Eu

Izaro Sub Urpeko Kirol-taldeak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Urdaibaiko itsasertza garbitzeko jardunaldia antolatu dute ekainaren 8an

2019.eko apirilak 07
  • Jardunaldi horrek Ozeanoen Munduko Egunarekin egiten du bat, eta helburua du sentsibilizatzea itsasora eramaten diren zabor- eta plastiko-kopuru handiaren gainean, itsasoko ekosistemak kutsatzen baitituzte.

 

Bermeoko Urpeko Kirol-taldeak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza  Sailak -Urdaibaiko Biosferako Erreserbaren zerbitzuaren bitartez- eta Bizkaiko Foru Aldundiak “Zero Plastiko Urdaibai” izeneko ekimena jarri dute martxan. Jardunaldi hori datorren ekainaren 8an egingo da, eta helburua da Erreserbaren itsasertza garbitzea eta bertako zaborrak jasotzea. 3.000 boluntarioren inplikazioa beharko da eta ozeanoetan eta itsasoetan plastikoarekin dagoen arazoaren gainean sentsibilizatu nahi da.

Jarduera goizean zehar egingo da, San Juan de Gaztelugatxetik Elantxobera arte doan itsasertzeko eremuan. Eremu hori 14 zatitan banatuko da, eta horietako bakoitzean kontrol-puntu bat instalatuko da, parte-hartzaileei eskularruak eta zabor-poltsak emateko. Lehorreko jarduerarekin batera, itsasoan ere zaborrak batuko dira, Izaro Sub Kirol-taldeko urpekarien eskutik eta gertuko portuetan atrakatutako itsasontzietako laguntzarekin.

Bildutako hondakin guztiak Ekoetxea Urdaibai landetara eramango dira, Eusko Jaurlaritzako ingurumen-hezkuntza zentrora, Madariaga Dorrean kokatzen dena eta Urdaibaiko Patronatuaren egoitza dena, pisatu, sailkatu eta birziklatu daitezen.

Une honetan, “Zero Plastiko Urdaibai” jardunaldiaren antolakuntza-xehetasunak ari dira ixten, eta beste entitate publiko eta pribatu batzuen parte-hartzea ari dira zehazten. Datozen asteetan, informaziorako webgune bat jarriko da martxan, jardueran parte hartu nahi duten boluntarioen datuak ere bilduko dituena, eta helburu nagusia Urdaibaiko eskualdeko biztanleak eta familiak dituena.

 

Ekainaren 8a, Ozeanoen Munduko Eguna

“Zero Plastiko Urdaibai” kanpaina Ozeanoen Munduko Egun berean egingo da, eta Ingurumenaren Munduko Eguna (ekainaren 5a) baino hiru egun geroago. Ekimen honen helburua da sentsibilizatzea zabor- eta plastiko-kopuru handiaren gainean, gehienek erabilera bakarra baitute, eta itsasertza eta itsasoko ekosistemak kutsatzen baitituzte.

Urtero, 8 milioi tona plastiko jaurtitzen dira gutxienez ozeanoetara, hau da, zabor-kamioi bat minuturo deskargatzearen baliokidea. Izan ere, itsasoak eta ozeanoak kutsatzen dituzten hondakinen % 70 honako hauek dira: dagoeneko baztertu diren arrantza-aparailuak, mikroplastikoak eta erabili eta botatzeko plastikoak, esaterako, poltsak, mahai-tresnak edo edalontziak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak