Eu

Eusko Jaurlaritzak Donostiako Alde Zaharra eta Kultura Ondasun kalifikatu dute, Monumentu Multzo kategorian (Gobernu Bilera 2019-04-16)

2019.eko apirilak 16
  • Babes dekretuan jaso denez, "arkitekturaren ikuspegitik, hirigintzarenetik eta historiaren ikuspuntutik" multzo honek balio          

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak Donostiako Alde Zaharra eta kaia Kultura Ondasun kalifikatzeko dekretua onartu du gaur, Monumentu Multzo kategorian. Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Donostiako Udalak adostu zuten gaur onartutako dokumentua, eta orain urtebete aurkeztu zuten (2018ko apirilaren 11an). Gaurko onarpenaren ostean, espedienteak alegazio epea gainditu ondoren, inguru honen babesa gauzatzen da.

Dekretuak jaso duenez, “arkitekturaren ikuspegitik, hirigintzarenetik eta historiaren ikuspuntutik multzo honek balio batzuk ditu. Kalearen trazan eta multzoaren homogeneotasunean islatzen da hori, eta azken ezaugarri honek balioa ematen die eraikinei, horietako batzuk banaka apalagoak izan ahal badira ere. Eraikuntza bikainen kalitate arkitektonikoak, ikuskera neoklasikoa duen arkitektura erresidentzialaren diseinu harmoniatsuak eta 1813 baino lehenagoko eraikinek ere kontuan hartu beharreko balioak dituzte”.

Dekretuak kalifikazio honen helburu den espazioa Monumentu Multzo gisa mugatzen du. Lau angeluko perimetro horri hiriko kaia gehitzen zaio, eta honako muga hauek ditu: Argazkilari elkartea dagoen eraikineko (San Juan kalea) hegoaldeko ertzetik Boulevarderaino; ingurune horretatik (San Juan-Boulevard ertza) lerro zuzenean kaietara; itsasotik hurbilen dagoen inguruneak muga gisa kaiak ditu, Kaiko pasealekuaren hasieraraino (lonja berriaren ondoan), Kofradia, hego-mendebaldeko kai-muturra eta Aquarium osoa; eta, azkenik, perimetroa itxi egiten da, Abadeen kaia, Urgull mendiko eskolak, zaindariaren etxea eta San Telmo Museoa barne.

Alde Zaharra eta kaia

Ondasun kalifikatu gisa babestu beharreko espazioa mugatzeko orduan, kultura-intereseko balioak hartu dira kontuan, Alde Zaharreko kontzepzio neoklasikoarekiko koherentzia, eta, era berean, kaiak Erdi Aroko hiriaren eta mendeetan zehar bertako biztanleen oinarri ekonomiko gisa duen interes nabarmena balioetsi da. Alde Zaharra eta kaia morfologikoki desberdinak badira ere, erabaki da batera kalifikatzea, elementu osagarriak partekatzen dituztelako eta elementu komunen bidez daudelako konektatuta.

Alde Zaharraren eboluzio historikotik abiatzen da dekretua, baina “aldi berean, egungo eraketa, ezaugarriak eta berezitasunak ditu kontuan”. Babes-espediente honen helburua Alde Zaharraren morfologia kontserbatzea eta, era berean, ingurune horretan bizi diren 4.000 biztanleen beharren kudeaketa malgutzea da; horien bien arteko oreka eskaintzea, alegia. Horrela, babes horrek segurtasun juridiko handiagoa eskainiko die garatzen diren jarduketei eta, aldi berean, babesaren ikuspuntutik eta herritarren erabileraren ikuspuntutik, hirigintza-jarduketa bateratua egiteko aukera emango du.

Kultura Ondarea Babesteko Eusko Jaurlaritzaren 7/1990 Legearen babesean gauzatu da Monumentu Multzoaren adierazpena. Horrela, garatzen diren hirigintza-plangintzak, gerora, kalifikazioan ezarritako araubidera egokitu beharko dira eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena izan beharko dute. Babesak, halaber, espazio publikoetan gauzatzen diren jarduketa guztiek horien hiri-izaera eta -egitura sustatuko dutela ezartzen du, eta hiri-altzariak multzoaren ingurumen-izaerarekin integratu eta bateratuko dituztela. Babes-espedienteak arautzen ditu birsortzearen, eraispenaren, erabileraren edo jardueraren gaineko aspektu guztiak. Babes honek ez du baimenduko egungo lerrokatzeen aldaketa, izan ere, hiri-bilbea da Monumentu-Multzo baten ezaugarri nagusienetako bat. Alegazio epean onartu den alegazio aipagarriena da igogailuak jartzeko aukera emango dela, baldin eta partzelen forma eta tamaina mantentzen bada.

Alde Zaharra Monumentu Multzo izendatzeko dekretuak babes-maila ezberdinak ezartzen ditu, balio arkitektonikoaren arabera. Horiek horrela, babes-maila arruntetik babes berezia izango duten ondasunak arte bereizi egiten dira. Eta guztira sei babes-maila ezarri dira: berezia, babes-ertaina, oinarrizkoa, morfologikoa, hiri-guneak eta diskordantzia (azken honek babestuko ditu inguruko eraikinen ezaugarriekin bat egiteko betebeharra betetzen ez dituzten eraikinak).

Babes-berezia izango dutenen artean, besteak beste, San Bizente eta Santa Maria elizak, San Telmo, Santa Teresa edo liburutegia daude. Babes-ertaina dutenen artean segidakoak daude: Konstituzio plazako etxe-multzoa, Antzoki Zaharra, Kaiko Ermita, Trinitate plaza, Aquarium-a edo Itsas Museoa. Azkenik, eraikin gehienek, alegia, etxebizitzak hartzen dituztenek, oinarrizko babesa izango dute, izan ere, ulertzen da arkitektura, historia eta kultura kontuan izanda ez dutela aipatutakoen hainbesteko baliorik, baina interesgarria dela banaka babestea ondare-multzo baten parte direlako. 

Dekretuak, halaber, honakoa dio: lehentasuna da kaleak oinezkoentzat izatea eta galtzadan harrizko zola mantentzea - gelditzen diren tokietan -. Era berean, azpimarratzen du plazetan dauden eraikinen, harresien, biaduktu iturrien eta monumentuen, zuhaitzen eta lorategien garrantzia.

Alde Zaharra multzo historiko artistikoa izendatzeko espedientea 1987 urteaz geroztik hasita zegoen. Donostiako Alde Zaharraren eta kaiaren babesarekin Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren helburu historikoa betetzen da. Azken urteetan Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren Hirigintza departamentuaren lanari esker ahalbidetu dekretuaren onarpena. Luis Sesé eta Maria Escalada arkitektoen laguntza ere ezinbestekoa izan da aurrera egiteko espedientearekin.

Alde Zaharrak bere jatorria du, 1813ko sutea eta suntsipenaren ondorioz planteatutako birsortzean. Ugartemendia arkitektoak hiriaren diseinu berria egin zuen eta eraikinen lerrokatzea egin zuen, hain zuzen ere, Alde Zaharraren oinarria den lerrokatzea. Babes espedienteak gogorarazten du, egungo konfigurazioan eraikinek Ugartemendiaren ordenantzei erantzuten dieten hainbat elementu mantentzen dituztelarik. Gipuzkoak sortu zuen lehen hiribildua izan zen Donostia, eta bere jatorrian dago Urgull Mendiaren azpian zegoen kokalekuak sortutako hiri-egituraren eboluzioa, ibilbide historikoagatik, ekonomikoagatik eta natura faktorerengatik baldintzatutakoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko