura- eta dekorazio-saltokiz gain, negozio-linea bakoitzerako biltegi erregulatzaile bat du enpresa horrek Errenterian, 2.000 metro karratukoa.

Konpainiak lokal guztiak informatizatu eta teknologia berrietara egokitu ditu. Batez ere, biltegiaren eta saltokien kudeaketaren automatizazioa da nabarmentzekoa. Horretaz gain, merkatuaren joeretara eta premietara egokitzeko gai izan da, negozio-lineak argi eta garbi bereizi baititu, eta merkatuan kokapen egokia izatea ahalbidetu dioten aliantzak bilatu baititu. Halaber, arreta berezia eskaintzen dio bere taldearen prestakuntzari.


Medical Óptica (enpresa-berrikuntza)

Enpresa horrek arrazoi honengatik lortu du saria: "negozioaren funtsezko zutabe gisa berrikuntza txertatuta duelako eta berrikuntza hori alderdi guztietan aplikatzen duelako, merkaturatzean nahiz kudeaketan, eta horregatik, sektoreko erreferente bilakatu delako". Medical Óptica enpresak Bilbon du egoitza nagusia, eta hamar saltoki dauzka (hiru Bilbon, bi Gasteizen eta bat Barakaldon, Santurtzin, Durangon, Burgosen eta Iruñean). Guztira 190 langile ditu.

Medical Óptica enpresa bereizten duen elementu berritzailea ‘vending' deritzona dugu, dituen saltokien osagarria den zerbitzu gisa eta bezeroei emateko arreta gisa. Optikaren sektoreko salmenta-bide berria dugu. Bezeroari dakarkion abantaila zera da, saltokian erosteak dituen berme berberekin eta eguneko 24 orduetan erosteko aukera ematen diola bezeroari, hain zuzen ere. Gainera, bezeroaren leialtasuna lortzen du.

Epaimahaiak beste hainbat balio ere hartu ditu kontuan, hala nola, enpresa horren saltegietan teknologia eta kudeaketa zentralizatuen erabilera-maila altua dela, ISO 9001 ziurtagiria duela, eta langileen kudeaketan berritzailea izan dela (giza taldeko langileen % 85 emakumeak dira, eta ordutegi malguak eta lana familiarekin bateragarri egiteko neurriak sustatzen ditu). Orobat, bezeroak erakartzeko estrategiak -hala nola, audiometriak eta graduazioak etxean egitea, leialtasun-txartela, laguntzak edota azoketan parte hartzea- Medical Óptica enpresak dituen aktiboetako beste batzuk ditugu.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Unda sailburua