Berriak Lehendakaritza
Eu

70 milioi euro bideratuko ditu Gobernuak euskal familiei beren lan-bizitzarekin kontziliatzen laguntzeko

2019.eko apirilak 16

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiarekin batera.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du 35 milioi euroko gastua familia eta lan-bizitza kontziliatzeko laguntzen Programa finantzatzeko. Sailburuak azaldu duenez, hiru laguntza-lerro dira, eszedentzian dauden edo lanaldia murriztuta duten gurasoentzat, helburu hauekin: seme-alabak zaintzea edo menpekotasun-egoeran edo osasun-egoera larrian dauden senideak zaintzea. “Bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa kontziliatzea eta seme-alaben zaintzaren erantzunkidetasuna erraztea Familiei Laguntzeko Erakunde arteko IV. Plana 2022ko ardatz estrategikoetako bat da”, zehaztu du Erkorekak.

Gainera, Erkoreka jakinarazi du, Plan honen barruan, argi berdea eman dio Gobernu Kontseiluak beste 34,5 milioi euroko laguntzari seme-alaben jaiotzagatik, adopzioagaitik eta erditze edo adopzio anizkoitzagaitikErkoreka sailburuak azaldu duenez, familia errentaren arabera 400€, 500€ edo 900€-ko laguntzak izango dira. “Apurka-apurka familia proiektuak hasi eta herritarrek nahi dituzten seme-alaba kopurua izateko pertsonek dituzten zailtasunak ezabatu nahi ditugu”, esan du.

DONOSTIAKO ALDE ZAHARRA ETA KAIA

Bestalde, Erkoreka sailburuak jakinarazi duenez, “Kultura Ondasuna, Multzo Monumentala kategoriarekin” sailkatu ditu gaur Gobernu Kontseiluak Donostiako Alde Zaharra eta kaia. “Bi leku horiek balio historikoak, arkitektonikoak eta urbanistikoak dituzte, kalifikazio honekin aintzatetsi eta babesten ditugunak”, adierazi du. Josu Erkorekak adierazi duenez oreka lortzea da helburua, Donostiako Alde Zaharraren morfologia kontserbatzearen eta bertan bizi diren 4.000 pertsonen premiak kudeatzeko garaian malgutasuna mantentzearen artean. “Jarduera urbanistiko orekatu bat bideratzea da kontua, babesaren ikuspegitik ez ezik, herritarren erabileraren ikuspegitik ere”, gaineratu du. Sailburuak ziurtatu duenez, deklarazio horrek ahalbidetu egingo du oinezkoen erabilerari eta galtzada-harrizko zoladura mantentzeari lehentasuna ematea; baita eraikinek, plazek, harresiek, zubibideek, iturriek eta monumentuek duten balioa nabarmentzea, baita zuhaiztiek eta lorategiek ere.

INDUSTRIA ETA AZPIEGITURAK

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du “Gauzatu-Industria Programa” oinarri teknologikoko ETEen sorkuntza eta garapena bultzatzeko, eta 28 milioi euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak xede horretarako. Sailburuak azaldu duenez, industria finantzatzeko programa bat da; ibilbide luzea duen programa honek ETEei aurrerakin itzulgarriak ematen dizkie inbertsio nabarmenak egiten dituztenean, enplegu berria sortzen dutenean, dagoena mantentzen dutenean eta balioa eta hobekuntza lehiakorra dakartzaten proiektu berritzaileei heltzen dietenean. “Sistema industrialaren lehiakortasuna hobetzea eta enpresek egiten duten apustu teknologikoa eta berritzailea eskutik doaz”, adierazi du. Zentzu horretan, sailburuak nabarmendu duenez, finantzazio baterako sarbidea eragile bat da, ETEei haztea eta haien lehiakortasuna hobetzeko ekintzak martxan jartzea ahalbidetzen duena.

Bestalde, Tapia sailburuak jakitera eman du, Eusko Jaurlaritzak baimendu egin duela azpiegitura proiektuak hobetu eta ahalbideratzeko eta Euskadiko Azpiegitura eta Burdinbide Garraioa kudeatzeko konpromiso-kredituak sortzea, guztira 54.650.000 euroko kopuruaz. Sailburuak azaldu duenez, Kontseiluak baimena eman du konpromiso-kredituen egoera handitzea baimentzeko; era horretan, handitu egin du lau gai garrantzitsutarako baimenduen diru kopurua, bertan nabarmenduz Loiolako Erriberetako Lotunea eta BEA Autobus Elektriko Adimentsua beste udalerri batzuetara hedatzea (adibidez, Donostia eta Leioara).

TRANSFERENTZIEN BATZORDE MISTOA

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gogora ekarri du gaur arratsaldean egingo dela, bideokonferentzia bidez, Transferentzien Batzorde Mistoa, AP-68 Autobidea Euskadiri eskuordetzeko akordioa berresteko.

Erkorekak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak oso positiboki baloratu du akordio hori. “Aurrerapauso bat da Gernikako Estatutua, Autogobernu aintzatetsia, osorik betetzeko bidean”, gaineratu du. Bestalde, nabarmendu duenez, akordio horrekin behin betiko osatzen da errepideen euskal mapa. “Euskal instituzioen titulartasunekoak izango dira % 100ean”, zehaztu du. Gainera, sailburuak esan duenez, oso garrantzitsua da akordioak argi eta garbi aintzatestea Kontzertuaren harreman-eredu historiko itundua eta bilaterala.

Gai ordena

Prentsa dossierra

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak